BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Mendi lasterketak

Denboraldi bikaina

Euskal Herriko mendi korrikalariek garaipenak eta emaitza onak lortu dituzte parte hartu duten nazioarteko lasterketetan. Lesioak osatzea dute erronka nagusia Javi Dominguezek eta Iker Karrerak.
/ Berria

Hassan Ait Chaou: "Ziurrenik azkeneko urtea izango dut goi mailan lehiatzen"
Erregulartasuna. Horixe da Hassan Ait Chaouren ibilbidea ondoen deskribatzen duen hitza. Aurten ere onenekin lehian aritu da Munduko Kopan. Bederatzigarren izan da. Lehen hamabosten artean sartzea zuen helburu eta gehiago lortu du. Euskal Herriko Txapelketan bigarren izatea ere lortu zuen Urnietan (Gipuzkoa).

Denboraldia ez zen ondo hasi, «gogo gutxirekin eta gogoz entrenatzeko zailtasunekin». Zegamakoaren ondoren egoera aldatu zen, eta ongi sentitu zen berriro. Udan ere gustura ibili da. «Bukaeran, gorputzak eta buruak denboraldia bukatzeko gogoa zeukaten».

Orain, denbora behar du, atseden hartzeko eta etorkizunaz ondo pentsatzeko. «Kirolaz beste modu batera gozatu nahi dut», dio. Ez daki zer egingo duen. Ez du baztertzen goi mailako kirola albo batera uztea ere: «Ziurrenik, azkeneko urtea izango dut goi mailan lehiatzen. Hala ere, orain udazkenean pentsatzeko eta hausnartzeko denbora hartuko dut, datorren urteari begira».

Gogoan ditu Euskal Selekzioko taldekideak. Urteko emaitza onak eta Jokin Lizeagaren eta Iban Letamendiren lesioak. Eta nesken «kasta».

Javi Dominguez: "Datorren urtean Tor des Geants egitea pentsatzen ari naiz"
Ez da denboraldirik onena izan korrikalari arabarrarentzat. Ekainetik ez da lehiatu, belauneko lesio baten ondorioz, eta eten egin du azken urteetako erregulartasuna eta gorakada. «Inoiz ez nintzen hainbeste denbora geldirik egon lesio bategatik».

Hala ere, ez du hondoa jo, eta animatuta dago. «Hau ez da munduaren bukaera, hau denbora-pasa bat da, eta beste era batera aprobetxatu behar da denbora». Dominguez ez da geldirik egotekoa, eta bizikletan ibili da, bai errepidean, bai mendian: «Mundu berri bat aurkitu dut», onartu du.

Oraindik ez daki osatu den. Belauna probatzen ari da. Bi hilabete egin ditu korrika egin gabe, eta orain, pixkana-pixkana, mendi irtenaldiak egiten ari da, «ikusteko belauna osatzeko moduan dudan ala ez». Motibazioa, behintzat, badu.

2016rako planak badauzka: «urteroko lasterketak» (Zegama-Aizkorri, Hiru Handiak, Ehunmiliak) eta Ultra Trail World Tour-eko hiru lasterketa behintzat bai. Baita erronka erraldoi bat ere: «Tor de Geants (320 kilometro) egitea ere pentsatzen ari naiz, baina egutegia begiratu beharrean nago, dena ezin baita egin».

Aritz Egea: «Aldapan behera hobetu behar dut; hor asko aurreratu dezaket»
Orain arteko denboraldi onena egin duela uste du. Zortzi garaipen, tartean Euskal Herriko Txapelketa. Laugarren Munduko Kopan, mendian korrika egitetik bizi diren batzuen aurretik. Sekretuetako bat entrenamenduak dira: «Jokinen [Lizeaga] entrenamendu efizientzia itzela da, entrenatzen dugun ordu kopururako (8-12 ordu astean) ateratzen digun zukua aipagarria da. Korrika egiteaz gain lan egiten dugunontzat egon daitekeen entrenatzaile jantziena da».

Zegaman laugarren egin zuen. Zegama aurretik hiru hilabete pasatzen ditu «zoratuta, beste ezertan pentsatu gabe, neke fisiko eta mental handiarekin». Zaila izango du postua hobetzea. Denbora hobetu dezakeela uste du.

Zortzi garaipen. Hala ere, irabaztea «gainbaloratuta» dagoela uste du: «Errendimenduagatik, Chamonix-eko Mont Blanc maratoiarekin geratzen naiz; gozamenagatik, Hong Kong-eko lasterketarekin».

2016ko erronkak? «Lehenik, aldapan behera hobetzea, hor egin dezaket aurrerapen handiena». Lasterketa gutxiago egiten saiatuko da, «aurten batzuetan motibazio faltagatik perretxiko bila bezala aritu naiz eta».

Aitziber Ibarbia: "Gehiago egin nezakeen. Korrika segitzeko gogoz geratu naiz"
Distantzia guztietan ondo moldatzen den korrikalaria da zizurkildarra. Aurten, hala ere, kilometro bertikaletan nabarmendu da gehien. Munduko Kopan ere bederatzigarren postu bikainean amaitu du azkenik.

Emaitzari dagokionez, Espainiako Kopako Fuente Deko (Kantabria, Espainia) kilometro bertikaleko hirugarren postua nabarmendu du. Ondoen pasatu duenen artean, berriz, Munduko Kopako Hong Kongoa, «oso lasterketa ezberdina, tifoi eta guzti!».

«Gehiago egin nezakeela uste dut». Sentsazio horrekin amaitu du denboraldia. Hala ere, denboraldi hasieran ez zuen espero halako emaitzak lortzerik. « Ekainean oso sasoi ona lortu nuen, baina lesioek ez didate utzi behar bezalako prestakuntza bat egiten, eta pena daukat. Lesioekin zorte on apur bat izatea falta izan zait».

Motibazioa badauka 2016rako, korrika gosearekin bukatu baitu denboraldia: «Korrika jarraitzeko gogoz geratu naiz». Dena, ordea, ez da korrika egitea: «Jende asko eta bazter asko ezagutu dut aurten, eta horrekin aurrera jarraitu nahi dut». Oraindik ez da jarri 2016ko egutegiaren aurrean, denboraldia zehazteko.

Iker Karrera: "Hardrock-ek lasterketei buruz neukan ikuspegia aldatu dit"
Ez du bere urterik onena izan. Bi lasterketa irabazi dituen arren, lesioek ez diote utzi bere benetako maila ematen. «Urte zaila izan da; gehienetan, arazoak izan ditut», laburbildu du. Euskal Herriak maratoiaz haratago daukan lasterkari onenak arantza atera nahi du datorren urtean.

Nahi eta ezin aritu da: «Irabazitako lasterketetan ahogozo beterik ez eta besteetan ahal nuena egin dudan sentsazioarekin. Hori bai, aspalditik sartua nuen arantza bat kendu ahal izan dut, Reunioneko lasterketa bukatu dut behingoz». Larunbatean amaitu zuen denboraldia, Reunionen, Diagonal des Fous ospetsuan, belauneko lesioa osatu gabe eta nahi baino gutxiago entrenatuta. Bosgarren amaitu zuen.

Aurtengo helburu nagusia AEBetako Hardrock lasterketa zuen. «Hardrock lasterketak orain arte lasterketei buruz neukan ikuspegia aldatu dit, gaizki zaudenean lasterketa modu txukun batean amaitzearen balioaz», onartu du.

Ez daki zer egingo duen 2016an. Hala ere, jada jarri da harremanetan lasterketaren bateko antolatzaileekin. Lehen erronka garbia da: lesioa osatzea, «berme gehiagorekin ibiltzeko eta aurten adina ez sufritzeko».

Oihana Kortazar: "Presiorik sentitu gabe lortu ditut emaitza onenak"
Bigarren aldiz ama izan, elitera bueltatu eta denboraldi bikaina egin du. Hamasei garaipen lortu ditu eta seigarren izan da Munduko Kopan. «Urte arraroa» izan da Kortazarrentzat, «asko kostatu baitzait sasoian jartzea».

«Baliteke», Kortazarren esanetan, «urte hasieran itxaropen hobeak izatea». Denboraldia aurrera joan ahala, «nire tokia zein zen ikusita eta nire sasoia beste urte batzuetan bezalakoa ez dela aintzat hartuta», trantsizio urtetzat hartu du. «Lehiatzera baino gehiago, gozatzera joan naiz lasterketetara». Ondorio garbi bat atera du: «Presiorik sentitu ez dudan lasterketetan lortu ditut emaitza onenak». Beste faktore bat ere gehitu behar da: emakumeetan maila oso altua izan dela. Munduko Kopan batez ere. Kortazar seigarren izan da sailkapen nagusian. «Ez dago batere gaizki».

Irabazi ez dituen bi lasterketa ditu gogoan. Alde batetik, Zegama-Aizkorri: «Hirugarren egin arren, nire bigarren denbora onena lortu nuelako, 2012an irabazi nuenean baino hobea». Bestetik, Limone Extrem: «Motibazio handirik gabe joan nintzen, baina horri esker denboraldiko nazioarteko lasterketa onena egin nuen».

Jokin Lizeaga: "Berriro ere bueltan naiz mendi lasterketen mundura"
Irailean eta urrian lortutako garaipenek (azkena, igandean, Gasteizen) gozatu dute Jokin Lizeagaren urte hasiera gazia. Urnietarra indartsu amaitzen ari da urtea; datorren urtean berdin jarraitu nahiko luke. «Lekutan gelditzen da 2014ko Zegama hura! Oso luze egin zait geldialdia», gogoratu du. Amaren heriotzak eragindako animo faltak urrundu egin zuten lasterketetatik. Istripu bat ere izan zuen mendian, Zegama-Aizkorri baino bi aste lehenago, eta lasterketa kutunenean parte hartu gabe geratu zen. Aurtengoak bereziagoa izan behar zuen: «Neure buruari sari txiki bat eman nahi nion, une txarrenetan nire ondoan egon zirenei eskaini nahi nien».

Urte bukaerako emaitza onek indarberrituta eta hauspotuta ekingo dio 2016ko denboraldiari. «Berriro ere bueltan naiz lasterketen mundura». Ez du hutsik egingo Zegaman, eta udan «erronka berriak eta lasterketa berriak» egin nahi ditu.

Hala ere, oraindik ez du aurtengo denboraldia bukatu: maratoitik gorako lehen lasterketa egingo du larunbatean, Andorran, Els 2900 (70 kilometro, +6.700 metro), oso teknikoa. «Abentura bat izatea espero dut, oso teknikoa eta oso mendikoa delako». Inoiz ez du bost ordutik gorako lasterketarik egin.

Maite Maiora: "Nire bizitzako denboraldi onena izan da errendimendua aintzat hartuta"
Bederatzi garaipen, Espainiako txapeldun, hirugarren Europako Txapelketan eta lasterketa bertikalen Munduko Kopan, laugarren Sky lasterketetan... Munduko korrikalari onenen pare jarri da jada. Laburpena erraza da: «Nire bizitzako denboraldi onena izan da, errendimendua eta lasterketetako denborak kontuan hartzen baditugu». Hala ere, denborak hobetuta eta puntu gehiago pilatuta ere, postu okerragoak lortu ditu zenbaitetan. Maila gero eta hobea baita. Gustura baino gehiago, «konforme» dago. Denboraldi bukaerarekin batez ere. «Nik badakit non dagoen nire lekua eta gehiago egitea ez nuen espero. Agian, pixka bat gutxiago eginda ere konforme geldituko nintzen».

Emaitza onak lortu ditu goi mailako lasterketetan. Gogoan du Annecy-ko Munduko Txapelketako hirugarren postua: «Lasterketa bukatzea izan zen benetan handia, belauneko lesio bat izan eta bost aste eskasera». Eta Limone Extrem, Italian. Bigarren egin zuen, Laura Orguerekin gogor lehiatu eta gero.

Denboraldia amaitu berritan, 2016rako helburuak finkatzen hasiko da. Oraingoz, ez dauka helburu zehatzik.

Maria Zorroza: "Lasterketetako bizipenek bultzatzen naute entrenatzen jarraitzera"
Urteko albiste pozgarrienetakoa izan da gernikarra goi mailan agertzea. Euskal Kopa lortu zuen eta Euskal Selekzioan amaitu du urtea. «Izugarrizko ilusioa egin zidan, oso urduri jarri nintzen hasieran, sinistu ezinik. Niretzat, ohore bat da ikurrina bularrean eramatea».

Emaitza onak lortu ditu, eta «izugarri gozatu» du lehen urtean. Lagun berriak, giro berriak... Geratu zaio oroitzapen gazirik, ordea: Urnietako lasterketa batez ere. «Egun eskasa»izan zuen, «baina ikasgai ederra izan zen niretzat».

Euskal Kopa betetzea jarri zion helburu bere buruari, eta bete du. «Oso polita da irabaztea, urte osoko lana baloratzen delako, baina garaipenak baino gehiago estimatzen ditut bizitutako momentuak eta ezagututako korrikalariak», Zorrozaren esanetan. «Horrek du baliorik handiena, bizipen horiek bultzatzen naute entrenatzen jarraitzera».

Oraindik ez dauka planik 2016rako. Hautatzaileekin eta entrenatzaileekin hitz egin nahi du, denboraldia antolatzeko. Ilusio bat badauka: Zegama-Aizkorrin parte hartzea eta lasterketa txukuna egitea. Ikusle izateari utzi, eta hartzaile bihurtzea.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather