Elkarrizketak

Sergi Mingote. Alpinista

Ā«Errekorrak ez nau batere itsutzenĀ»

Mila egunetan hamalau zortzimilakoak osatu nahi zituen Sergio Mingotek, oxigenorik gabe. Ondo hasi zen, sei igo baitzituen urtebetean. Baina, pandemiagatik, dena atzeratu zaio.

2020-05-12 / Unai Ugartemendia

Jende gehiena bezala, geldirik dago azkenaldian Sergi Mingote alpinista (Parets del Valles, Herrialde Katalanak, 1971). Urte garrantzitsua zen hau harentzat, 1.000 egunetan hamalau zortzimilakoak igotzeko proiektuari dagokionez. Udaberriarekin batera, Nepalen egon behar zuen. Etsitzen hasita dagoen arren, ez du esperantzarik galdu aurten beste zortzimilakoren bat igotzeko.

Nola joan zaizu itxialdia?

Ondo. Iaz, ia zazpi hilabete pasatu nituen etxetik kanpo, espedizioengatik, eta geldialdi honek berriro ere familiarekin gozatzeko eta egoteko balio izan dit. Osasunez ondo gaude denak, eta, alde horretatik, lasai egoteko aukera izan dugu. Etxekoekin nituen zorrak kitatzeko balio izan dit [barrezka]. Bestalde, gauzak zerbaitengatik pasatzen direla pentsatzen dut, eta hau ere hala da.

Nola darama familiak zu hainbeste denboran kanpoan egotea?

Jada ohituta daude. Emaztea 1999an ezagutu nuen, nire bigarren zortzimilakora, Shisha Pagmara [Nepal, Himalaia, 8.013 metro] nindoanean. Geroztik, 30 espedizio baino gehiago egin ditut. Bizitza guztian horrela ezagutu naute. Alaba jaio zenean ere, Australian nengoen, Seven Summit proiektua amaitzen, eta handik etorri eta hiru egunera jaio zen. Etxean nagoenean, denbora ahalik eta ondoen baliatzen saiatzen naiz.

Alpinisten agurrak gogorrak izaten dira espedizioetara joan aurretik. Zuk nola agurtzen dituzu?

Ez dut ezer berezirik egiten. Emazteak beti laguntzen nau aireportura, eta han agurtzen dugu elkar. Baina egia da han ere kazetariz inguratuta egoten garela. Etxekoen agurra bi egun lehenago egiten dut. Zinemara joaten gara lehenik hirurak, eta, gero, norabait afaltzera. Askotan, abiatu aurreko bezperan, espedizioko kideren bat izaten da etxean, eta azken gauzak presatzen ditugu.

Kirol eta diziplina askotan ibilitakoa zara, baina noiz eta nola hasi zinen mendian?

Ni ez naiz mendian jaiotako alpinista horietako bat. Ni kirolaria naiz gehienbat. Oso txikitatik, gurasoek garrantzi handia eman zioten kirolari, eta denetik egin dut. Arte martzialekin hasi nintzen 3 urterekin, eta gero taldeko kirol batzuk egin nituen; esaterako, txirrindularitza. Ondoren hasi nintzen mendian. Lehenik eskalatzen, gehienbat izotzean, eta, 1997an, lehenbizikoz espedizio batera joan nintzen, Ekuadorrera. Sei edo zazpi sumendi igo nituen. Geroztik, mendian nabil buru-belarri, baina tartean egin izan ditut ironmanak, bizikleta zeharkaldiak... Lagungarriak dira.

Urratsez urrats joan zara mendian, ezta?

Bai, bai, eta, gainera, horren oso aldekoa naiz. Pirinioetan asko ibili nintzen, baita Alpeetan ere. Korridore asko egin nituen han. Ondoren abiatu nintzen mendi garaietara. Andeetara, Ekuadorrera, Argentinara, Kilimanjarora [Tanzania, Afrika, 5.895 metro] eta Lenin Peakera [Pamir mendikatea, Kirgizistan. 7.134 metro] joan nintzen. 1998an, lehen zortzimilakoari heldu nion. Cho Oyu [Tibet, Himalaia, 8.201 metro] izan zen nire lehen zortzimilakoa. Geroztik, mendi horien bueltan nabil, baina tartean igo ditut Ama Dablam [Nepal, Himalaia, 6.812 metro] eta Khan Tengri [Kazakhstan, 7.010 metro].

Gaur egun, ordea, jendeak goi mailako mendietara joan nahi du ahalik eta azkarren.

Bai, eta esperientziarik gabe! Ez da mendi garaietara joateko modurik onena.

Zortzimilako batzuk igo ondoren, 14 X 1000 proiektuari ekin zenion. Hamalau zortzimilakoak 1.000 egunetan igotzea zen helburua. Nondik sortu zen desafio hori egiteko ideia?

Lehenago hasi nintzen 3 x 2 x 8.000 proiektuarekin. Kirolean inklusioa izan dadin lan egiten duten elkarteen aldeko proiektu bat zen. Ni, gaur egun, fundazio bateko presidentea naiz, eta diru laguntza batzuk ematen ditugu kirol proiektu inklusiboetarako. Konturatu ginen izugarrizko lana egiten zuen jendea zegoela, baina ia inork ez zuela ezagutzen. Proiektu horiei ikusgarritasuna emateko, dirua jasotzea zen lehen helburua. Hasierako asmoa hiru zortzimilako igotzea zen, baina proiektuan lagundu nahi zuten enpresa gehiago zeuden: denera, sei, azkenean. Beraz, sei zortzimilako igotzen saiatu beharra neukan. Espedizio bikoitzak egin behar nituen. 2018ko uztailean hasi nintzen, Broad Peakikekin [Karakorum, Himalaia, 8.051 metro] eta K2rekin [Karakorum, Himalaia, 8.610 metro]. Gero, irailean, Manaslu [Nepal, Himalaia, 8.156 metro] igo nuen, eta 2019an, maiatzean, lehenik, Lhotse [Nepal, Himalaia, 8.516 metro] eta uztailean, Nanga Parbat [Karakorum, Himalaia, 8.126 metro] eta Gasherbrum II [Karakorum, Himalaia, 8.035 metro]. Hura amaitzean, Kim Chang-Ho korearrak zuen errekorra saiatzeko ahalegina atera zen. Hamalau zortzimilakoak oxigenorik gabe osatzeko, zazpi urte, hamar hilabete eta zazpi egun behar izan zituen, eta horretan gaude. Proiektua atera zenean, azkar batean Dhaulagirira [Nepal, Himalaia, 8.167 metro] joan nintzen. Igo ere egin nuen. Hasieran, mila egunetan egin nahi genituen hamalauak, baina bagenekien oso zaila izango zela. Orain, Annapurnan [Nepal, Himalaia, 8.091 metro] eta Makalun [Nepal, Himalaia, 8.481 metro] egon behar nuen.

Broad Peak eta K2 astebetean igo zenituen. Zer oroitzapen duzu?

Uf, nire bizitzako asterik gogorrena izan zela esango nuke. Lan handia egin genuen Broad Peaken, eta uztailaren 16an igotzea lortu genuen. Hura igo eta gero, lehen asmoa zen atseden pixka bat hartzea, baina denboraldia amaitzera zihoan, eta, denek mendia utzi zutenean, saiakera egin nuen. Muhammad Ali Sadpararekin abiatu nintzen gailurrera. Berak, aurretik, hiru saiakera eginak zituen, baina gailurrera iritsi gabe. Azkenean, nik igotzeko aukera izan nuen, eta Sadpara gailurretik 200 metrora gelditu zen. K2 mendian, lau egun besterik ez nituen egin! Asko kostatu zitzaidan gailurrera heltzea, ez nuelako nahikoa atseden hartu Broad Peaketik.

Hain muturrekoa izan zen K2?

Bai. Igoera oso gogorra izan zen, elur asko zegoelako, eta bidea ireki behar izan nuelako. Jaitsieran, berriz, aztarnak desagertuta zeuden, eta bidea ez nuen topatzen. Sadpararekin ere ez nuen topo egiten, eta une horretan pentsatu nuen agian ez nintzela handik bizirik aterako. Patuaren ondorioz edo, erlojuaren GPSa martxan jarri, eta halako batean soka finko bat aurkitu nuen. 30 ordu pasatu genituen oinarrizko kanpalekura jaisteko. Gertakari hark konfiantza handia eman zidan. Zorte handia izan nuen. Inoiz ez dut horrenbeste beldurrik izan.

Horrelako erronka baterako ez al zenuen pentsatu talde finko bat osatzea?

Ez da erraza talde bat osatzea horrelako proiektu baterako. Taldean joatearen oso aldekoa naiz, gehienbat, askoz ere hobeto pasatzen dudalako, gehiago gozatzen dudalako... Dena den, etxetik bakarrik irteten naizen arren, mendian beti topatu dut soka lagunen bat. Bakarrik joateak ere baditu bere alde onak; esaterako, material gutxiagorekin joaten zara, oso pisu gutxirekin, eta inoren menpe egon gabe mugi zaitezke mendian.

Zazpi zortzimilako igotzea lortu zenuen oso denbora gutxian, eta errekorra ere eskura zenuen. COVID-19aren birusaren ondorioz, nola dago erronka?

Orain Annapurnako eta Makaluko saiakeran egon behar nuen, baina ezinezkoa da. Falta zaizkidan igoerak udazkenera atzeratu ditut printzipioz. Baina badirudi, Nepalen behintzat, hotelak itxita egongo direla azarora arte. Esperantza nuen irailean berriro ere martxan jartzeko, eta lehenik Makalu eta ondoren Cho Oyu [Nepal, Himalaia, 8.201 metro] egin nahi nituen.

Aurtengorako zer plangintza zenuen?

Udaberrian, Annapurna eta Makalu egin nahi nituen; ondoren, udan, Gasherbrum I [Karakorum, Himalaia, 8.080 metro], eta, amaitzeko, Shisha Pagma [Nepal, Himalaia, 8.013 metro] eta Cho Oyu udazkenean. Gauzek ez dute itxura onik. Argi daukat 1.000 egunetan osatzea jada ezinezkoa dela. Baina ez nau itsutzen batere. Orain garrantzitsuena egoera hau gainditzea da; gero ere izango da mendira joateko denbora.

Neguan saiakeraren bat egitea pentsatu duzu?

Bai. Baina ez nuke nahi proiektua kolokan gelditzea neguan egiteagatik. Orain, agian, aukera gehiago daude horretarako. Bi mendi garaienekin amesten dut; Everestekin [Nepal, Himalaia, 8.848 metro] eta K2rekin. Oraindik ere gauza interesgarriak egin daitezke bi mendietan. Ez dut baztertzen neguan saiatzea.

Horrelako erronkak al dira oraindik ere Himalaian sal daitezkeenak?

Ez nuke esango. Azkenean, bakoitzaren erronka pertsonalak dira. Nik gauza batzuk argi dauzkat. Nire erara eta era alpinoan egin nahi ditut gauzak. Niretzat hori da erronka nagusia. Eta, noski, oxigenorik gabe egingo ditudala ere oso argi daukat. Oraindik ere gauza asko dago Himalaian egiteko; esaterako, Kanchenjunga mendien zeharkaldia, edo Lhotseko gailurra egitea hegoaldetik. Zortzimilakoetan egin daitezkeen bi proiekturik gogorrenak iruditzen zaizkit.

Nondik nora doa alpinismoa?

Ez dakit, egia esan. Gaur egun, badirudi zail doala. Baina Kilian Jornet ere hor dabil abiadura marka guztiak apurtu nahian… Beti izango da denetarako jendea. Alpinismoa izugarri aldatu dela esango nuke, baina, oraindik ere, gauzarik garrantzitsuena oxigenoaren erabilera da. Horretan ez daukat zalantzarik. Mila kontuz hitz egin genezake, esaterako materialaz, sokez, estiloaz... Baina, oxigenoarena ukaezina da. Gaur egun, Himalaian ibiltzen den jendearen % 95 oxigenoarekin ibiltzen da, eta ez naiz zortzimilakoez bakarrik ari. Niretzat alpinismoaren maisua Dennis Urubko da. Hamalauak osatu zituen oxigenorik gabe, baina horietatik bostetan bide berriak ireki zituen. Horrelako gauzak egitea oso jende gutxiren esku dago. Horretan datza aldea.

Zuk argi izan duzu beti oxigenorik gabe saiatuko zinela?

Zalantzarik gabe! Bestela ez nintzen hasi ere egingo! Zilegi iruditzen zait oxigenoa erabiltzea, eta nirekin espedizioetan egon diren askok erabili dute. Baina esan egin behar da. Zintzotasuna erakutsi behar da, eta uste dut azkenaldian zintzoa ez den jende asko dagoela Himalaian ere. Egiten ari naizen erronkak interesa baldin badu, horregatik dela iruditzen zait, oxigenorik gabe egiten ari naizelako. Himalaia oso handia da, baina han gabiltzan gehienok ezagutzen dugu elkar. Ez diot zentzurik ikusten gezurretan ibiltzeari.

Nirmal Purjak egindako erronka zurearekin alderatu du jende askok. Zer duzu esateko?

Ez duela zerikusirik batak bestearekin! Alderik handiena oxigenoa da. Jende askok kritikatu zuen haren erronka, baina zintzoa izan zen. Oxigenoarekin igoko zituela esan zuen, eta hala igo zituen. Oso talde indartsua dauka ondoan, agian gaur egungo indartsuena. Nire errespetu guztia dauka. Eta, bestalde, nahiz eta oxigenoarekin egin, berak lortutakoa ez dago edonoren esku. Ez dut maite haren estiloa, baina errespetua zor diogu. Askotan alderatzen dut maratoiarekin. Marka bi ordutik jaitsi zutenean [ez ofiziala], jende askok zihoen horrelako laguntzarekin errazagoa zela, baina baten batek probatu al du noizbait zer den kilometroa 2 minutu eta 50 segundoan korritzea?

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather