BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Kazetaritza

«Kirol praktikaren zabaltze express garaian bizi gara»

Kiroletako kazetaria, mendiko kirolen, bidaien eta abenturen ahotsa eta erreferentzia izan da Aitor Elduaien urte askoan Euskadi Irratian. Estilo propioarekin eta konplizitatea lagun jorratu ditu gai horiek.
/ Jon Urbe / Argazki Press

Azken hamabost urteetan, Bidaldi, Hiru Erregeen Mahaia, kirol informatiboak, Lauretan Babel, Lau Ordukoa eta musika saioetan entzun izan da Aitor Elduaien (Tolosa, 1975) Euskadi Irratian. Aurretik, kirolarekin zerikusi gutxi zuten saioetan ere aritu zen lanean. Aldaketak izan dira Euskadi Irratian, eta Aitor Elduaienek ez du hor jarraituko.

Nolatan hasi zinen irratian lanean?

Euskadi Gaztea hasi berri zela, udako oporraldirako ordezkoak behar zituzten, eta orduko koordinatzaileak deitu ninduen, Edurne Ormazabalek. Jaime Otamendik emanak zizkion, antza, erreferentziak. Tolosan, inauteri aurreko haur jaialdian, pailazoetako bat zen hura, eta aurkezlea ni. Hala ezagutu genuen elkar. 1993ko uda zen, UBI amaitu ostekoa, eta unibertsitate karrera hasi aurreko oporraldian lagunekin egitekoa nuen bizikleta bidaia alde batera utzi, eta irratiko lanean aritu nintzen.

Mendiari eta bidaiei lotutako programak egin dituzu. Nork eskaini zizun programa egitea?

Orduko programa arduradun Gorka Etxebestek bota zidan enbidoa: «Gai hauek gustatzen zaizkik, bistakoa duk; egin ezak abuztuan egunero bi orduko programa bat». 2000. urtea zen, eta hala hasi zen Bidaldi. Aurreko urtean, Euskadi Gazteako etapa itxi nuen, asteburu goizetan Bed & Breakfast saioa egiten nueneko irrati-denboraldia. Hiru Pauso, Hiru Norabide espedizioko hirugarren etapan parte hartu nahi nuen, Oslo-Nordkapp bizikleta zeharkaldian, eta, hartarako, lana uztea erabaki nuen udaberrian, Euskadi Gaztean nuen kontratua etenez. Euskadi Gazteatik Euskadi Irratirako urratsa emateko baliatu nuen gero aldaketa hura.

Urte asko kirol saioetan lanean, baina mendizalea eta kirolaria ere bazara. Kirolaren aldaketa bertatik bertara ikusi duzu. Zein aipatuko zenituzke?

Mendizalea, bidaiazalea, kirolzalea eta kirolaria ere bai. Kirol praktikaren zabaltze express garaian bizi garela iruditzen zait; kirola egitea modan dago. Ni betidanik sentitu izan naiz kirolari; kultura hori badudala iruditzen zait, gaztetandik ikasitako edo barneratutako zerbait bezala. Gaur egun, asko dira nerabezaroan edota gaztetan kirol kultura bat barneratu gabekoak, kirolean inoiz gutxitan aritutakoak, baina delako moda horregatik edo batek daki zergatik halako batean sekulako loraldiak jota dena emanda aritzen direnak kirolean; maiz, gainera, gaitasun mugen bila. Onartu beharra daukat ez naizela artalde horretakoa sentitzen, baina hainbeste jende erakarri badu kirola ulertzeko modu horrek, zerbaitegatik izango da.

Azken urteetan, zenbait mendi lasterketatan esatari lanetan ere ikusi zaitugu. Nola sortu zen horretan hasteko asmoa?

Esatari lanetan, kirol lehiaketa askotan aritutakoa naiz. Txirrindularitza, saskibaloia, kirol eskalada, triatloia, arrauna, patinajea, futbola, areto futbola, atletismoa, motoziklismoa, pilota, herri kirolak… zertan ez naiz aritu! Eta mendi lasterketetakoa azken urteetako kontua da. Geuk antolatzen genuen Tolosa-Ernio-Tolosa lasterketa izan zen lehena, beharbada; enkarguz, lehena, Zumaia Flysch Trail, eta haren segidan, beste hainbat. Zaletasunagatik, mendi lasterketak gertuko sentitzen ditut, eta eroso aritzen naiz haietan.

Mendi Film Festivaleko aurpegietako bat ere bazara. Arrakasta handia lortu du. Nolako etorkizuna ikusten diozu?

Aurkezle aritzen naiz bertan, bai. Mendi Film Festivala luxu bat da Euskal Herrian, eta jada zortzigarren ekitaldiaren atarian egotea lan trinko eta fededunaren emaitza da. Nazioartean, onenen pare famatzen duten lehiaketa da, eta horrek sekulako indarra dauka Euskal Herriaren proiekzioan. Mugez gaindiko esparru horretan lekua eginda ikusten dut etorkizun hurbilean, mendizaletasuna eta kulturgintzan aritzen direnen jomuga eta erreferentzia bihurtuta, berdin ekoizle nahiz ikusle izan daitezkeenentzat.

Nor izan da elkarrizketatu duzun pertsonaiarik zailena? Eta gehien hunkitu zintuena?

Hunkitu, Agustin Egurrolak. Erretiroa hartu ostean ekin zion hark bidaiatzeari: bizikletaz, oinez, astoarekin… sekulako bidaiak egiten zituen. 2004an izan nuen haren berri: 71 urterekin, Australian 6.000 kilometroko zeharkaldia osatu zuen bost hilabetez. Ingalaterran bizi zen, baina tartean egiten zituen bisitak Euskal Herrira. Irrati estudioan bildu ginen behin baino gehiagotan. Haren Etxebarriko euskara, haren harmonika, berak editatutako bidaia liburuak, bidaltzen zizkidan eskutitzak… Piztu egiten naiz oroitzean. Eta pertsonaiarik zailena? Aitortzen dut gertukoenak ditudan lagunak elkarrizketatzea ikaragarri kostatzen zaidala, zaila izaten baita konta daitekeenaren eta ez daitekeenaren arteko muga zehaztea aurrez aurre daukazuna ondo ezagutzen duzunean.

Orain, irratia uztera zoaz. Zein asmo dituzu etorkizunerako?

Ba, etapa berri bat dator, antza, eta horri begira indar hartzea da lehena. «Babak heltzetik ateratzeko gai izango naiz» esan eta esan nabil galdetzen didatenei. Ea hala den!

MOTZEAN

Mendizale bat? Benantxio Irureta.

Inoiz elkarrizketatu ez baina elkarrizketatzea gustatuko litzaizukeen pertsonaia? Martin Zabaleta.

Mendi bat? Toki bat: Tolosako Urkizu auzo magaleko Lizardiren txokoa.

Pertsonaia bat? Bi: Roald Amundsen eta Robert Falcon Scott.

Kirolari bat? Carl Lewis.

Liburu bat? Eh, Petrel, Julio Villarrena.

Kazetari bat? Ander Izagirre.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather