BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Ojos del Salado, basamortuko handia

Ojos del Salado munduko basamortu idorrenetakoaren perla da.
/

Mendi batzuen izenak bereziak dira oso. Duela urte dezente, Hegoamerikako herrialde harrigarrietan murgildurik nenbilela, Atacamako desertua bisitatu nuen, bertan dauden mendiak ikusteko eta munduan dagoen sumendirik altuena igotzeko xedez. Hantxe dago Ojos del Salado izenekoa. Ez nuen mendi horretako begirik ikusi, hala ere, bertan dauden laku gatzatu urdinak espaziotik ikusiz gero, begien tankera hartuko dute seguruenik; horregatik ote?
Ojos del Salado munduko basamortu idorrenetakoaren perla da, eta ia zazpi mila metrotaraino altxatzen da. Bere gailurrerainoko bidea ez da teknikoki zaila, bai ordea malkartsu eta gogorra, bere malda pikoetan harri solte eta harea lodia zapaltzen baitituzu tai gabe. Eta oxigenoaren eskasia dago. Batzuek diote, landareditik urrun dagoen basamortua izanik, birikietarako beharrezko dugun aire oxigenatu horren presentzia, altura horri dagokiona baino txikiagoa dela. Auskalo!
Zailtasunak zailtasun, parajeak eskaintzen dituen irudiak harrigarriak dira, ia elurrik ez duten mendi altu eskuraezinez josita, eta beti polikromia ezinean.
Ohikoa da mendizaleak mendikate honi bisita bat egitea. Diodan bezala, nik aspaldian egin nuen harainoko bidea, eta basamortuaren luze-labur guztiak ikusi ahal izan nituen tontor altu honetatik.
Duela gutxi, barruko amets intimoek bultzaturik, nire lagun batzuk bertan egon dira, baina tamalez, espedizio bikaina izan zitekeena tragedia bilakatu da azkenik, espedizio-kidea zen Fernando Osa laguna alturako kanpamentu batean hil baita, birikietako edema batek jota.
Indiako Satopanth mendian ezagutu genuen elkar aspaldian. Mutil indartsua zen Fernando, beti aurretik joaten den eta urratsa zabaltzea axola ez zaion horietarikoa; lasaia, atsegina eta ahalmen fisiko handikoa. Alturan ondo moldatzen zen, besteon buruko minak pairatu gabe. Horrexegatik ikaratu gaitu bere heriotzak, horregatik gertatu zaigu ulertezin eta penagarri.
Mendiaren apetak mundu honetatik eraman du Fernando, begiak bezalako laku urdin gatzatuak ikusiko dituen zeru batera; agian bere beste mendi batzuetara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather