BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Zegama-Aizkorri

«Ez dakit inoizko Zegama onena egin dudan, baina bai inteligenteena»

Aurtengo helburu nagusia zuen Aritz Egea urretxuarrak Zegama-Aizkorri. Iazko lan bikainak aurten ere jarraipena izan du. Helmugan erlojuak markatzen zuen 3 ordu 59 minutu eta 27 segundoko denbora garrasi batekin ospatu zuen Egeak helmugan. Benetan pozik z
Aritz Egea, jende artean, Sancti Spiritun gora.
Aritz Egea, jende artean, Sancti Spiritun gora. / Gotzon Aranburu / Argazki Press

Zorionak, 3.59.27, a zer marka .

Ederki kostata etorri da eta, egia esan, oso zaila ikusten nuen. Oso pozik nago. Jokinen [Lizeaga] markak hor jarraituko du, eta beti izango da erreferentzia bat beste guztiontzat. Nire denbora honen zati bat berea da, eta eskerrak eman behar dizkiot berriz ere berari.

Hasieratik buruan jarri zara Ionut Zincarekin batera, Otzaurten lehenik eta Sancti Spiritun gero. Baina atzetik zetozenek pasatu eta bertan utziko zintuztela ematen bazuen ere, mantentzeko gai izan zara.

Nahiko indartsu nengoen hasieratik. Egea style-ko hasiera izan da, baina Otzaurtetik igaro ostean, erritmoa moteltzea eta indarrak gordetzea erabaki dut. Atzekoei ez diegu alde handirik atera eta argi utzi dute ni baino gehiago direla zati teknikoetan. Hala ere, korrika egin behar zen lekuetan ez zidaten denborarik ateratzen eta horregatik pozik nago. Postuarekin ere oso pozik nago.

Laugarren postuak esan nahi du inoizko Zegamarik onena egin duzula denboraz haratago?

Gozatu, beste batzuetan gehiago gozatu izan dut. Inoiz baino jende gehiago zegoen, egiten zuen eguraldiarekin, eta benetan eskertzekoa da jendeak eman duen erantzuna. Ez dakit inoiz egindako onena izan den, baina esan dezaket inteligenteena izan dela. Emaitzak hori erakutsi dit, eta agian gaurtik aurrera estiloa aldatzeko garaia izan daiteke [barrez].

Moanoko anoa posturako (34. kilometroa) Kilian Jornet pasatzea ere lortu duzu. Arazoren bat izan du?

Nahikoa egin du, egia esan. Gastroenteritis bat pasatu berri du eta duela bi egun Nepalen zen. Jornet etortze hutsak lasterketari beste distira bat eman dio. Bukatze hutsarekin bere handitasuna erakutsi du.

Nori eskaintzen diozu gaurko lasterketa?

Bereziki bi pertsonari: alde batetik, nire bikotekideari, orain dela gutxi aita izan naiz eta haren laguntzarik gabe hau guztia ez zen posible izango; bestetik, Jokin Lizeagari —entrenatzailea du—. Zorte txarraren zurrunbiloan sartua dabil, eta ea lehenbailehen ateratzen den bertatik. Bera etortzen denean irabazi egiten digu, baina, hala ere, hobea Jokinen atzetik bigarren egitea.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather