andeak
2015-02-11 / Unai Estala
Ameriketako mendirik altuena da; baina ez da izango, seguruenik, elurtuena, ezta berdeena ere. Bere zoru idorrak, haize bortitzak eta garaiera amaigabeak gure helmuga urrun ikustarazten zigun.
Ez da gehien gozatu dudan tontorra eta ez da gehien gozatu dudan ibilbidea ere. Altuera nahi duenak, baditu mendi garaiagoak; gogortasuna nahi duenak, baditu mendi gogorragoak; natura nahi duenak, baditu mendi berdeagoak; teknikotasuna nahi duenak, baditu mendi zailagoak ere. Baina helburua guztiz asetu genuen: Esperientzia berriak bizi izan ditugu, lurralde berriak esploratu ditugu eta, batez ere, jende berria ezagutu eta abentura hau beraiekin konpartitzeko zortea izan dugu.
Mendia egina izan ez banu, berriz saiatuko nintzateke, halako burugogorra naizelako. Gaur egun, tontorra zapaldu ostean, badakit ez naizela itzuliko Urtarrilak 5ean, tontorra egin eta hurrengo egunean, Playa Ancha izeneko basamortua zeharkatzen ari nintzenean hiru bider esan nuen moduan.
Baina nire iritzi pertsonaletik at, datu objektiboagoak idatziko ditut jarraian, informazioa baliagarria izan dadin guztiontzat:
Denboraldia:
Aconcagua igotzeko goi denboraldia abenduak 15etik urtarrilak 31rarte izaten da. Tarteko denboraldia, abenduak 1etik 14era eta otsailak 1etik 20era izan ohi da. Behe denboraldia, aldiz, azaroak 15etik 30era eta otsailak 21etik martxoak 31 bitartean izaten da. Gainontzeko denboraldiari neguko denboraldia deitzen diote.
Denboraldia eguraldi onaren arabera markatzen da. Argentina hego hemisferioan egonik, beroa eta eguraldi ona neguan izan ohi dute.
Baimena:
2014ko goi denboraldian 800$-eko baimena ordaindu behar izan genuen. Baimen hau Peso Argentinarretan ordaindu beharrekoa da. Gainontzeko denboraldietan prezioa merkeagoa da, negu denboraldian izan ezik, preziorik ez dagoela uste baitut.
Baimen honekin mediku zerbitzua eta erreskatea barne sartzen dira, nolaz eta erreskatearen arrazoia neglijentzia bat ez izan.
Prezio hauek, urtetik urtera, goruntz doaz.
Logistika:
Hegazkina denborakin hartu genuen. Faktore honen arabera garestiago edo merkeago hartzeko aukera izaten da. Gure hegaldiak Buenos Airesen egiten zuen eskala, Mendoza hirira iristeko. Hemendik, autobusak (Argentinoen hitzetan, "colectivos") daude Horcones edo Penitentesera iristeko. Hala eta guztiz ere, badaude Aconcaguara igotzeko agentzia komertzialak, beraien zerbitzuetako bat furgoneta bidez parkearen sarrerara joateko garraioa delarik. Gutxi gora-behera, 2 ordu eta 30 minutuko ibilbidea.
Agentzia komertzialak:
Inka, Aymará, Lanko eta beste hainbeste agentzia daude prest guri eta edonori, tontorrera igotzeko. Guk aukeratu beharko dugu zenbaterainoko laguntza behar dugun gure ahaleginean. Zerbitzu sorta bat eskeintzen dute: Mendozako loa, parke sarrerarako garraioa, mulen kontratazioa, tontorrera igotzeko gidak, porteadoreak, oinarri kanpamentuan lo egiteko dendak, sukaldariak, etab…
Hala ere, ez hautsi burua gauzak hemendik ixtearekin. Hemendik, Mendozatik edo Aconcaguako edozein kanpamentutatik erosi ahalko ditugu zerbitzu guzti hauek. Oinarrizko kanpamentua agentzia hauen dendaz josita dago.
Erreferentzia bezala, guk oinarrizko kanpamentuko 6 gau eta 6 afari, mula zerbitzua eta parkerako garraioa kontratatu genituen. Argentinoen soldatak xumeagoak dira eta gehienak mulak kontratatzera limitatzen dira soilik. Eta nik uste, nahikoa izango litzatekeela, ondoren agentzia bertako karpa handiak erabiltzeko aukera baitago sukaldatzeko eta solasean aritzeko.
Igoera bideak:
Bide normala, Horcones-etik ateratzen dena da, Plaza de Mulas oinarrizko kanpamentutzat hartuz. Beste bide errez bat badago, ondoko bailaratik, Punta de Vacas-etik irteten delarik eta Plaza Argentina oinarrizko kanpamentutzat duelarik. Bi hauetan, Plaza Francian eta tarteko kanpamentu guztietan daude agentziak.
Plaza Argentinatik bi ohiko bide atera izan ohi dira. Lehena bide normaletik 3. kanpamentua izango litzatekeenarena iristen delarik eta azken metroak bide normaletik burutzen dituelarik (Falso Polacos bidea); bigarrena, aldiz, Polakos glaziarretik gora abiatzen da eta PD+tik D-erako zailtasuna hartu dezake. Hemen, noski, pioleta guztiz beharrezkoa.
Gainontzeko bideak Hego horman aurkitzen dira. Zailtasun handikoak dira eta mendiko Curriculum-a erakutsi behar duzu parketxean igoera baimentzeko.
Guk bide normaletik igo genuenez, gainontzekoan esplikatutako guztia bide hau kontutan hartuta deskribatzen da.
Kanpamentuak:
Agentzia komertzialek lehen aterpetxe bat dute Penintentes-en, 2800 metrora. Hemendik aurrera, parkera sartu eta hauek dira kanpamentu guztiak:
Gure planning-a:
Nahiz eta planning bat eramaten saiatu etxetik, gauzak oso ezberdin ikusten dira bertatik. Gainera, hainbat faktore determinanteak izaten dira planning definitiboa egiterako momentuan: Aklimatazioa eta eguraldia, esate baterako.
Aconcaguan, medikuak dira beti azken hitza dutenak. Beraz, nahiz eta gora joan nahi izan, aklimatazio egokia eta medikuaren baimena behar dituzu goruntz abiatzeko. Bestalde, tontorreko egunak bi egun aurrera edo atzera egin ditzake eguraldi ona noiz izan behar denaren arabera.
Etxetik eraman genuen planning-a ondorengoa zen:
Polita dirudi etxetik. Baina hauxe da benetan egin genuena:
Urtarrilak 5etik aurrera eguraldi txarra sartu behar zen berriz. Eta beste lau-bost egun itxaron beharko genituenez, saiatzea erabaki genuen. Ondo igo genuen, erritmo oso onean. Baina amaieran idar gutxirekin iritsi ginen tontorrera. Ez genuen behar genuen aklimatazioa egin. Eta horretaz damutzen gara soilik.
Eguraldia:
Normalean, zeru urdina izaten genuen egunean zehar. Egun argiz, denda barruan beroa, gauean, aldiz, hotz. Eguraldi oneko lehioa aurkitzen saiatzen da jendea tontorrerako saiakera egiteko. Honetarako, haizerik gabeko egunak bilatzen dira. 55km/h azpitik diren egunak izaten dira hoberenak horretarako. Haizearen arabera, tontor eguna oso hotza izatetik, egun epel eta eroso bat izatera iritsi daiteke.
Aconcaguaren tontorrean onddo formako laino bat sortzen hasten da batzuetan. Eguraldi txarra dakarren seinale. Honen ondorio, egun batzuetako eguraldi txarra izan ohi da.
Ekipamentua:
Hau izan da petatea betetzerako garaian izan dugun dilema nagusienetakoa. Orain, esperientziarekin, hauxe da nire gomendioa bide normaletik igo nahi bada mendia:
- Zakua: Nire zakua Extrem -17koa zen.
- Kaskoa: Beharrik ez.
- Pioleta: Guk ez genuen igo. Elurra egiten badu, akaso, erabilgarria.
- Soka: Ez.
- Arnesa: Ez.
- Kranpoiak: Bai.
- Eskularruak: Finak, lodiak eta manoplak. Deskartatzen hasita, lodirik ez.
- Botak: Nire botak Sportiva Evo sinpleak dira. Eta ez nion bota estalgarririk jarri. Hotz pixkat pasa nuen, baino guztiz jasangarria.
- Galtzerdiak: Lorpen lodiak tontor egunerako.
- Denda: Guk bi eraman genituen, baino batekin nahikoa eta soberan.
- Bastoiak: Bai.
- Plumasa: Fina eta lodia. Biak eskertu nituen.
- Galtzak: Tontor egunerako, maiak, galtzak eta Ternuako Ascent GTX Pro galtzak. Hotzik ez nuen pasa, ez.
- Gorputza: Tontor egunean plumas lodirik ez nuen jantzi, baina Ternuako Ascent GTX Pro jaka nuen, plumas finaren gainetik.
- Gorroa: Bai. Eta txapela eguzkiaren aurka.
- Betaurrekoak: Eguzkitakoak eta haizetearen aurkakoak, baina azken hauek ez nituen erabili.
- Kremak: Bai krema eta baita kakaoa ere.
Azken gomendioak:
Eraman denborapasak! Kartak soluzio onak dira. Truko jolasa da Argentinan asko eramaten dena eta, kasualitatea denik ez dakit, baina, mus jolasaren antza du. Guk ikasi genuen, baina esan beharra dago Argentinoen hitz egiteko erraztasunaren aurka ezer gutxi egiterik izan genuela.
Ondo aklimatatu eta forma onean joan. Helburua tontorra egiteaz aparte, tontorraz gozatzea bada, batez ere.
Eta ez ahaztu, eguzkiarengandik babestu!