BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Ehunmiliak

Ehunmiliak, 'ultrafesta'

Ehunmiliak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi mendiko lasterketak egingo dira ostiraletik aurrera. Mendiko ultren festa izango da asteburuan Beasainen (Gipuzkoa).
Javi Dominguez iazko irabazlea helmugara iristen, Palestinako bandera eskuetan.
Javi Dominguez iazko irabazlea helmugara iristen, Palestinako bandera eskuetan. / Ane Arrieta / Goierriko Hitza

Uztailaren bigarren asteburua gorriz azpimarratua izaten dute egutegian Euskal Herri osoan maratoiaz haratago distantzietan korrika ibiltzen diren lasterkariek. 2010ean erokeria bat zirudien lasterketak bultzada handia izan du eta sendotu egin da. Distantzia luzeetan aritzen direnek aintzat hartzen duten hitzordua bihurtu da: etxetik gertu, paraje ederretan eta antolakuntza onak zainduta. Duela bost urte Ternuaren laguntzarekin abian jarri zen lasterketak ez du bere bidea gelditzeko asmorik. Lehen edizioko korrikalari gehienak euskal herritarrak izan ziren. Gaur egun ere bai, baina mundu guztitik etorritako 30 lasterkari baino gehiago izango dira aurten.

Ehunmiliak: Dominguez-Aleson lehiarik ez

Ehunmiliak izenpean hiru lasterketa jokatuko dira asteburuan Beasainen. Hasteko, ostiralean 18:00etan, proba nagusia hasiko da, Ehunmiliak bera: 168 kilometro (+11.000 metro). Ez da nolanahiko proba. Tartean Izazpi, Erlo, Hernio, Txindokiko lepoa, Aizkorri... igo eta jaitsi beharko dituzte, bost eskualdetan barrena. Ibilbide osoa betetzeko 48 orduko muga izango dute korrikalariek, igandeko 18:00ak arte. Autengo berrikuntzetako bat da korrikalarien segurtasuna bermatzeko beste bi denbora muga gehiago ezarri dituztela: Amezketan eta San Adrianen.

Bost edizioetako irabazleak begiratzen hasita, izen handiak daude, hiru gainerakoen gainetik: Nerea Martinez (Iruñea, 1972), Javi Dominguez (Gasteiz, 1974) eta Imanol Aleson (Azkoitia, 1972). Martinezek hiru garaipen ditu eta gainerako biek, bina. Aurten, zoritxarrez, ez da Dominguezen eta Alesonen arteko lehiarik izango. Dominguezek ez parte hartzea erabaki du azken orduan, belaunean dauzkan arazoengatik. Azken urteetako lehiarik politenetakoa bihurtua zuten Ehunmilietakoa. Dominguez eta Aleson ohituta daude nazioartean lehiatzera, baina urtero saiatzen dira Ehunmilietan parte hartzen. Dominguezen faltan, beste korrikalari ezagun batzuk aipatu behar dira: 2014ean hirugarren izan zen Iñaki Catalan Kataka, Felipe Artigue edota Gaizka Barañano, Euskal Selekzioarekin Espainiako Txapelketan parte hartu duen korrikalaria. Ehun miliako lasterketen arantza atera nahiko du Barañanok. Horiez gain, baita Chung Hyun Chang, Thomas Masterson eta Michael Versteeg estatubatuarra. Versteeg bizikletan joan da Paristik Beasainera eta Mont Blanceko Ultratraila prestatzeko baliatu nahi du Ehunmiliak. Hala ere, irabazi eta marka hautsi nahi du. Elkarrizketa egin dio Goierriko Hitza-k Ehunmiliei buruz argitaratutako gehigarrian.

Emakumeetan nabarmentzekoa da Jaione Sasieta. Edizio guztietan parte hartu du eta badaki zer den lehenengo hiruretan sailkatzea.

Goierriko Bi Handiak: faborito asko
2010ean Ehunmiliak martxan jarri zenetik, Goierriko Bi Handiak G2H lasterketak sekulako gorakada izan du. 88 kilometro dira (+6000 metro). Maratoia baino distantzia luzeagoa, baina ehun kilometrora iritsi gabe eta ehun milietatik urrun. Tarteko disantzia horrek jende asko erakarri du, distantzia eta esperientzia berriak probatzeko. Aurtengorako, lehen aldiz, dortsal guztiak agortu dira. Aurten beste berrikuntza bat ere badu: Euskal Herriko Ultratrailen Txapelketa izendatu dute. Aralarko eta Aizkorriko natur parkeak zeharkatuko dituzte. Beasainen hasi eta Zaldibia, Txindokiko lepoa, Ganbo, Lizarrusti, Etxegarate, Aizkorri, Zerain... Beasainera bueltatu arte. Irteera, ostiralean 23:00etan izango da eta 22 ordu izango dituzte ibilbidea osatzeko.

Faboritoen zerrenda, luzea da. Esaterako, iaz aurreneko bi postuetan izan ziren Pedro Etxeberria zumaiarra eta Iokin Garai oñatiarra. Biek ere denboraldi ona daramate. Horiekin batera izango dira Ion Azpiroz (bigarren 2015eko Andorrako Mitic lasterketan), Luis Lasa (bigarren 2012an eta hirugarren 2011ean), Mikel Leal eta Jose Felipe Larrazabal. Emakumeetan lehia ikusgarria espero da, hainbat korrikalarik baitituzte irabazteko aukerak. Bitxikeria gisa, aipagarria da iaz Ehunmiliak lasterketako podiuma osatu zuten hiru emakumeek, Silvia Triguerosek, Elena Calvillok eta Jone Urkizuk, G2Hn parte hartuko dutela. Horiez gain, baita iazko irabazleak ere, Aitziber Osinalde legazpiarrak. Eta ez dira ahaztu behar Leire Martinez eta Arantzazu Perez de Arenaza. Azken orduko hutsune bat izango da: Alkizan bizi den Monica Grajera kataluniarra, pneumonía batek jota.

Marimurumendi: estrainekoa
Ehunmilietako aurtengo berritasunik aipagarriena Marimurumendi maratoia da: 42 kilometro (+2.300 metro). 154 korrikalarik parte hartuko dute lehen edizioan. 154 korrikalari izango ditu irteera puntuan. Usurbe, Murumendi eta Izazpi pasako dituzte. Igandean 09:00etan hasiko da eta 12:30-13:00ak aldera espero da irabazlea. Bukatzeko epea zortzi ordukoa izango da. Bitxikeria bat: hiru korrikalaritik bat Goierrikoa izango da. Izen ezagunak izango dira tartean: gizonezkoetan Iker Zurutuza eta Iosu Goñi, eta emakumeetan Izaro Rubio eta Ainhoa Lendinez. Laurek daukate eskarmentua mendiko lasterketetan. Zurutuza, esaterako, bigarren izan zen 2011ko G2Hn eta hirugarren 2012an.

Aurten beste berrikuntza bat ere espero da: eguraldi ona. Azken urteetako euri, lokatz eta ekaitzen ostean, eguraldi ona iragarri dute datorren astebururako.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather