BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Alpinismoa

Nanga Parbat obsesio

Tomasz Mackiewiczek bost negu daramatza Nanga Parbat igo ezinik. Aurten ere saiatu da, eta 7.800 metrora iristea lortu du, baina gero, istripua izan du beheko kanpalekurako bidean.
Tomasz Mackiewicz Nanga Parbaten. /
Tomasz Mackiewicz Nanga Parbaten. / / Nanga Dream

2015-01-28 / Jakes Goikoetxea

Alpinista bat, mendi bati lotuta. Alpinista bat, urtaro bati lotuta. Alpinista bat, obsesioa sokalagun. Tomasz Mackiewicz Tomek eta Nanga Parbat (8.125 metro). Poloniarrak bosgarren negua egin du Nanga Parbaten, eta oraingoan ere ezin izan da gailurrera igo. Ia 8.000 metrora iristea lortu zuen urtarrilaren 16an —neguan lortu duen bakanetakoa da—, baina uko egin behar izan dio ametsari. Obsesioak bizirik jarraitzen du.

Oraingoan, gainera, animoan ez ezik, gorputzean ere min hartu du. Mackiewiczek eta Elisabeth Revol sokalagun frantziarrak beheko kanpalekura bueltatzea erabaki zuten 7.800 metroan zeudela, Nanga Parbateko neguko espedizioetan lortu den altuera handiena. Gailurretik gertu zeuden, baina berandu zen falta zitzaizkien bi kilometroak egiteko, eta hotz handia egiten zuen. Revolek esan du inoiz ez duela halako hotzik sentitu, eta gailurrera iristen saiatzea «garestiegi» ordain zezaketela. «Kasurik onenean, izozte batzuk».

Neguak neguago baitira zortzimilakoetan, eta negua neguago da Karakorumeko (Pakistan, Txina eta India artean) zortzimilakoetan, Nepalekoetan baino. Muturreko hotza, elurra, haizea, bakardadea, lana partekatzeko aukera gutxiago, arrakasta lortzeko aukera apurrak eta bertan geratzeko arrisku handia. Ez alferrik, Karakorumeko bost zortzimilakoetatik hiru izan dira neguan igotako azkenak, eta hamalaukoa osatzeko falta diren biak ere —Nanga Parbat eta K2— han daude.

Mackiewiczen asmoa 7.800 metrotik beheko kanpalekura jaitsi, berrindartu eta berriz ahalegintzea zen. Beheko kanpalekurako bidean, 6.500 metroan, ordea, elur zubi bat hautsi eta arrail batera erori zen. 50 metroko erorikoa. Revoli esker atera zen handik. Erorikoa izan zuten lekutik behera zeukaten kanpaleku batetik material teknikoa hartu eta lagundu zion ateratzen. Eta jaisten, Mackiewicz akituta eta zaurituta baitzegoen. Daniele Nardi espedizioaren arduradunarekin izan dituzten liskarrak txiki geratu dira istripuaren ondoren.

Poloniarrak, bide urratzaile

Mackiewiczek ez du lortu, baina poloniarrek ondo dakite zer den zortzimilakoak neguan igotzea: neguan igotako hamabi zortzimilakoetatik hamarretan poloniarrak izan ziren igotzen lehenak.

Lehena 1980an lortu zuten, Everest, Krzystof Wielickik eta Leszek Cichyk. Azkena, berriz, 2013ko martxoaren 5ean, Broad Peak (8.047 metro), lehen ahalegina egin eta 26 urtera. Broad Peakeko lorpenak loria adina tristura eragin zuen, ordea. Lau alpinistak lortu zuten gailurrera igotzea: Maciej Berbekak, Adam Bieleckik, Tomasz Kowalskik eta Artur Malekek. Jaitsieran, baina, hil egin ziren Berbeka eta Kowalski.

Neguan igotako lehen zortzimilakoaren eta azkenekoaren artean 23 urteko tartea dago. Urte horietan hutsune luze bat izan zen, hamasei urtekoa, Lhotseko igoeraren (1988ko abenduan, Wielickik) eta Shisha Pangmaren artean (2005eko urtarrilean, Piotr Morawskik eta Simone Moro italiarrak). Ez hamasei urte horietan saiatu ez zirelako, jakina.

Gainera, Polonian herrialde erronka gisa hartu dute hamalau zortzimilakoak neguan osatzea. Polish Winter Himalaism 2010-2015 proiektua sortu zuten, Kukuczka Fundazioaren —Jerzy Kukuczka alpinista handiaren omenez— eta Artur Hajzer alpinista sonatuaren zuzendaritzapean. Alpinista onenekin neguko igoerak osatu nahi dituzte hamalau zortzimilakoetan. Broad Peaken eta Gasherbrum Iean lortu dute.

Mackiewiczek, baina, proiektu instituzionaletatik eta babesle indartsuen zirkuitutik kanpo, bere kontura antolatu ditu espedizioak (bost negutatik lautan Marek Klonowski herrikidearekin). Finantzaketa kolektiboaren bidez lortu izan du dirua urtero Nanga Parbatera bueltatzeko. Alpinismo modernoak bere egin dituen zenbait erosotasuni uko ere egin die eta ez du etsitzen, bakarrik geratuta ere.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather