Elkarrizketak

Esther Cruz. Eskalatzailea

Ā«Oraindik ere txapelketaren falta sumatzen dutĀ»

Bizi erdia baino gehiago darama Euskal Herrian Esther Cruz Murtziako eskalatzaileak. Ordutik, hainbat aldiz izan da Euskal Herriko txapeldun. Lehiaketetatik kanpo urte asko daramatzan arren, oraindik ere urduri jartzen da txapelketekin.

2020-09-22 / Unai Ugartemendia

Zumaian (Gipuzkoa), bere gaur egungo bizitokian da hitzordua Esther Cruzekin (Murtzia, Espainia, 1976). Kafea eskatzearekin batera, elkarrizketa zer hizkuntzatan egin galdetu, eta ez du zalantzarik egin: euskaraz. Eskalada hitza aipatzearekin batera, begiak argitu zaizkio. Pasioz hitz egin du.

Nolatan etorri zinen Zumaiara?

1998an izan zen. Murtziatik ateratzeko gogo izugarria neukan. Garai hartan, ez nengoen batere gustura, eta, Irakasle ikasketak amaituta, Murtziatik joateko beharra sentitu nuen. Ez neukan batere argi norantz joan. Bitarte horretan, David Carretero ezagutu nuen, egungo nire bikotekidea, eskaladako txapelketa batean. Lehenik Donostiara joan ginen bizitzera, ondoren Lasartera, eta, azkenik, Zumaian amaitu genuen. Lagun batzuk bisitatzera etortzen ginen sarritan, eta herria asko gustatzen zitzaigun. Geroztik hemen gaude.

Ordurako jada eskalatzailea zinen. Nondik datorkizu zaletasun hori?

Ez dirudien arren, Murtzian alpinista eta eskalatzaile asko dago. Pentsa, jende asko zegoen hiru opor egun izanda autoa hartu eta Pirinioetaraino edo Alpeetaraino joaten zena. Ni ahizpa zaharragoari esker hasi nintzen eskaladan. Egun batean harekin joan nintzen eskalatzera, eta asko gustatu zitzaidan. Eskolako bidaiaren truke, aitari aipatu nion eskaladako ikastaro bat egitea nahiago nuela. 16 urte izango nituen. Ordura arte, mendi irteerak egiten nituen Juan Carlos Gallegoren Murtziako mendi taldearekin.

Euskal Herrira etorri zinenerako, eskaladan lehiatzen hasita zeunden?

Bai, bai. Miguel Anjel Gallegorekin hasi nintzen lanean, eta, askotan, unibertsitateetan eskaladako hormak ipintzen genituen bertan egiten zituzten festetarako. Rokodromo haiek, askotan, Espainiako Txapelketak jokatzeko aprobetxatzen zituzten. Egun batean, parte hartzea eskaini zidaten, eta laugarren amaitu nuen. Geroztik, podiumeko toki guztietan egon naiz.

Eskaladan zer aldaketa nabaritu zenituen Murtziaren eta Euskal Herriaren artean?

Giroa, gehienbat! Murtzian, ni baino hogei urte zaharragoak zirenekin eskalatzen nuen; hemen, aldiz, nire adinekoekin eskalatzeko aukera nuen. Hori izan zen, agian, Euskal Herrira etortzeko arrazoirik handienetako bat.

Euskal Herrian txapelketa gehien irabazitakoen artean zaude. Ama izan eta gero ere, eskalatzen eta irabazten jarraitu zenuen.

Bai, hala da. 25 urterekin, Eneko semea izan nuen, baina haurdunaldian lan handia egin nuen. Gimnasiora joaten nintzen, eta lan aerobiko handia egin nuen. Horrez gain, haurdunaldiko zortzigarren hilabeteraino eskalatzen egon nintzen. Lan hori guztia egin ondoren, ama izan eta bi hilabetera, berriro ere lehiatzen nengoen. Sasoi onean egotea lortu nuen denbora gutxian, eta Espainiako Txapelketa hartan bosgarren amaitu nuen. Ama izan naizen aldietan, azkar itzultzea zen lehen helburua. Ez zitzaidan batere zaila egiten. Ez zait etenaldi luzerik egitea tokatu ama izan eta gero.

Euskal Herriko eta Espainiako hainbat txapelketa irabazi eta gero, 2005ean bederatzigarren izan zinen Munduko Txapelketan. Nola duzu gogoan urte hura?

Txapelketa aurretik, Munduko Kopako bi proba egin nituen Italian. Bietan, finalerako sailkatu nintzen. Espainiako txapeldun izatetik nentorren, eta hara joateko oztopoak besterik ez nuen izan. Federazioak traba asko jartzen zizkigun txapeldun izanda ere. Leire Agirre eta biok joan ginen azkenean, eta biak izan ginen finalean. Leire oso indartsu zegoen, eta Munduko Kopan seigarren amaitu zuela uste dut. Han lortutako emaitzekin, Munduko Txapelketara joan ginen. Izugarria izan zen. Munichen [Alemania] jokatu zen. Sailkapen fasean lehena izan nintzen, eta finalean azkena atera nintzen lehiatzera. Gogoan daukat bertan bildu zen jende andana! Zer zen hura! Oso-oso urduri atera nintzen, eta hasiberria izatea ordaindu nuen. Dena eman nahi nuen, eta oso nekatuta iritsi nintzen azken blokeetara. Hala ere, oso oroitzapen onak ditut txapelketa hartaz.

Haurrak oso txikiak zirela, nola moldatzen zinen txapelketetara joateko?

Ahal nuen moduan! Txapelketetan jarraitu nahi nuen, baina astea antolatzeko nahiko lan izaten nuen. Entrenatzen jarraitu behar nuen, eta senarrak ere lanean jarraitu behar zuen. Oso gogorra egiten zitzaidan. Handik gutxira, kanpoan jokatzen ziren lehiaketak uztea erabaki nuen. Etxetik gertu jokatzen ziren txapelketetara bakarrik joaten hasi nintzen.

Txapelketak utzi eta gero, haien falta sumatzen zenuen?

Orduan bai, eta orain ere bai! Haizea alabak bi urte eta Eneko semeak zazpi zituztenean utzi nituen nazioarteko txapelketak. Esfortzu handia egin behar nuen sasoiari eusteko. Oraindik ere, txapelketak ikustera joaten naizenean, oso urduri jartzen naiz. Izerditan amaitzen dut [barrezka]. Askotan pentsatu izan dut helduentzako txapelketaren batean parte hartzea.

Asko jarraitzen al dituzu txapelketak oraindik ere?

Bai, asko. Enekoren txapelketak jarraitzen ditut. Umea zenean, beti joaten ginen; orain, agian, gutxiago. Lehiatzen ari denean asko sufritzen dugu, eta hari ere ez dakit onik egiten dion gu han izateak.

Josune Bereziarturekin lehiatzen ibilitakoa zara zu. Azken hogei urte hauetan asko aldatu al da emakumeen eskalada?

Izugarri! Orain, eskalatzeko edozein sektoretara joan, eta askotan gizonezkoak baino emakume gehiago topatzen dituzu. Hori, gure garaian, pentsaezina zen. Oso pozgarria da hainbeste emakume ikustea. Gurekin alderatuta, askoz goizago hasten dira, gainera. Erraztasun handiarekin ikusten zaie oso txikitatik!

Halere, urte askotan hutsune handi xamarra izan zen emakumeen artean Euskal Herrian. Zergatik uste duzu izan zela?

Gure garaian ez zegoen emakume eskalatzaile askorik, eta, pixkanaka gu utziz joan ginen heinean, hutsunea handituz joan zen. Asko ama izan ginen, beste asko ikastera joan ziren... Ez zen batere erraza. Bestalde, Espainiako Federazioaren aldetik ere oso laguntza gutxi jaso izan dugu. Gizonezkoentzat izaten ziren diru laguntzak ez ziren emakumeentzat izaten. Oraindik ere uste dut antzeko egoeran jarraitzen duela Federazioak! Erabaki beharra izan genuen. Ni oso burugogorra izan naiz beti, eta jarraitzea erabaki nuen. Alde horretatik, oso laguntza handia izan dut senarraren aldetik. Harengatik ez balitz...

Gaur egun nola ikusten duzu eskalada Euskal Herrian?

Sasoiko dago, bai, baina 18-20 urtera iristen direnean, beste gauza ezberdin asko probatzeko nahia sentitzen dute eskalatzaile askok. Egia da gaur egun oso umetan hasten direla, eta 20 urte betetzerako ebakuntza askotatik pasatuak direla, lesioak direla medio. Ez dakit etorkizunean zer gertatuko den haien gorputzekin.

Eskalatzen beldur asko pasatutakoa al zara?

Lehen, ez, baina, ama izan eta gero, beldurrarekin hasi nintzen. Jende askok ez du ulertzen. Ez duzu pentsatzen eroriko zarenik, baina eroriko txiki bat nahikoa da min hartu eta etxean gelditu behar izateko. Umeak txikiagoak zirenean, beti tentuz ibili behar izaten nuen. Igogailurik gabeko etxe batean bizi gara, gainera. Nire egunerokorako oztopo izugarria izango litzatekeelako pasatzen dut beldur gehien. Istripu txikiak izan ditut, baina gauza larririk ez.

Gaur egun ere, oraindik askotan joaten al zara eskalatzera?

Nahi baino gutxiago! Orain beste modu batera bizi dut eskalada. Lehen aipatu bezala, bi alaba txikienek ez dute Enekok duen zaletasunik, eta, askotan, eskalatzen hasterako, alde egin nahi izaten dute. Haien zaletasunak ere kontuan hartzea tokatzen zaigu [barrezka]. Eskalatzearen falta handia sumatzen dut, eta askotan ez naiz joaten gehiegi sufritzen dudalako. Lehiakorra izan naizen aldetik, oso zaila egiten zait oreka hori aurkitzea. Jarraipenik ez izateak asko estutzen nau. Beti izan naiz oso exijentea neure buruarekin!

Eneko semea aipatu duzu. Gaur egun oso eskalatzaile ona da. Espero zenuen maila horretara iristea?

Gerta zitekeela bagenekien. Beste bi alabak gustura joaten dira mendira, baina ez dira inoiz izan eskaladaren zale amorratuak. Eneko, aldiz, oso txikitatik hasi zen paretan gora. Bera oso irekia da, gainera, eta edonorekin joaten zen. Urteak daramatza eskaladan, eta aurrerapauso handiak eman ditu urtero. Arrokara joaten da, baina berak nahiago ditu txapelketak. Oso txikitatik lehiatu izan da, eta nirekin ere txapelketetara etortzen zen oso txikitan. Txapelketak bai, baina guk beti bultzatu dugu mendira eskalatzera joatea.

Zuk zenituen ezaugarrietatik, zer falta du Enekok?

Gure arteko ezberdintasunik handiena zera izan daiteke, agian: bai Davidek eta bai nik eskalatu egin nahi genuela, nahiz eta ondoan ez genuen inor eskalatzen zuenik. Asko borrokatu ginen, eta gure bizimodu bihurtu genuen. Aldiz, Eneko, jaiotzetik, giro honetan murgilduta dabil. Orduak pasatu ditu bide ezberdinen oinarrietan, eskalatzaileen artean, lehiaketaz lehiaketa... Ez da izan guk inposatu diogun zerbait. Barrutik irten zaion zerbait da, nahiz eta askotan inertziak horretara eraman duen. Hori izan daiteke ezberdintasunik handiena, fanatismoaren eskaladak bakoitzari eragin diona.

Esther Cruzen eta David Carreteroren semea izateagatik presioa izan du oso umetatik? Nola bizi izan du hori?

Berak ezetz esaten du. Guk inoiz ez dugu estutu ezertan, eta normal eraman duela iruditzen zait.

Enekoren antzera, gaur egungo eskalatzaile askok Olinpiar Jokoak dituzte begiz jota. Eskalatzaile asko kritiko azaldu dira erabakiarekin. Zuk zer iritzi duzu eskalada kirol olinpikoa izatearekin?

Ez dut ulertzen eskalada olinpiar kirol izatearekin kritiko azaltzearena. Bi kirol ezberdin direla iruditzen zait. Nik beti ezberdindu izan ditut arroka eta txapelketak. Ez dira gauza bera. Zer kalte egiten dio batak besteari? Zergatik egin behar diote kalte txapelketek arrokari? Zalantzarik gabe, bateragarriak izan daitezkeela iruditzen zait. Askok diote orain jende gehiegi ibiliko dela eskalatzen. Lehen, asko igerilekura joaten ziren, edo gimnasiora, eta orain eskalatzera joaten dira. Zer du horrek txarra? Katu oin batzuekin eta magnesio pixka batekin bakarrik joan zaitezke gaur egun rokodromo batera. Oso kirol atsegina da, eta oso erosoa. Ez diot inondik arazorik ikusten.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather