BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Espedizioak

"Oso zaila da espedizioetarako behar den laguntza lortzea"

Goi mendietako Euskal Herriko bi azeri zaharrek bat egin dute udan Broad Peak (8.051 metro) igotzen saiatzeko: Juanito Oiarzabal eta Alberto Zerain. Hasiberrien ilusioarekin heldu diote erronkari.
Alberto Zerain, Gasteizen.
Alberto Zerain, Gasteizen. / Raul Bogajo / Argazki press

Ia lau urte dira Alberto Zerainek (1961, Gasteiz) bere azken espedizioa egin zuenetik. 2011n izan zen, Nanga Parbatera (8.125 metro). Ezin izan zuen gailurra zapaldu. Otsailean, ordea, Juanito Oiarzabalekin bazkaltzen ari zela, berriro ere espedizio batean parte hartzera gonbidatu zuen Zerain. Asko pentsatu gabe, baiezkoa eman zion, eta buru-belarri ari dira espedizioa gorpuztu nahian. Oraingoan, ordea, ez da Nanga Parbat izango, Broad Peak baizik (8.051 metro). Oiarzabalek 2x14x8000 proiektuarekin jarraitu nahi du (hamalau zortzimilakoak bigarren aldiz igotzea), eta zein bidelagun hobea Zerain herrikidea baino. Zerainek Broad Peak igotzea lortuko balu, zortzigarren zortzimilakoa izango luke. Lanbidez garraiolaria da; pasioz, alpinista.

Nola sortu zen Juanito Oiarzabalekin berriro ere espedizio batera joateko asmoa?

Otsailean, Juanitorekin bazkaltzen ari nintzela, espedizio batera joateko gonbita egin zidan. Ezetz erantzungo niola uste zuen, baina nik ez nion ezezkorik esan. Berriro ere goi mendietara itzultzeko gogo handia neukan. Ez nekien nora eta noiz, baina ziur nengoen itzuliko nintzela. Berriro ere elkartu eta dena prestatzen hasi ginen. Konturatzerako, hilabete gelditzen zaigu joateko.

Sasoi betean ikusten zaitut, baina nola dago Juanito Oiarzabal?

Uste dut ondo dagoela, baina zalantzak ditut ea altuerara nola egokituko den. Badakigu 7.500 metrora arte ondo ibiliko dela, baina hortik gora ere ondo ibili nahi du. Prestakuntza horri begira egin du, eta bere arazoak [biriketako edemak] gainditzen saiatu da. Medikuek ondo dagoela esan diote. Buruz ondo ikusten dut, eta elkarlan polita egin dezakegu. Sari polita litzateke biontzat.

Lau urte dira espediziorik egiten ez duzula. Zergatik?

Oso neketsua da espedizio bat prestatzea. Denbora asko behar da, eta beste zerbait egin nahiak bere tartea behar du. Egia esan, ez nengoen batere urduri denbora aurrera zihoalako. Askotan, ondo etortzen dira etenaldi hauek, atseden hartzeko.

Nork osatuko duzue espedizioa?

Berez, biok bakarrik goaz. Xerpa bat eramango dugu gurekin, eta beheko kanpalekuan mendizale gehiago egongo dira. Tartean, Oscar Cadiach [Broad Peak igoz gero, hamalau zortzimilakoak igo dituen lehen kataluniarra izango da]. Ez goaz elkarrekin, nahiz eta horrek ez duen esan nahi ez dugunik elkarrekin eskalatuko edo elkarlanean arituko ez garenik bideak irekitzen.

Zenbat eguneko espedizioa izango da?

Espedizioa abuztuaren 2an bukatuko dugu. Behartu egin gaituzte bertan egongo garen mendizale guztiok egun berean beheko kanpalekua uztera. Hasi, ekainaren 17 edo 18an hasiko dugu.

Zenbateko kostua izango du espedizioak?

Espedizio bat prestatzean, gauza asko hartu behar dira aintzat. Material gehiena erosi behar ez izateak asko merkatzen du espedizioa: irratiak edo walkie-talkieak ez erosteak, esaterako. Bakoitzak 6.000-7.000 euro jarri beharko ditu, gutxi gorabehera.

Denis Urubko (1973, Errusia) alpinistak adierazi du ez dela berriro Pakistanera itzuliko, segurtasun arazoengatik. Zuek bai.

Herrialde horietan askotan gertatzen dira arazoak. Agian larriena orain hiru urte gertatu zena izan zen, beheko kanpalekuan hamaika mendizale hil zituztenekoa. Horrelako gertaerek zer pentsatua ematen dute, egia esan. Hala ere, gaur egun, gobernuek segurtasun pixka bat eskaintzen dute; haiek ere badakite herrialde horiek espedizioetatik bizi direla. Nik ez dut Urubkoren moduan pentsatzen, nahiz eta haren iritzia oso ulergarria den.

Nola entrenatzen da Alberto Zerain espedizio baterako? Zerbait berezia egiten al duzu?

Ez dut ezer berezirik egiten, espedizio batera joango ez banintz bezala entrenatzen naiz. Neguan, Pirinioetara joaten naiz noizean behin; nahi baino gutxiagotan, hala ere. Gustuko dut neguan korridoreren bat egitea. Udan, inguruko mendietan ibiltzen naiz: zeharkaldiren bat, korrika saioak mendian eta eskalada pixka bat harkaitzean. Burua prestatzeak ere asko balio du, eta bakoitzak jakin behar du nora doan. Onena mendian soberan ibiltzea izaten da, eta oztopoen aurrean nola erantzungo dugun aurreikustea.

2008ko, 2009ko eta 2011ko espedizioek munduko alpinisten erakusleihoan jarri zintuzten. Nola gogoratzen duzu, adibidez, 2008an K2an gertatu zen istripu latz hura? Hamaika alpinista hil ziren.

Orain, kasualitatez, K2ko beheko kanpalekura noa berriro, eta ziur oroitzapen asko etorriko zaizkidala arlo pertsonalean. Gehienak onak izango dira. Arraroa badirudi ere, han nengoela ez nintzen ezertaz konturatu; zehaztasunez hitz egiteko, ondo jakin beharko nuke zer gertatu zen.

Euskal mendizaleok gogoan dugun beste bat 2009an Kanchenjungan egin zenuena da: C4 kanpalekutik irten, gailurra egin, eta, hogei orduren buruan, beheko kanpalekuan zinen.

Zorte asko izan nuen egun hartan. Hasieran, Miguel Fernandez eta biok gailurretik jaisten ari zen jendeari laguntzera irten ginen. 20:00ak ziren, eta ez da ordurik onena, gailurra egiteko asmoa baduzu behintzat. Gorantz gindoazela, gure paretik pasa zirenean oso itxura onarekin ikusi nituen denak. Nekatuak bai, baina arriskutik kanpo. Fernandezek atzera egitea erabaki zuen; nik, ordea, gailurrera joatea erabaki nuen. Egun batzuetarako eguraldi ona iragarri zuten, eta probestu behar nuela konturatu nintzen. Egindako denborari ez diot garrantzirik ematen. Nik igoera planteatzen dut, eta argi dago horrelako igoerak ahalik eta azkarren egitea komeni dela. Fisikoki oso ondo nengoela konturatu nintzen.

Zein da gaur egun hain espedizio gutxi egitearen arrazoia?

Krisiak eragin handia du: oso zaila da espedizioetarako behar den laguntza lortzea. Jendea zer estutasun pasatzen ari den ikusita, sentiberatasun pixka bat behar da diru eskean joateko. Erakundeetan beti izango dira kiroletarako diru laguntzak. Izango da jendea pentsatuko duena diru laguntza hori jende gazteagoari eskaini behar zaiola; ulergarria da.

Ez zaitut ikusten hamalau zortzimilakoen lehian. Hala ere, zer iritzi duzu Oiarzabalen 2x14x8000 erronkari buruz?

Horrenbeste zortzimilako edukita, zer esango dizut nik, oraingoan banoa berarekin! Ulertzen dut Juanito, nahiz eta egiten duenak askorentzat ez daukan inolako baliorik. Berak duen pasioa oso ulergarria da, eta daukan adinarekin horrelako ametsak izatea miresgarria da, meritu handia dauka. Adinaren kontuarekin jarraitzearren, Carlos Soria ere aipatuko nuke. 73 urterekin dabilen bezala ibiltzea izugarria da, eta horrelako pertsonek jendeari eskaini diezazkioketen baloreak handiak dira.

Mendiak azkar igotzeko ospea duzu. Zer iritzi duzu gaur egun indarra hartzen ari diren mendiko errekorrei buruz?

Kilian Jorneten Everestekoa, esaterako, ondo iruditzen zait, baina jakin beharko nuke zehatz-mehatz nondik egiteko asmoa duen. Ez dakit nondik joango den, bakarrik egingo duen, bide berri batetik ala ez... Nik uste dut egin behar duela: mendizalea da, eskalatzen ere ibiltzen da, eta, fisikoki oso indartsua izateaz gain, oso zentzuduna ematen du. Ondo egongo litzateke, gainera, gero kontatu ahal izatea.

Zer sentitu duzu Nepalgo lurrikararen albisteak jakitean?

Gertutik jarraitu ditut. Bertan ziren, gainera, Gasteizko mendizale batzuk, eta, zorionez, ez zaie ezer gertatu. Kaltea handia izan da, eta beraientzako bizimodua denak ere asko nabarituko du. Mendiek izan duten kalteei buruz, aldaketak bistakoak direla esaten ari dira. Nik, egunotan, Shisha Pagmako argazki batzuk ikusi ditut, eta asko aldatu da.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather