BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

nanga parbat

Nanga Parbat-en behe kanpalekuan

Alex Txikon, Ali ÑSadpara’ eta Muhammad Kan
Alex Txikon, Ali ÑSadpara’ eta Muhammad Kan /
Alex Txikon, Ali ÑSadpara’ eta Muhammad Kan
Alex Txikon, Ali ÑSadpara’ eta Muhammad Kan /

Lainoak, elurra, hotza eta gorakoak izaten ari dira protagonista lehenengo egun hauetan Nanga Parbat mendiko behe kanpalekuan, 4.100 metroko garaieran.

Islamabadetik urtarrilaren 20an abiatu eta Karakorum Highwaya poliziek eskoltatuta osatu ostean, Alex Txikon eta bere laguntza taldea urtarrilaren 21eko eguerdi aldera iritsi ziren Chilaas herrira, asteazkenean. Hain justu, bertan elkartu ziren Ali ‘Sadpara’ eta Muhammad Kan espediziokide pakistandarrekin. Chilaasen egindako bi eguneko geldialdiak betebehar burokratikoak kitatzeko balio izan zuen batetik (bisita turismo ordezkariari eta bisita polizia buruari), baita kargekin eta zamalariekin lotutako guztia konpontzeko, eta baita gaixotzeko ere: orduz geroztik, sabeleko minak nahiz goragaleak ez diote atsedenik eman Txikoni. Gaitzak nabarmen zaildu dio behe kanpalekura arteko hurbilpen ibilaldia, baina laster osatzea espero du. Izan ere, honako hau ez da, inondik inora, Pakistanen halako zerbait nozitzen duen lehenengo aldia, eta jakin badaki egun batzuetan garbi jan eta pazientziaz jokatzea besterik ez zaiola geratzen.

Urtarrilaren 23an ekin zioten berriro bideari, oraingoan jeepa erabilita. Chilaasetik Diamarow-raino errepidez, trekkingaren abiapuntura arte hain zuzen. Ondoren, 4-5 orduko ibilaldiak hiru egunez, Zaweri eta Cutgali herrixkak gurutzatuta 4.100 metroko garaierara heldu eta datozen bi hilabeteetan kanpaleku nagusia izango dena ezarri arte. Aurreneko egun hauetan tenperaturak gogorrak izan dira oso (gauez –15ºC inguru), baina hala ere BK honetan dena prest uzteko balio izan dute, eta lehen lan saio bat planifikatzeko ere bai.

Horrenbestez, Txikonen osasuna eta eguraldia noiz hobetuko zain dago taldea (biharko eguna oskarbi datorrela diote iragarpenek). Hala bada, I kanpalekura arte bidea zabaltzea dute buruan, etzi berriro hara itzuli eta sokak nahiz bestelako materiala bertan uzteko. Badirudi Kirshoffer bidearen alde egingo dutela apustu: "izoztuagoa eta latzagoa" dirudien arren ez da Messner bidea bezain arriskutsua elur-jauziei dagokionez.

Bestalde, gaur hilak 27 eguerdi aldera, Txikonek, Alik eta Muhammad Kanek Danielle Nardiren bisita izan dute (berari esker izan da posible e-mail bidalketa hau egitea, Txikonen taldeak ez baitu internet konexiorik izango otsailaren 1era arte). Italiarrak sabelerako botika zenbait eman dizkio Lemoakoari, eta bere asmoen berri ere bai: Mummery Ridge-tik saiakera berri bat egin nahi du, nahiz eta bakarrik dagoen Tomek poloniarrak eta Elisabeth Revol frantziarrak etxerako bidea hartu ostean. Honakoa Nardiren hirugarren negua da Diamir bailaran eta, dioenez, sekula ez ditu aurtengoak bezalako baldintza onak izan. Nardik berak (internet konexioa duenez gero) jakinarazi dio Txikonen taldeari biharko eguna oskarbi datorrela eta eguraldiak halaxe jarrai dezakeela larunbatera arte (dagoeneko antzeman daiteke hobekuntza).

Azkenik, bihar beste hiru protagonista behe kanpaleku honetara heltzea espero da. Irango hiru eskalatzaile dira eta, agentziaren bitartez jakin dugunaren arabera, Txikonek, Ali ‘Sadpara’k eta Muhammad Kanek duten asmo berbera dute haiek ere bideari eta datei dagokionean. Dena dela, goizegi da balizko lankidetzei buruz pentsatzen hasteko

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather