BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Mendiko lasterketak

Bederatzi Zegama-Aizkorri

Zegama-Aizkorri maratoian bat egiten dute era guztietako korrikalariek eta helburuek. Guztiek daukate ilusio bera. BERRIAk lasterketari buruz galdetu die igandean parte hartuko duten bederatzi korrikalariri.
/ Berria

Galderak:

1. Zenbatgarren Zegama duzu?

2. Urtean zenbat lasterketa egiten dituzu?

3. Astean zenbat orduz entrenatzen zara?

4. Zein helburu duzu aurten?

5. Zer da zuretzat Zegama-Aizkorri?

6. Zein izango dira Euskal Herriko lehen korrikalariak (gizona eta emakumea)?

7. Hitz batean... Zegama-Aizkorri.

Oihana Arratibel (Ordizia, 1988)

1. Aurtengoa nire lehenengo Zegama-Aizkorri lasterketa izango da.

2. Urtean, guztira, zazpi eta hamar lasterketa artean egiten ditut.

3. Astearen arabera eta, nola sentitzen naizen, horren arabera entrenatzen naiz; zortzi-hamabi ordu inguru.

4. Nire helburu nagusia bukatzea da. Lehenengo Zegama-Aizkorri lasterketa izanda, egia esan, ez dakit gorputzak igandean nola erantzungo didan: nekea, urduritasuna...

5. Betidanik egin nahi izan dudan lasterketa bat da, baina, era berean, izugarrizko errespetua sortzen didana.

6. Emakumeetan lehen euskalduna Maite Maiora izango dela uste dut; gizonetan, berriz, Aritz Egea.

7. Emozioa.

Uxua Barandiaran (Zegama, 1982)

1. Lehena.

2. Aurten, oraingoz, sei edo zazpi, ia denak Euskal Herrian eta bat Katalunian.

3. Astean lau egunetan entrenatzen naizenean, bi egunetan errepidean egiten dut korrika eta beste bi egunetan mendian; astean bost entrenamendu badira, bi egunetan errepidean eta hirutan mendian.

4. Gozatzea. Zegaman bizi naiz eta orain arte kanpotik bizitakoa nik neuk bizitu nahi dut. Oroitzapen on batekin gelditu nahi dut.

5. Sentimendu askok bat egingo dute: alde batetik, beti parte hartu izan nahi dudan proban parte hartzeko aukera daukat; bestetik, aitari eskaini nahiko nioke lasterketa, aitarengandik jaso baitut mendiarekiko afizioa.

6. Aritz Egea eta Maite Maiora.

7. Esplikaezina. Horregatik, bizi beharreko zerbait dela uste dut.

Javi Dominguez (Gasteiz, 1974)

1. Aurtengoa laugarrena izango da.

2. Iaz hamahiru egin nituen, horietatik zortzi maratoiaren distantzia baino luzeagoak.

3. Zortzi eta hamabost ordu artean. Asteburuan saio luzea egiten badut, asteko plangintza alda daiteke.

4. Helburu nagusia ondo pasatzea da, dena ematea eta hurrengo bi urteetarako dortsala lortu ahal izatea.

5. Niretzat, festa handi bat da. Aurreko asteetan giroa berotuz joaten da, prestatzen hasten gara. Lasterketa egunean, urduritasuna eta txupinazoa 09:00etan. Lasterketan, berriz, kristoren emozio betekada. Gero, bazkaria, eta batzuetan eguna luzatu egin ohi dugu.

6. Gizonezkoetan, Aritz Egea eta, emakumezkoetan, Maite Maiora edo Oihana Kortazar.

7. Denetan handiena.

Uxue Fraile (Esteribar, 1974)

1. Aurtengoa laugarrena izango da.

2. Urtearen arabera eta distantziaren arabera. Aurten, kostatzen ari zait martxa hartzea, baina sei edo zazpi bat egitea aurreikusi dut. Gehienak ordu batzuetakoak dira.

3. Gehienetan hamar ordutik pasatzen naiz, denboraldiaren hasieran izan ezik.

4. Ikusleek bereziak garelakoan hartzen gaituzte, eta haiei eta laguntzaileei gauza bera helarazi nahiko nieke.

5. Urteroko hitzordu bat. Orain arte korrika izan bada ere, gero korrika ez denean ere galdu nahi ez dudan festa bat.

6. Dena ongi joanez gero, Maite Maiora izango da lehen emakumea. Gizonezkoetan pronostikoa zailagoa da, eta ez daukat horren argi.

7. Gu ta gutarrak.

Ricardo Idiakez (Itziar, Deba, 1981)

1. Aurrenekoa.

2. Bost edo sei, urtearen, gogoaren eta denboraren arabera.

3. Sei eta zortzi ordu artean. Bestela, urte osoan astean lau ordu inguru. Helburuaren arabera zehazten ditut entrenamenduak.

4. Zegama-Aizkorrin korrika egitea amets txiki bat izan da betidanik, eta badirudi aurten egia bihurtuko dela: zozketan dortsala tokatu, entrenatu, ibilbidea ezagutu, planifikatu, lagunekin partekatu… eta orain gozatzea bakarrik falta da. Ez dago beste helbururik, ahalik eta gehien gozatzea, minik ez hartzea eta gorputzari entzuten asmatzea.

5. Ilusio handi eta amets txiki bat.

6. Emakumeetan, Maite Maiora, Oihana Kortazar… Gizonetan, Jokin [Lizeaga] bere onenean ez dagoela jakinda, Aritz Egearen alde egiten dut.

7. Zirrara.

Oihana Kortazar (Elgeta, 1984)

1. Laugarrena.

2. Gutxi gorabehera hemezortzi-hogei inguru azarora arte, bi edo hiru lasterketa hilean.

3. Zazpi ordu inguru bizikletan eta zortzi bat ordu korrika. Horri, indartze eta luzatze ariketak gehitu behar zaizkio.

4. Lasterketa presiorik gabe egitea, ondo egiteko modu bakarra baita nire kasuan. Uste dut ez daukadala inori ezer erakutsi beharrik eta, ahalik eta lasterketa onena egitera joango naizen arren, ez da buruhauste bat izango niretzat lasterketako emaitza edozein izanda ere.

5. Lasterketa ederra da; oroitzapen on asko ekartzen dizkit, eta asko zor diot.

6. Ez naiz ausartzen izenik ematera. Sekula ez zait gustatu kinielak egitea.

7. Euskal Herriko mendizaletasunaren isla.

Mikel Legarreta (Urnieta, 1980)

1. Orain arteko lasterketa guztiak egindakoa naiz.

2. Ufa, mordo bat! 15-20 bai seguru asko!

3. Hiru eta lau ordu artean Zegama-Aizkorri gerturatzen hasten denean: pare bat entrenamendu luze egiten ditut (bi ordu, bi ordu eta erdi) eta beste bat edo bi motzak (ordu erdia, ordubete). Asteburuan lasterketaren batean parte hartu behar badut, entrenamendu luze bat, beste bat lasai eta lasterketa bera.

4. Urterokoa: bost orduren azpitik ibiltzea. Behin bakarrik lortu dut, baina dena ondo ateraz gero, errepikatzeko moduan ikusten dut neure burua.

5. Berezia, ikusgarria, gogorra eta zoragarria.

6. Jokinen [Lizeaga] baimenarekin, Aritz Egea; emakumeetan, Maite Maiora.

7. Ikusgarria!

Gotzon Idirin (Zeanuri, 1977)

1. Bigarrena.

2. Mendiko eskiko lau lasterketa eta hamar bat korrika.

3. Bi ordu.

4. Gozatzea. Lagun on bati hitza eman nion gozatuko nuela.

5. Lasterketen lasterketa.

6. Aritz Egea eta Maite Maiora.

7. Ikuskizuna.

Pedro Olkoz (Iruñea, 1974)

1. Lehenengoa.

2. Hamabost inguru.

3. Hiru-hamar ordu.

4. Lasterketaz gozatzea.

5. Ametsa. Munduko mendi maratoirik onena da, bai antolakuntza aldetik, bai ibilbideagatik eta baita sortzen den giroagatik ere.

6. Egia esan, ez dut begiratu nork parte hartuko duen. Uxue Fraile eta Iker Karrera ditut gustukoen.

7. Mendia.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather