Elkarrizketak

Miguel Angulo. Idazle, kartografo eta argazkilaria

«Ez dut sekula mugarik jartzen, inor baino lehenago han baitziren Pirinioak»

Mendia ezagutzen duen bezainbat ezagutzen du Angulo edozein mendizalek. Pirinioen mapa abangoardisten egilea da, eta klasiko bilakatua da kartografian.

2019-03-03 / Ainize Madariaga

Franko kurritu duten zango horien jabeak izate lañoa du: mendiak baizik eman ez dezakeen jabaltasunez mintzo da Angulo (Baiona, 1953). Azken puntako teknologiaz duen jakitateak kontrapuntua ematen dio: 16 urtetan egiten hasi zen mapak oro 3Dn agertzen ari dira orain.

Mapen, krokisen eta mendiaren zaletasunak etxekoak dituzu?

Aita mendizalea eta marrazkilaria genuen. Urte haietan, aktibitatea oso guti garatua zen: ez genuen sekula nehorekin topo egiten mendian; GR-10 ez zen... Bizikletaz hasi nintzen mugitzen 14 urterekin, zeren eta Baionatik ez baitziren arras urrun Urtsua eta Artzamendi. Ororen buru mendiak ninduenez erakartzen, bizikleta iratzeetan gorde, eta oinez abiatzen nintzen inguruko mendi ttipi guztietara.

Gazte eta marrazkilari.

Garai hartan banuen Guide des Pyrénées basques gidaliburua, 1950eko urteetakoa; haatik, zaharkitua gelditu zen, Euskal Herria aldatu baitzen, bide berri ttipi andana egin zen etxalde bakartuetara heltzeko. Emeki-emeki, gidako ibilaldi guztiak berregiten hasi nintzen, eta neure buruari erran nion: «Pirinioetako gida berria idatziko dut!». Emaztea izanen zenak testuak makinaz jo, eta nik marrazten nuen. Igandero mendira joaten ginen egiaztatzeko egiten ari ginenak balio ote zuenetz. Halaxe ezagutu nuen Elkar argitaletxea izanen zen talde osoa: Jean Louis Maitia, Antton [Pochelu]...

Argazkilaria ere bazara.

Arte plastikoetan ikasle nintzenean, langile hartu ninduten babestu beharreko Baionako etxe guztien inbentarioa egiteko. Baionako karrika hertsietan ez zen lan aisita! Horrela dut lanbidea ikasi.

Zure argazkiek zer ematen dute erakustera?

Ene liburuetan prezagarria da argazkien kalitate tekniko ona, helburua dute praktikoak izatea, zerbait azaltzea eta deskribatzea: mendiaren alde edo gain bat, bai eta Iparraldekoei erakustea ere Hegoaldeko mirari guztiak, eta binperrez. Erran behar baita trenkadaz zatituak zirela 70eko urte haiek, ez baitzen autobiderik, eta guretzat Bizkaira joatea urrun zen Gorbeia edo Anboto igateko.

Mendi paisaia aldatzen ikusi duzu: hitzaldiak eman dituzu horri buruz.

Zinez deigarria da bidexken desagerpena; hori gertatzen da gainean bideak eraikitzen direlako, edo ez delako gehiago kabalarik ibiltzen eta bazterrak larretzen ari direlako, bertatik gehiago ezin pasatzeraino. Nafarroa Garaiko mendia erretxinadunen landaketaz emokatua da, zentzu gabeko eta zainduak ez diren oihan pistekin... Zoritxarrez, badirudi ezin dela gauza handirik egin ez bada bideak seinalatzea. Hori Hegoaldean biziki egin dute, baina gero zaindu egin behar dira; horregatik, Bizkaian, adibidez, ikusi dut deskalifikatu dituztela xendra batzuk. Hala, orain saiatzen gara gutxiago baina hobeki seinalatzen, aski baita baliza bat desager dadin, izan nahitara edo naturalki ezabatu delako, jendea galtzeko. Beraz, gai garrantzitsua da hau. Aitortzen dut, hala ere, ez naizela sekula balizen oso aldekoa izan, baina baliosa dela, denek ez baitute mapa edo GPSrik.

Zergatik ez zara balizatzearen aldekoa?

Mendi basa nahiago baitut, 70eko urteetan zegoen bezalakoa: ez ginen artzainak eta gu baizik! Ez zen iragarkirik, balizarik... Mendiari begira jartzen ginen, eta: «Ikus dezagun: nondik iragan gaitezke?». Orain, aldiz, parkinga baduzu, ordainduzkoak ere badira, Urederran bezala!

Ibilbideak espresionismo abstraktu bilakatu ziren garai batean.

Lehen, klub bakoitza zihoan bere kolorez seinaleztatzera, xendrak tinduz ñabartuak zeuden, Gorbeian, adibidez. Hala zen moda! Orain, beharrik konfetiak baliatzen dituzte, zeinak ibilaldiaren ondotik euriak desegiten baititu.

Sarako Euskal Idazleen Biltzarraren saria eman zizuten 2002an.

Eman zidaten euskal mendi ibilaldiaz egin lan guztiarengatik. Maite dut hara joatea.

Ukan duzu bertze saririk?

Bai, Ezpeletako piperrarena! Kur- kur-kur. Michel Jazy korrikalaria eta bioi eman ziguten, izugarriko gizona zen.

Zer diozu mendi lasterketez?

Ez dut loturarik ikusten mendira joateko ene manerarekin: ikusten ditut iragaten, sekula gelditu gabe, bakar bat baratuko balitz argazki baten egiteko, gainerakoak galduko bailituzke! Ez dut bat egiten egin molde horrekin.

Zein da mendia bizitzeko zure manera?

Adinak hala manaturik, igate gutxiago egiten dut, argazkilaritzatik bizi dut mendia orain; ezagutzen ditudan xokoetara noa nahi dudan argia dagoelarik. Ariketa fisiko gutxiago egiten dut; arte eta filosofia haboro, ordea: aztarna arkeologiko eta historikoen bila noa, euskal kultura eta historiak presentzia handia baitute mendian; bide zahar zenbait lauzatuak dira. Baitezpada, babestu behar dira batzuk, miresgarriki eraikiak izan baitira. Izugarri laket dut bide zaharren nozioa.

3Dko mapak bidean dituzu.

Sua Edizioak-ek argitaratu dizkidate, sakelako telefonoetan baliatu ahal izateko; Face au Sud du izena. Nolanahi ere, betidanik 3Dn lan egin izan dut. Ene mapa guziak birsortzen ikusi ditut interaktibo gisa:itzulika dezakezu, toki zehatz bat markatzen baduzu xehetasun guztiak agertzen zaizkizu; informazioz betea da. Dagoeneko prest dituzte mendebaldeko Pirinio erdiko hamar bat. Begiz oso proiektu polita da, teknikoki ere programazio lan gaitza egin dute, eta emaitza zinez ona da.

Sarerik ez, maparik ez?

GPSa denetara iristen da, ez bada leize baten zolan. Hala, aplikazioa lehenagotik erosi eta deskargaturik toki orotan martxan da.

Abangoardista izan zara.

2000. urteaz geroztik, mapa oro 3Dn egin dut: kartografia teknika horiez baliatu naiz ene mapak egiteko. Oroitzen naiz 80ko urteak 3Dn zinez hastapenak zirela, irudiak lantzeko, manipulatzeko, erliebeak agerrarazteko... Ene marrazkiak txinako tintaz egin ondoren, Macari esker koloreztatzen ahal nituen. Elkar, Sua Edizioak eta hirurok elkarrekin aitzinatu gara teknikan; Felix Igartua grafistak erakutsi zizkidan tresna horiek oro, liluraturik gauzkaten!

Zure mapek ez dute Euskal Herria mugatzen.

Pirinioen panoramika handietan ez dut sekula mugarik agertzen, inor baino lehenago bertan baitziren jada. Pirinioak orokortasunean ikusten ditut, entitate baten gisan. Euskal Herria hor da, eta Biarno, Aragoi, Katalunia... Denak bata bertzea bezain interesgarriak zaizkit. Egia da Baionarekin lotura handiagoa dudala, hemen sortua bainaiz, baina denetakoa sentitzen naiz. Vietnamgoa ere bai, ikusirik emaztea asiarra dela.

Material franko euskaraz duzu.

Elkar argitaletxearekin gertatu kolaborazio guziak betidanik euskaraz ere atera dira, frantsesarekin, espainolarekin eta katalanarekin batera. Salmentak orekatuak dira.

Euskara ikasteko urratsik egin duzu?

Egia erran, Paraguaiko jatorria dut, eta ez dut lotura handirik Euskal Herriarekin, baina toponimiari esker hurbildu naiz euskarara.

Gomendatzen duzu bakarrik ez joatea. Beti betetzen ote duzu?

Usu bakarrik joan izan naiz! Kur- kur-kur. Mendia askoz ere gehiago sentitzen baitut hala, eta lanjeraz ere gehiago jabetzen bainaiz. Baina lanjeros da. Egia da oraingo egunean denok badugula telefonoa kinka gaiztotik ateratzeko. Horiek hola, kasu handia ematen dut nihaur noalarik: beti bi makila daramatzat, soka bat, kranpoi erdiak... Holtzarte gainean jendea zendu da belarretan lerraturik! Diodalarik bakarrik ez ibiltzeko, gutienez hiru izan beharko ginateke, zeren eta binaka ere zer egin laguna istripuz kolpatua baduzu? Beti ukan ditut mendi lagun leialak, sustut esplorazioetarako. Bakarrik nindoalarik, ibilbide klasikoak egiten nituen, jendea gurutzatuko nuen tokietara.

Ba ote duzu anekdotarik?

Adiskide batekin Iparla aldean ginen, Talatze zirkuan, eta adiskidearen zakurra aitzinean zebilen. Bat-batean, ez genuen gehiago ikusi, eta ahuntz tropa ttipi bat gurutzatu genuen, baina zakurrik ez. Hala, bidetik behera amildegira erori zen sasietara, 30 bat metroz! Zinkurinka entzun genuen. Beti soka baitaramat zakuan, horrela iritsi nintzen beregana, eta handik bildu. Kasu eman behar da.

Euskal mendiak badu lanjerik, beraz.

Aro txarra datorrelarik, kasu! Belar maldak izugarri lerrakorrak dira; Txindokin, adibidez, zinezko lerratokia da euria delarik. Jakin beharra da duela bizpahiru urte bi gazte hotzak hil zirela Auñamendin, uztail bete-betean. Ez gara ohartzen mendia nola kanbia daitekeen oren pare batean. Larhunen hil gaitezke patar lerrakor batean: beti kasu eman behar da.

Zer diozu Lymeren eritasunaz?

Iruditzen zait gero eta gehiago badirela, hastiala da. Kontuan hartzekoa da mendira joateko: galtza eta mahuka luzeak jantzi behar dira. Hemen kaparrak diren bezala, Kanbodian izainak dira!

Marrazkilari gisa, krokisak lekuaren gainean egin izan dituzu eta gero etxean landu?

Etxean arkatzez paperean marrazten nuen intuitiboki, neuzkan mapen arabera, erliebea bistaratuz; ondotik, eskaneatzen eta ordenagailuz lantzen nuen. Tableta ukan nuelarik, ordea, argazkiari so eginez marrazkia zuzenean ordenagailuan sortzen nuen. Dena den, mendira nindoalarik, beti kaier bat eramaten nuen arroka edo mendilerro baten detaileak marrazteko.

Proiekturik?

Bai, esku artean dudan mapa hau: Saratik Donostiaraino doana; osoki frantsesez egina eta frantsesendako pentsatua da, eta helburua da Hegoaldea besarkatzea. Elkar argitaletxeak ateratzen duena.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather