Elkarrizketak

Alex Txikon. Alpinista

«Badaude K2ra neguan igotzeko zirrikituak; topatu egin behar dira»

K2ra neguan igo gabe, baina asko ikasita bueltatu da Txikon Pakistandik, ez bakarrik neguan oraindik ere igo ez den zortzimilako bakarrari aurre egiteko moduez, baita pertsonen eta espedizioen arteko harremanez ere. Ez du etsitzeko asmorik. Bideoa elkarrizketaren amaieran.

2019-04-02 / Unai Ugartemendia

Azken urteetan bezala, aurtengo neguko hiru hilabeteak ere espedizio batean murgilduta pasatu ditu Alex Txikon alpinistak (Lemoa, Bizkaia, 1981). Neguan gailurrera igotzeko gelditzen den zortzimilako bakarrean, K2 mendian (8.611 metro), egin du aurten ahalegina. Neguaren gordintasunak ez dio aukerarik txikiena eman gailurrera gerturatzeko. Zin egin du itzuliko dela.

Eguzki printzak dira nagusi Lemoan. Espedizioan erabilitako materiala bere lekuan jartzen ari da Txikon: lo zakuak, arropa, sokak eta beharrezko guztia txukun edukitzea gustatzen zaio. Lasai dago etxean. Hala ere, elkarrizketa amaitzerako badu zeregina, «Eskalatzera noa Mugarrara edo Araotzera. Denbora aprobetxatu beharra dago». Erroman pasatu du asteburua, Nanga Parbaten hilda topatu zituzten Daniele Nardi eta Tom Ballard alpinistei antolatu zieten omenaldian.

Egun gutxi dira etxera itzuli zarela. Zer-nolako balorazioa egiten duzu espedizio honetaz?

Oso positiboa. Azken hiru hilabete hauetan denetik egin dugu: lehenik, Katmandu aldera joan ginen, han Nepaleko lagunekin elkartzeko; gero India osoa zeharkatu genuen; handik Pakistanera, han elkartu ginen espedizioko kide guztiok, urtarrilaren 2an; trekkinga; eskalada; Nanga Parbatekoa [Daniele Nardi eta Tom Ballarden gorpuak aurkitu zituzten]; bueltan, berriro K2ko beheko kanpalekura; eta, orain, etxera. Egia esan, oso pozik gaude. Espero genuen horixe pasatu zaigu. Bagenekien otsaila oso hilabete txarra izango zela, eta etxetik irten nintzenean ere ez nuen helburu finkorik, asmo oso irekiekin joan nintzen. Iaz, agian, ez genuen aurreikuspenik bete; hau, ordea, beste gauza bat izan da.

Hara joan aurretik esan zenuen gailurrera igotzeko aukera %5ekoa bakarrik zela.

Bai, eta orain ere berdin-berdin pentsatzen dut. Orain hiru urte, Nanga Parbatera igo eta gero, buruan nuen Everestera eta K2ra igotzea. Duela bi urte denek zioten poloniarrak K2ra joango zirela, eta, hori ikusita, horregatik joan ginen gu Everestera. Denbora neraman negua Pakistanen igarotzen. Argi daukat neguan horrelako igoera bat lortzeko bi edo hiru aldiz joan beharra dagoela.

Neguan hara igotzea ezinezkoa dela esaten dutenentzat, zer duzu esateko?

Oso-oso zaila da, baina badaude K2ra neguan igotzeko zirrikituak, baina topatu egin behar dira. Adibide gisa, Nanga Parbateko erreskatea izan da. Erreskatea egitera joan ginenean, denek zioten Nardi eta Ballard elur jausi baten azpian egongo zirela, ez genituela aurkituko. Dena baloratu genuen, eta bagenekien Nardi ez zela leloa. Bost aldiz egona zen han, eta bagenekien nondik nora ibiliko zen gutxi gorabehera. Azkenean aurkitu genuen, eta ez elur jausi batean. Soka batetik zintzilik daude biak, izozturik. Denok dakigu arrisku handia dagoela, baina saiatuz gero, igo daiteke. Jendeak uste duena baino garrantzi handiagoa du estrategiak, eta guk asko ikasi dugu aurten.

Han egon zara, eta probatu duzu. Urteak joango al dira K2ra igo aurretik?

Ez, eta uste baino lehenago igo ahalko da hara. Doazenek edo goazenok bizkorrak eta adimentsuak izan beharko dute, edo dugu. Gauzak oso ondo egin behar dira; argi eduki behar da hara igo daitekeela. Horrela pentsatzen ez baduzu, alferrik joango zara.

Aukerez hitz egiten hasita, egun hauetan aipatu duzu urtarrilaren lehen egunetan edo martxoan igo behar dela K2 mendira. Zergatik?

Gezurra badirudi ere, abenduan mahuka motzean egon zaitezke Nanga Parbateko beheko kanpalekuan. Batzuek diote negua abenduaren 1ean hasten dela eta otsailean amaitzen dela; baina ipar hemisferioan negua ez da horrela izaten. Argi dago neguan K2ra igoko den alpinistak bizkorra behar duela. Talde arina beharko du, baina talde sendo batean murgilduta. Horrek esan nahi du gailurrera abiatu aurretik lan handia eginda eduki beharko duela.

Komunikabide batzuek kritikatu dute gailurretik oso urruti gelditu zaretela. Zer duzu esateko?

Ezer ez. Gure lana egin dugu. Hirugarren kanpalekua martxoaren 16an ipini genuen, eta askok esan dute hurrengo egunean aukera izan genuela. Baina zertarako ibili behar genuen soka zaharrekin? Badakizu zer-nolako beldurra pasatu genuen soka zaharretan barrena? Zer ibili behar genuen, gezurretan? Ez geneukan geure burua zuritu beharrik, eta ez genion logikarik aurkitzen. Gurea izan da aurten ere mendian izan den soka berri bakarra. Errusiarrek ez dute biderik hornitu, baina esan dute guk ibilbide paralelo bat ekipatu dugula. Laurogei luzetan hiru mila metro soka ipini ditugu. Gertatu diren gauza askori bueltak ematen ari naiz, ez baita erraza dena ulertzen.

K2ra igotzeko aukerarik ez duzuela izan sentitzen al duzu?

Oso azkar ibili gara mendian, eta aukera ere izan genuen, baina, lehen aipatu bezala, ez zen gure asmoa soka zaharretan ibiltzea. Lau soka daude bigarren kanpalekura arte, baina badakizue zer arrisku dagoen? Erokeria bat da. 2011. urtean, 8.200 metrora iritsi nintzen K2an, eta sei ordutan jaitsi nintzen beheko kanpalekuraino, Cessen bidetik; hala egin nuen guk hornitutako bidea zelako, soka berriak zirelako. Aurten ere oso bide ona osatu dugu, korapilorik gabe. Azken postuan gaude, neguko espedizio batean igotako altuera kontuan hartzen badugu, 7.150 metrora iritsi garelako. Ez dut uste horrela baloratu behar denik.

Errusiarrak aipatu dituzu lehen. Otsailean izandako komunikazio batean, aipatu zenuen beldurra ere pasatzen ari zinela. Nolako harremana izan duzue haiekin?

Ez dugu harremanik izan, ezta batere. Beheko kanpalekura iritsi ginenean egiten genituen gauza guztiak argitaratzen hasi ziren. Trekkingean, esaterako, gure lagun bat gaixotu egin zen, eta helikopteroari deitu behar izan genion hura artatzeko. Errusiarrak, laguntza eskaini beharrean, Interneten gauzak idazten hasi ziren... eta horrela gauza asko, bata bestearen atzetik. Sukaldeak bakarrik bereizten gintuen, baina hasieratik gauzak asko nahastu ziren. Dena oso arraroa izan da, eta oso gauza itsusiak eta larriak egin dituzte.

Kanpalekuak muntatzeko garaian, esaterako, oztopoak ere jarri omen zizkizueten.

Bai. Lehen kanpalekuan, hiru edo lau denda ipintzeko lekua badago, baina haiek dena okupatu zuten bi dendekin. Nahita jarri zituzten gaizki, guk ia lekurik ez izateko. Gurekin egon diren poloniarrek haiengana jo zuten guregana etorri aurretik. Bakoitzari ia 30.000 euro eskatu zizkioten, jakinda 15.000 euro kostatzen dela. Hori al da mendizaletasuna? Zer etorri gara, dirua egitera? Gauza hauek ez genituen ulertzen, baina, tira...

K2ra neguan igotzea, lehia huts bihurtu al da?

Bai, argi eta garbi dago. Ez dakit zergatik, baina asko gauzak ezkutatzen saiatzen dira. Bakoitzak bere estrategiak ditu, baina azkenean gauzak atera egiten dira. Tristea da, baina horrela dago gaur egun Himalaia.

Hiru hilabete pasatu dituzu espedizioan. Zer izan da denetan gogorrena?

Errusiarrak hain gertu izatea eta haiekin inolako hartu-emanik ez izatea. Hori izan da gogorrena. Ez zitzaidan inoiz horrelakorik pasatu. Niri asko gustatzen zait sukaldean egotea, baina, aurten, ez ditut hamar minutu ere egin.

Azken bi urteetan, Everesten izan zinen; aurten, berriz, K2n. Zein dira aldeak?

Karakorumeko neguak askoz ere gogorragoak direla, alegia, K2ko beheko kanpalekua askoz ere gogorragoa dela. Niri ez zait hain gogorra egin, baina nirekin joan diren eskalatzaile nepaldarrek gaizki pasatu dute. Hatzak minduta itzuli dira. Felix Criadori ere oso gogorra egin zaio. Neguan baldintzak oso gogorrak dira, eta horren aurka ezin duzu ezer egin.

Espediziokide batzuk berriak ziren. Gustura gelditu al zara haiekin?

Bai, oso gustura. Beti daude haserreak, eta nik, gainera, ez dut tarteko biderik, kale edo bale egin beharra izaten da askotan, baina oro har oso talde ona izan dugu aurtengoan ere. Lagunen arteko talde bat izan gara, inongo presiorik gabe ibili den taldea.

Daniele Nardiren eta Tom Ballarden erreskatea egitea ere tokatu zitzaizuen. Erreskatean pasatutako egunek gailurrerako ahalegina zapuztu al zuten?

Ez, aurten ez da inolako aukerarik izan K2ra igotzeko. Ez genuen denborarik galdu horretan.

7.100 metrora iritsi zineten. Oraindik ere 1.500 metroko desnibel positiboa gainditu behar zenuten gailurreraino. Hori mundu bat da, ezta?

Bai, baina hiru egunetan lan egin eta gero, 7.100 metrora iritsi ginen. Pentsa, errusiarrekin alderatuta, haiek bost egun behar izan zituzten lehen kanpalekura iristeko. K2n zailtasunak hirugarren kanpalekuan amaitzen dira, hortik aurrera asko etzaten da mendia. Bidea ondo markatu behar da hortik aurrera, ez galtzeko. Gainerako zortzimilakoekin alderatuta, esan daiteke K2 besteak amaitzen direnean hasten dela.

Aurtengo berrikuntzetako bat izan da igluak eraiki izana. Alde handia nabaritu al duzue?

Gauzak asko erraztu dizkigu. Oso gogorra izaten da egunero-egunero baldintza txarretan egon behar izatea. Egia da ez genituela behar bezain ondo prestatu, baina laguntza handia izan da guretzat. Pentsa, zero azpitik bost gradutan egon gara barruan, eta hori oso gutxitan gertatu den gauza bat da neguko espedizioetan.

Esan daiteke igluek alpinismoari ekarpen bat egin diotela?

Bai, zalantzarik gabe. K2ra igotzeko oso laguntza handia da, eta handiagoa izan liteke lehen kanpalekuan ere igluak ipintzeko gaitasuna izango bagenu. Horretarako esku trebeak eduki behar dira, ez da batere erraza.

Neguko denboraldia amaitu berri da, baina datorren urterako espedizioak martxan jarrita daude. Badirudi poloniarrak berriro ere saiatuko direla, eta Denis Urubko ere tentatu omen dute. Errusiarrek ere ez dute etsiko. Zu han izango al zara berriro?

Gustatuko litzaidake, baina oraindik oso goiz da ezer esateko. Nik argi daukat itzuliko nintzatekeela, baina aurtengoa nola amaitu den ikusita... Horrelako gauzek atzera eginarazten didate.

Berriz joateko aukera izanez gero, zein izango litzateke planteamendua? Zerbait aldatuko al zenuke?

Bi talde egingo nituzke: talde bat lehenago bidaliko nuke, urtarrilean, igluak muntatzera, eta gu otsailaren 1ean iritsiko ginateke beheko kanpalekura. Errusiarrak eta poloniarrak nola joaten diren ikusita, azkenak iristen saiatuko ginateke. Ikusi egingo genuke haiek egindakoa eta haiek aukeratutako bidea, eta hartu-eman bat izaten saiatuko ginateke. Argi dudana zera da, ez naizela izango berriro K2ra igotzen saiatzen lehena. Zer esan handia izango lukete espedizio bakoitzaren baliabideek.

Zer esan nahi duzu horrekin, dirua ezinbestekoa izango dela K2ko gailurrera igotzeko garaian?

Noski. Bestalde, oso ausarta izan behar da altueran denbora asko igarotzeko. Agian, guri hori falta zaigu, gehiago arriskatzea. Hori bai, balentria eta ausardia gauza bat dira, baina oso garrantzitsua da burua hotz izatea ere.

Zer ikasi duzu espedizio honetan?

Gertatu zaizkigun gauza askorekin ez haserretzen ikasi dut. Orain dela hamar urte, ez nuen hainbeste jasango.

Ia hamar urte daramatzazu neguko espedizioetan: lehenik Gasherbrum I-en, urte batzuetan Nanga Parbaten, beste bi Everesten eta aurten K2n. Noiz arte ikusiko zaitugu neguko espedizioetan?

Ez dago ibilbide askorik, agian bat, bi... Gustura gaude, eta orain, itzuli berritan, gustatuko litzaidake maiatzean Nepalera joatea edo udan Pakistanera; baina, bestalde, izugarrizko nagikeria eragiten dit. Agian, beste espedizio bat egingo nuke neguan, baina gauza asko hausnartu behar dira. Askotan pentsatzen dut: «Zenbateraino merezi du horrela ibiltzeak?». Alpinismo aldetik, ez du garrantzi handirik; gauza da neguan egitea.

Zer asmo dituzu udarako?

Buruan baditut asmo batzuk. Gustura joango nintzateke agian Kanchenjungara [Nepal, Himalaia, 8.586 metro]. Zeren falta sumatzen dudan? Egingarriagoa den proiektu batean murgiltzea, ez gailurrera igotzeagatik, baina bai beste sentsazio batzuk izateko. Pizgarri bat falta dut agian. Entrenatzea ondo dago, baina, askotan, lehiatzea ere ondo etortzen da, eta hori, mendiari dagokionez, gailurrera igotzeko aukerak izatea da.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather