BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Lurrikara Nepalen

Mendialdea, suntsituta

Nepalgo Gobernuaren laguntza eta komunikabideen arreta Katmandun oinarritu badira ere, mendialdeko eskualde eta herri asko okerrago daude
Lurrikarak kaltetutak laguntza helikpteroaren zain, Sindupalchoken.
Lurrikarak kaltetutak laguntza helikpteroaren zain, Sindupalchoken. / HEMANTA SHRESTHA / EFE / EPA

«Mendialdeko herrixka gehienak txikituta daude». Mingma Xerparen ahotsa helikopteroaren burrunba ozenarekin eta triki-traka etengabearekin nahasita iristen da. Hamalau zortzimilakoak igo zituen lehen nepaldarra aurrera eta atzera dabil Langtang eskualdean, Katmandutik iparraldera, herritarrak jasotzen eta herrixketara elikagaiak eta botikak eramaten. «Jendea oso egoera txarrean dago, eta laguntza asko behar dugu», dio. Ez hurrengo egunetan bakarrik. «Gero ere beharko dugu laguntza».

Katmandu bihurtu da Nepal suntsituaren argazki. Katmanduko hildakoak, erreskatatuak eta etxe eta jauregi birrinduak.

Baina Nepal ezaguna baldin bada, mendiengatik da. Eta lurrikararen osteko lehen egunetan, mendialdeko egoera ezkutuan geratu da, agintarien lehentasunetatik eta komunikabideen fokutik kanpo: Langtang, Solukhumbu, Dadhing, Gorkha —lurrikararen epizentroa—, Rolwaling, Sindhupalchok... Lurrikara gertatu eta ia astebetera hasi dira helikopteroak eta laguntza mendialdeko herri batzuetara iristen: kanpadendak, mantak, botikak...

«Lurrikararen eragina handiagoa izan da mendialdean», Ang Tshering Nepalgo Mendi Elkarteko (NMA) presidentearen esanetan. Bileraz bilera dabil egunotan, laguntza operazioan parte hartzen. «Leku batzuetan, etxeen %95 erori dira. Everest inguruan, %70». Eta erori ez diren etxeek pitzadura handiak dituzte. «Ezin da etxe horietan berriro bizi. Berreraiki egin behar dira».

Solukhumbu eskualdeaz ari da Tshering —Nepalen ipar ekialdea—. Han izan zen larunbatean, helikopteroan, laguntza eramaten. Egoera «kritikoa» dela dio. Hildako asko ikusi zituen.

Mountain Spirit gobernuz kanpoko erakundeak mendialdeko eskualdeetan lan egiten du, Solukhumbun batez ere. Mendialdeko herriak garatzea, ingurumena zaintzea eta bertako kulturei eustea ditu lehentasun.

Mingma Norbu Xerpa da Mountain Spiriteko presidentea. NMAko Ang Tsheringek emandako datuak berretsi ditu. Solukhumbuko herriak zerrendatzen hasi da, eta gehienetan etxeen %70etik gora erori direla dio.

Aintzat hartu behar da herrixka horietako asko txabolaz, adobezko etxez eta harri artean masa apur bat baino ez duten etxez osatuta daudela. Herrien arteko bide bakarrak mendi bide malkartsu eta meharrak dira gehienetan. Edota burdinazko zubiak, ibaiak pasatzeko. Beharrezko elikagaiak eta produktuak asto gainean iristen dira askotan. Lurrikarak eta lur-jausiek herrixka asko utzi dituzte bakartuta. Biderik gabe, helikopteroak dira hainbat herritara iristeko garraiobide bakarra.

«Herri asko laguntzaren zain daude oraindik», salatu du Mingma Norbu Xerpak. Nepalgo Gobernua 7.000 errupia ematen hasi da etxea galdu dutenei (60 euro eskas). «Solukhumbun ez dago hainbesteko janari, edari, botika eta mediku faltarik, Everest igotzeko garaia baita, eta jendea prestatuta baitago», zehaztu du. Everest ingurutik bueltatu diren zenbait espediziok kanpadendak eman dizkiete herritarrei.

Langtang, Solukhumbu... leku ezagunak dira alpinistentzat eta mendizaleentzat. Milaka joaten dira urtero, baita euskal herritarrak ere.

Haserre

Mendialdeko nepaldar asko haserre daude, oraindik helikopterorik eta laguntzarik iritsi ez zaielako. Edota, kasuren batean, iritsi direnean kazetariak eraman dituztelako. Katmanduko aireportu xumeak gainezka egin du. Neurriz, Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportuaren parekoa da, baina nazioarteko hegaldiak jasotzen ditu, eta egunotan, hegazkinen joan-etorria etengabea da.

Lurrikararen ondorenak eta hondamendiaren kudeaketak azaleratu egin du klaseen arteko aldea: alpinista-xerpa edota turista-nepaldar. Reinhold Messner alpinista tiroldar ospetsuak kritikatu egin du Nepalen helikopteroekin egin diren «bi klasetako erreskateak»: alpinistak aurrena, herritarrak gero. Antzeko kritikak egin ditu Peter Habeler alpinista austriarrak ere.

Izan ere, lehen egunetan, Nepalgo helikoptero apurrek goi mendietako kanpalekuetan ez aurrera ez atzera geratutako alpinistak eta espedizioetako kideak eraman zituzten; Everesten, esaterako. Baita Nepalgo trekking ezagunetan parte hartzen ari ziren mendizaleak ere.

Zalaparta sortu da espedizioen inguruan. Espedizioen udaberriko sasoia bertan behera geratu da; bigarren urtez jarraian, Everesten kasuan. Iaz ere, Everest alpinistarik eta espediziorik gabe geratu zen apirilean: hamasei xerpa hil ziren elur-jausi batek harrapatuta, Khumbu izotz-jauzian, espedizioentzat bidea prestatzen ari zirela, lehen kanpalekutik gertu. Xerpek, haserre, euren lan baldintzak hobetzeko eta hildako xerpen senideei laguntza handiagoak emateko eskatu zuten.

Zortzimilakoetako espedizioak trasteak jaso eta Luklara, Katmandura eta abarretara bueltatzen ari dira. Annapurnakoak, Cho Oyukoak, Dhaulagirikoak, Everestekoak, Lhotsekoak, Makalukoak, Manaslukoak eta Shisha Pangmakoak. Batzuk, etxera itzultzeko; besteak, berriz, nepaldarrei laguntzeko asmoz. Hori egiten ari dira Carlos Soria espainiarraren espedizioko Carlos Martinez medikua eta Luis Miguel Lopez Soriano mendizale eta telebistako kameraria. Baita Kilian Jornet mendiko korrikalaria ere. Eta beste hainbat.

Egoera horretan, lurrikararen ondorioei aurre egin ezinik, Nepalgo Gobernuak, aurrena, Everesten zeuden alpinistei eta agentziei eskatu zien ez zitzatela utz bertan behera espedizioak, konponduko zituztela Khumbu izotz-jauziko sokak eta eskailerak. «Eskailerak bi edo hiru egunean konponduko ditugu, eta eskaladek jarraitu egingo dute», Tulsi Gautam Turismo Departamenduko buruaren esanetan. «Ez dago arrazoirik inork espedizioak bertan behera uzteko».

Lurrikarak hemeretzi hildako eragin ditu Everesten. Glaziarrak eta serac-ak mugitu ditu. Lurrikara gehiago ere gerta daitezke. Ez, Gautamen iritziz: «Ez dago arrazoi zientifikorik lurrikara gehiago espero izateko, eta uste dugu lurra egonkorra dela eskalatzeko». Nepalgo Gobernuak mendiak igotzeko baimenak berritu zizkien zenbait espediziori, eta bakarren batek esan zuen ez zuela baztertzen Everest igotzen saiatzea. Alpinista ezagunen kritika gogorrak entzun behar izan zituen, nepaldarrekiko errespetu falta leporatuz.

Bukatu da denboraldia

Dena den, denboraldia ofizialki itxi ez badute ere, ez dirudi inork Everest igoko duenik: espedizioak etxera bueltatzen ari dira; Everesteko bidea prestatzen duten xerpek —Icefall Doctors deituek— lurrikararen kalteak aztertu dituzte, eta uko egin diote bidea prestatzeari; mendiaren egonkortasuna zalantzagarria da; eta Sagarmathako Kutsaduraren Kontrolerako Batzordeak, bidearen eta beheko kanpalekuaren arduradunak, esan du ez dagoela denborarik bidea prestatzeko montzoi sasoiaren aurretik. Nepalgo Gobernuak 340 baimen emanak zituen Everest igotzeko.

Txinak iragan asteazkenean utzi zuen bertan behera Tibeteko mendietako udaberriko sasoia, tartean Everest iparraldetik igotzeko espedizioak.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather