BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Himalaya

Ernatu dira espedizioak

Helburu, izaera eta eskarmentu mota guztietako espedizioak izango dira udaberrian eta udan Himalaian. Juanito Oiartzabal eta Alberto Zerain Broad Peak igotzen saiatuko dira.
Espedizio bat, Everesteko Khumbu glaziarrean gora.
Espedizio bat, Everesteko Khumbu glaziarrean gora. / Vertical / Efe

Apaltzen ari dira neguko eginahal antzuen oihartzunak. Samurtzen hasi da neguko muturreko hotza. Zortzimilakoen magaletako bakardadea jada ez da hainbesteko bakardadea. Lana partekatzea ere errazagoa da. Xerpak bideak prestatzen ari dira jada. Katmandun hasiak dira espedizioek eragin ohi dituzten atzera-aurrerak. Himalaiako zortzimilako gehienen beheko kanpalekuak hasi dira kanpadendez betetzen. Helikopteroen joan-etorriak ohikoak bihurtu dira jada. Beheko kanpalekuetan bat egingo dute espedizio komertzialek eta ez hain komertzialek. Zerbait berria egin nahi duten mendizaleek eta ohiko bideari ekingo diotenek. Hamalau zortzimilakoen bilduma osatzear daudenek eta estreinakoa dutenek. Ikastera doazenek eta Himalaia etxe dutenek. Hasi da udaberriko denboraldia Himalaian.

ANNAPURNA (8.091 METRO)
Gailur goiztiarrak, baina garestiak

Annapurnan inoiz baino goizago lortu dute udaberrian gailurrera igotzea. Dreamers Destination agentziaren espedizioko hamahiru lagun igo ziren martxoaren 24an. Neguan joan dira, neguan egokitu dira girora, neguan prestatu dute bidea eta udaberriaren lehen egunetan igo dira gailurrera, udaberriko elur-jausien beldur. Gailurra garesti ordaindu dute: jaitsieran hamahiru lagunetatik bi hil ziren —Samuli Mansikka finlandiarra eta Pemba Xerpa nepaldarra—, eta beste askok izozte garrantzitsuak izan zituzten. Mansikkak hamargarren zortzimilakoa izan zuen Annapurna.

Annapurnan da Carlos Soria espainiarra ere. 76 urterekin igo nahi du. Martxoaren 25ean hasi zuen gailurrera igotzeko lehen saioa, baina lehen kanpalekutik beheko kanpalekura jaistea erabaki zuen, eguraldi txarragatik. Annapurna igoz gero, Dhaulaghiri igotzen saiatuko da segidan. Soriak 11 zortzimilako dauzka igota. Chris Jensen australiarrak eta Lakpa Xerpak ere atzeratu egin dute beren ahalegina.

BROAD PEAK (8.051 METRO)
Oiartzabalen itzulera, Zerainekin

Juanito Oiartzabal (Gasteiz, 1956) Himalaiara bueltatuko da berriro. Broad Peakera, ekainaren 15aren bueltan. Gasteiztarrak aurrera jarraitzen du 2x14x8000 proiektuarekin, hau da, hamalau zortzimilakoak bi aldiz igotzeko asmoarekin. Broad Peak, Shisha Pangma, Dhaulagiri eta Nanga Parbat falta zaizkio. 2011n izan zen azken aldiz 8.000 metroko tontor baten gainean, Manaslun. Oiartzabal mendiko tontor garaienetatik urrun egon da azken bi urteetan, arazo fisikoengatik. Orain medikuek Himalaiara bueltatzeko moduan dagoela esan diote. Oiartzabalek 1995eko uztailaren 12an igo zuen Broad Peak lehen aldiz, bide arruntetik.

Oiartzabalek Alberto Zerain izango du sokalagun (Gasteiz, 1961). Zerainek eginak ditu sei zortzimilako. 2008an kale egin zuen Broad Peaken. Oiartzabalen eta Zerainen espedizioaz gain, Oscar Cadiach kataluniarrarena ere egun horietan izango da Broad Peakera igotzeko asmoz. Espedizio ezberdinetan joango dira, baina elkarrekin lan egiteko prest. Gailurra lortuz gero, Cadiachek hamalau zortzimilakoen bilduma osatuko du. Lehen kataluniarra izango da. Iaz hogei metroko garaiera baino ez zitzaion falta tontorrera igotzeko, baina azken momentuan etxerako bidea hartu behar izan zuen.

EVEREST (8.848 METRO)
Ikaslea, Urrezko Pioleta eta 'orbana' kendu nahi duen maisua

Kilian Jornet azkenean ez da aurtengo udaberrian saiatuko Everesteko igoera eta jaitsiera azkarrenaren marka jartzen, Summits of My Life proiektuaren barruan. Kataluniarrak bere asmoak aldatu behar izan ditu, munduko mendirik altuenarekin: «Oraingoan, ikasi eta mendia hobeto ezagutzeko probestu nahi dut. Ez dakigu noiz saiatzeko aukera izango dugun, zerikusi handia izango du eguraldiak, aklimatazioak eta gure gorputzaren egoerak. Horretarako ondo prestatua egon behar da, eta oraingo irteera ikasteko aukera gisa hartu nahi dut».

Aconcaguan (6.959 m), goi mendiekin izandako azken hartu-emanean, bere markak ez zuen asko iraun, eta Karl Eggloff ekuadortarrak Jornetek lortutako markari 57 minutu jan zizkion (11 ordu eta 52 minutu). Jornetek 12 ordu eta 49 minutu behar izan zituen Hego Amerikako mendi garaienera igo eta jaisteko. Altuerarekin arazoak izan zituen 6.500 metrotik gora, eta nahi baino makalago egin zuen goiko zatia. Jornetek Jordi Corominas eta Jordi Tosas alpinistak izango ditu ondoan, eskarmentu handikoak biak.

Jornetek iparreko aurpegitik igo nahi du Everest, Tibet aldetik, nahiz eta ez daukan argi Hornbein edo Norton korridoretik izango den. Maiatzean, bakoitza bertatik bertara ikusi eta gero, hartuko du azken erabakia. Apirilaren amaieran abiatuko da Nepalera. Horregatik ez du parte hartuko aurtengo Zegama-Aizkorri mendi maratoian. Everestetik bueltan, oraindik erabakitzeko izango du Errusian Elbrus mendiko (5.642 m) marka hobetzen saiatu ala ez. Zain izango du 2014an lortu ez zuen errekorra.

Zaila badirudi ere, Everesten izango dira zerbait berria egin nahi duten espedizioak. Raphael Slawinski kanadarra eta David Goettler eta Daniel Bartsch alemaniarrak Tibeteko ipar aurpegiko ohiko igoera bidearen aldaera bat zabaltzen saiatuko dira. Slawinskik Urrezko Pioleta irabazi zuen iaz, Ian Welstedekin batera, Karakorumgo 7.040 metroko K6 West mendia lehen aldiz igotzeagatik.

Ralf Dujmovits alemaniarra aurten zazpigarren aldiz saiatuko da Everest oxigeno artifizialik gabe igotzen. Dujmovitsek igo ditu hamalau zortzimilakoak. Bilduma lortu zuen 16.a izan zen, Alemaniako lehena. Everest izan zen oxigeno artifiziala baliatuz igo zuen zortzimilako bakarra, eta bere curriculumetik orban hori kendu nahian ari da. Tibeteko ipar aurpegitik saiatuko da igotzen.

Explorersweb.com webgunearen arabera, oso jende gutxi saiatzen da Everest oxigeno artifizialik igotzen, eta iaz inork ez zuela lortu dio. Aurtengo udaberrian mordoxka bat izango dira oxigeno artifizialaren laguntzarik gabe igotzen saiatuko direnak.

Espedizio guztiak ez dira joango Everest igotzeko asmoz. Maiatzaren 20an 50 urte beteko dira lehen indiarra Everestera igo zela: Avtar Singh Cheema kapitaina izan zen. Urteurrena gogoratzeko, Indiako 34 mendizaleko talde bat joango da, guztiak militarrak, Everesten lau tona zabor jasotzeko asmoz.

LHOTSE (8.414 METRO)
Sei zortzimilako urtebetean

Jornetek abiadurari emango dio garrantzia. Badira urteko zortzimilako kopuruaren marka hautsi nahi dutenak ere: Nick Cienskik, Under Armour kirol arropa markako arduradunetako batek, sei zortzimilako igo nahi ditu urtebetean. Lhotse izango du lehen helburua. Lhotse eta gero Everest, Makalu, Cho Oyu, Shisha Pangma eta Manaslu igo nahi ditu. Nabarmentzekoak dira Cienskik izango dituen baliabideak: taldekideak bi edo hiru zortzimilako igotzen hasiko dira aldi berean, Cienskik bat igotzen duenerako hurrengorako lanak aurreratuta edukitzeko.

MAKALU (8.465 METRO)
Nuria Picasen estreinakoa

Makalu mendia aukeratu du Nuria Picas mendi lasterketetako munduko txapeldun kataluniarrak bere lehen zortzimilakoa igotzeko. Ferran Latorre izango du sokalagun eta irakasle. Latorre CAT 14x8000 proiektuan buru-belarri murgilduta dago, eta, Makalu lortuz gero, 11. zortzimilakoa izango du. Eginak ditu, besteak beste, K2, Annapurna eta Kangchenjunga; oraindik egiteko dituenen artean daude Everest eta Nanga Parbat.

Picas mendiko korrikalaria da, baina asko gustatzen zaio eskalatzea ere. «Nire lehen zortzimilakoa izango da, beti amestu izan dudana…». Araceli Segarra zuen eredu, Everest igo zuen lehen emakume kataluniarra: «Pentsa, txikia nintzenean eta Araceli Segarra telebistan ikusten nuenean, bera bezalakoa izan nahi nuen. Banekien egunen batean nire ordua iritsiko zela. 'Nik ere egin behar dut', esaten zidan barruak. Orain aukera dut, talde ederra daukagu, elkar ezagutzen dugu eta probestu egin behar dugu. Bizitzan ametsak eduki behar dira, baina ezerezean gelditzeko aukera dago. Hori da funtsezkoa, ametsak betetzea».

Espedizioa apirileko lehen egunetan aterako da Makalurantz, eta gailurra maiatzaren 20an edo 21ean egin nahi dute. Handik bueltan, Picasek mendiko lasterketei ekingo die berriro, berritasun batekin: aurten Jokin Lizeagaren gidaritzapean entrenatuko da. Haren ametsa, beste behin, Montblanceko Ultratraila irabaztea izango da. Aurretik, Andorrako Ultratraila eta Buff Epic Trail egingo ditu.

MANASLU (8.163 METRO)
Moro eta Lunger, 1986ko balentria berritzera

Simone Moro italiarrak eta Tamara Lunger tiroldarrak Manaslu igo nahi dute. Berez, neguan igoera azkar bat egin nahi zuten, baina elurrak atzera egitera behartu zituen. Iritsi zirenean, otsailaren erdian, bi metro elur baino gehiago zeuden, eta joan zirenean, martxoaren hasieran, bost metro inguru, bai beheko kanpalekuan, bai Manasluko maldetan. Morok aitortu du ez duela halako elur kopururik ikusi neguan egin dituen hamahiru espedizioetan. Elur-jausi bat beheko kanpalekuraino iritsi zen. Beheko kanpalekura iristea ere zaila zen duela bi hilabete. Moro eta Lunger helikopteroan iritsi ziren beheko kanpalekura, eta helikopteroan utzi zuten.

Neguko saioak huts egin eta gero, Nepalen jarraitzen dute, entrenatzen eta sasoiari eta motibazioari eusten. Otsailean Manasluko beheko kanpalekuan eta maldetan ikusitako elur geruza egonkortzea nahi dute, igotzen saiatu aurretik. Morok eta Lungerrek Manasluko gailur nagusia eta ekialdeko gailurra kateatu nahi dituzte. 1986tik inork ez ditu biak kateatu. Orduan Jerzy Kukuckzkak eta Artur Hajzerrek egin zuten. Alegia, Morok eta Lungerrek ez dute helburua aldatu, helburua lortzeko sasoia baizik.

Manaslun bada Euskal Herriarekin nolabaiteko lotura daukan espedizioa. Horia Colibasanu errumaniarra Manaslura bueltatu da. 2006an ere igo zuen, Iñaki Otxoa de Olzarekin batera. Colibasanu eta Otxoa de Olza lagunak ziren, eta elkarrekin saiatu ziren 2008an Annapurna igotzen, baina Otxoa de Olzak atzera egitea erabaki zuen. Colibasanuk ere bai. Jaisten ari zirela, Otxoa de Olza ondoezik sentitu zen. Garuneko lesio larrien eta biriketako edema baten ondorioz hil zen. Colibasanuk lau egun egin zituen lagunaren ondoan, 7.400 metrora, bere bizitza arriskuan jarriz.

Aurten, Colibasanuk Manaslu iparraldeko bidetik igo nahi du, Peter Hamor eslovakiarrarekin batera —azken urteetan hainbat espedizio egin dituzte elkarrekin—. Eskarmentu handikoak dira biak: Hamorrek hamabi zortzimilako igo ditu, eta Annapurna bakarrik igotzea lortu du; Colibasanuk zortzi zortzimilako igo ditu. Colibasanuk eta Harmorrek, baina, eskiatzen jaitsi nahi dute Manaslu, ohiko bidetik. «Mendi garaienak igotzen hasi zirenetik sei hamarkada pasatu dira», Colibasanuren esanetan. «2015ean garrantzitsuagoa da mendia nola igotzen duzun, igotzea bera baino. Igotzeko modua guztia da gaur egun».

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather