BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Mendiko lasterketak

Bi abentura AEBetan

Iker Karrera mendiko lasterkari amezketarrak bi erronka izango ditu uztailean Ameriketako Estatu Batuetan. Biek Coloradoko eta Kaliforniako mendiak izango dituzte ardatz nagusi: lehena, Hardrock 100 Endurance, eta bigarrena, John Muir Trail.
/ Gorka Rubio / Argazki Press

Uztailaren 10ean izango da Hardrock 100 Endurance. 160 kilometro eta 10.000 metroko desnibel positiboa ditu. Dortsalak ez ditu ohiko eran banatzen. Edozein lasterketak nahiko lituzkeen lasterkariek ere, munduko onenek, 140 dortsalen zozketaren zain egon behar dute parte hartu ahal izateko. Irabazleek bakarrik izaten dute ziurtatua hurrengo urteko dortsala. Antolatzaileek nabarmentzen dute lehen sailkatuek eta azkenekoek balio bera ematen diotela lasterketari.

Kilian Jornetek, munduko mendiko korrikalari onenak, hiru urtez zain egon behar izan zuen parte hartzeko. Iaz lortu zuen dortsala zozketan. Irabazi egin zuen, eta marka berria ezarri. Iker Karrerak aurten lortu du dortsala. Bigarren saialdian.

Lasterketak Coloradoko 3.700 metrotik gorako hamahiru mendi pasatzen ditu. Karrerak Jornet, Anton Krupicka eta Mike Foote izango ditu aurkari nagusi. Aurten zorterik izan ez dutenen artean daude munduko korrikalari onenetako batzuk: François D'Haene, Joe Grant edo Tim Olsson, esaterako.

Benetako ilusioa egiten zion Karrerari Hardrock 100 proban parte hartzeak. Zozketa izan, eta argi zuen zein izango zen 2015eko helburu nagusia. Lehen lasterketa izango du AEBetan. «Denek diote han mendiko lasterketen inguruko beste kultura bat dutela, ezberdinak direla… Gogoa dut hura zer den jakiteko».

Garaiera handian

Ibilbideaz, «izugarria, ikusgarria eta gozatzekoa» dela esan diote. Karrerak altueraren garrantzia nabarmendu du, Hardrock 100 garaiera handian egiten baita. «Coloradoko Rocky Mountains mendikatean ia 4.000 metroko lepo batetik pasatzen da. Garaiera horietan oxigeno gutxiago dago, eta horrek eragin zuzena du kirol errendimenduan. Altuera horietara ondo egokitzea izango da lasterketako gakoa. Horrek guztiak lasterketa berezia bihurtzen du».

Prestakuntza uztailera begira jarri zuen Karrerak. Aurretik beste lasterketa batzuetan parte hartu du, prestatzeko. Azkenaldian, lesioek ez diote uzten behar bezala entrenatzen eta lehiatzen. «Ez nago nahi bezain ondo, ez», aitortu du. «Min batzuekin nabil; ez didate behar bezala prestatzen uzten. Sufritzen ari naiz entrenamenduetan. Burua gehiago sufritzen ari da, ikusita eguna gainera datorkidala eta ez naizela bete-betean iritsiko».

Els Bastions izan da parte hartu duen azken lasterketa: 92 kilometro, Kataluniako Pirinioetan. «Motorrez ondo noala ikusi nuen, baina minek ez zidaten utzi benetako maila ematen».

360 kilometro hiru egunean kanpoko laguntzarik gabe

Iker Karreraren Ameriketako Estatu Batuetako egonaldia ez da Hardrockekin amaituko. Ondo bidean, ibilbide mitiko bateko marka hausten saiatuko da: John Muir Trailekoa. AEBetatik kanpo ezezaguna da gehienentzat, baina AEBetatik kanpo ezagunak diren Kaliforniako mendilerro ikusgarrienak zeharkatzen ditu: Yosemiteko parke nazionala eta AEBetako mendirik garaiena, besteak beste.

Erronkaren neurria erakusten du zeharkaldiaren luzerak: 360 kilometro. Erronkari heltzeko bi modu daude: kanpoko laguntzarekin eta laguntzarik gabe. Karrerak kanpoko laguntzarik gabe egitea erabaki du.

Egiteko bi moduen artean aldea dago. Bi moduen errekorren artean, ordea, ez dago alde handirik, hiru ordurena baino ez. Leon Pantilatek ezarri zuen kanpoko laguntzarekin egindako errekorra, iazko udan: hiru egun eta zazpi ordu. Andrew Bentzek ezarri zuen laguntzarik gabe egindakoarena: hiru egun eta hamar ordu. 2013an, Tor des Geants irabazi zuen: 330 kilometroko lasterketa, 24.000 metroko desnibel positiboa, ia hiru egunean (70 ordu eta 21 minutu).

Ez da lehen aldia Karrerak horrelako erronka bati heltzen diona. Mendiko lasterketetan lehiatzeaz gain, tarteka eutsi edo ezarri izan ditu zenbait marka: Txindoki 24 orduan zenbat aldiz igo eta jaitsi (11); Pirinioetako hiru mendi garaienak (Aneto, Monte Perdido eta Posets) lotzea (hamasei ordu eta 53 minutu); eta Chamonix-Zermatt mendi zeharkaldia (115 kilometro; 15.500 metroko gorabehera metatua; 21 ordu, 20 minutu).

Azken urteetan albo batera utziak zituen era horretako erronkak, baina John Muir Trailek zirrara sortzen dio. «Kaliforniako mendi ibilbide bat da; diotenez AEBetako mendi ibilbiderik historikoena, ikusgarriena, ederrena», azaldu du Karrerak. Yosemite ibarra eta Whitney mendia, AEB kontinentaleko garaiena (ia 4.500 metro) lotzen ditu, 220 miliako ibilbidean. «Bakarrik eta kanpo laguntzarik gabe egitea izango da erronka, eta lehen dagoen marka hobetzea».

Denboraldi amaiera gogorra du esku artean Karrerak. Ameriketatik bueltan Japoniara joango da. «JMT egin eta gero ez dakit korrika egiten jarraitzeko moduan izango naizen. Ondo banago, Fuji mendiko ultratraila egin nahi dut». 166 kilometro eta 8.500 metroko desnibel positiboa du. 2013ko arantza atera nahi du.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather