BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Zegama-Aizkorri

«Postuarekin baino gusturago geratu naiz egindako denborarekin»

Helburu bakarra zuen Oihana Kortazar elgetarrak aurten: ondo sentitzea. Iaz haurdun zegoelako ez zuen parte hartu eta 2013an erretiratu behar izan zuen, baina atzo, berriro ere onenen artean ibili zen. Hasieratik ardura hartu zuen, eta zuen guztia eman zu
/ Aritz Loiola / Argazki Press

Berriro ere Zegamako podiumean ikusi zaitugu. Espero bezain ondo?

Oso gustura sentitu naiz. Banekien oraindik nire onenean ez nengoela. Igoerei nien beldur pixka bat, oraindik hobetzeko asko baitut. Orokorrean ondo ikusi dut neure burua.

Otzaurten lehen postuan pasatu zara. Aurrea hartu eta arriskatzera atera zara ala horrela tokatu da?

Ez ez, horrela tokatu da. Hasieran, [Emelie] Forsbergek markatu du erritmoa, eta besteok haren atzetik jarri gara. Gero, une batean, Azahara [Garcia] eta Paula [Cabrerizo] jarri dira buruan, eta Otzaurten ni igaro naiz lehena. Hala ere, denok nahiko jarraian pasatu gara. Gero, Aratz bidean buruan eustea lortu dut, indartsu sentitu naiz igoeran eta Azahara pixka bat geldituz joan da.

Aizkorrin oraindik ere lehen postuan jarraitzen zenuen, eta jendeak berriro ere garaile ikusten zintuen. Zuk ere hala pentsatu al duzu?

Banekien Aizkorritik oraindik asko falta zela. Gailurrean izandako eroriko txiki baten ondorioz, Azaharak eta Paulak batera pasatu didate, eta Arbelarreko jaitsieran pixka bat urrundu zaizkit. Askotan gertatzen da, bertatik ondo igaro ondoren, gero dena galtzea, eta horren eskarmentua ere banuenez, buruarekin jokatu dut.

Lehen postua galdu duzunean, jada galdutzat eman duzu lasterketa edo berreskuratzeko moduan ikusi duzu?

Banekien oso zaila izango zela berriro ere berreskuratzea. Gainera, atzetik Emelie nuen oso denbora gutxira, eta, jaitsieran ni baino azkarragoa denez, ezin nintzen erlaxatu. Azken kilometroetan ahal bezain azkar korrika egiten saiatu naiz. Azkenean ondo atera zait, eta Emelierekiko aldea areagotzea lortu dut.

Helmugan oso zoriontsu agertu zara. Zegamarekin zenuen arantza atera duzu, beraz.

Bai, bai. Postuarekin oso gustura gelditu naiz, baina gehiago egindako denborarekin. Aurreko bien denbora ere oso ona izan da, eta agerian utzi dute korrikalari bikainak direla.

Nori eskaintzen diozu hirugarren postua?

Etxekoei bereziki. Gurasoak eta Ion bikotekidea beti hor izaten ditut ondoan, eta txakalaldiren bat izan dudan bakoitzean, ondoan izan ditut animoak ematen. Pena bat izan da Maite Maiora ez irtetea.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather