Elkarrizketak

Andoni Isusi eta Kimetz Etxabe. Lera gidaria eta txakur kroseko korrikalaria

«Txakur krosak bizitza aldatu digu»

Espainiako Txapelketa irabazi berri dute Isusik eta Etxabek Vaqueira-Bereten (Katalunia): aurrenak, txakur krosean; bigarrenak, sei txakurrekin leran.

2019-03-19 / Unai Ugartemendia

Txakur krosak harrapatu egin ditu Andoni Isusi (Ermua, Bizkaia, 1991) eta Kimetz Etxabe (Zumaia, Gipuzkoa, 2001). Haiekin hitz egitea nahikoa da jabetzeko kirol horrek aldatu egin diela bizitza.

Noiz hasi zineten txakur krosean?

KIMETZ ETXABE: Gauza asko probatutakoa naiz. 12 urtera arte, futbolean ibili nintzen, baita surfean eta zesta-puntan ere. Hura amaitu zenean, txakurrarekin hasi nintzen. Dena dela, beti izan naiz oso kirolzalea.

ANDONI ISUSI: Duela lau urte hasi nintzen txakurrekin. Ni ere, Kimetzen antzera, futbolean ibili nintzen txakurrekin probatu aurretik.

Nondik datorkizue zaletasuna?

A. I.: Ez dakit. Betidanik gustatu izan zaizkit animaliak, eta bereziki txakurrak. Telebistako saio bat ikusi, eta txakurrari arnesa erostea erabaki nuen. Ordurako, etxean Tyson izeneko txakurra nuen, eta harekin probatu nuen.

K. E.: Inondik ez bereziki. Etxean, ama hasi zen lehenik, eta nik, futbola utzi nuenean, probatzeko irrika izan nuen. Baten bat esan beharko banu, amarengandik uste dut datorkidala zaletasuna.

Gogoratzen al duzue txakur krosean egin zenuen lehen lasterketa?

A. I.: Herrian izan zen, Ermuan. Animaliak babesteko antolaturiko lasterketa batean izan zen.

K. E.: Nirea, berriz, Donostian izan zen, Ulia mendian. Oso lasterketa herrikoia zen, baina izugarrizko jendetza elkartzen zuen. Ez nago ziur, baina hiru kilometroko lasterketa bat izan zela uste dut. Bi lasterketa egin ziren: bat, federatuena; bestea, federatu gabeena. Ni bigarrengo horretan aritu nintzen, eta irabazi egin nuen sailkapen nagusia. 12 urte besterik ez nuen.

Bereziki gogoratzen al duzue egun hura?

A. I.: Nik, behintzat, oso era berezian gogoratzen dut egun hura. Gure lehen lasterketa zen, eta oso urduri geunden. Ez nekien Tyson-ek nola erreakzionatuko zuen. Hasieran, oso atzean ateratzeko hautua egin zuen, izututa zegoelako-edo, baina denak aurrerantz korrika atera zirenean, berak ere aurrera egin zuen. Izugarrizko sentipena izan zen hura.

Zu, Etxabe, oso gazterik izan zinen munduko txapeldun. Ez duzu berehalakoan ahaztuko, ez?

K. E.: 2017ko urte amaieran izan zen. Izugarrizko poza sentitu nuen, eta aurrera jarraitzeko bultzada handia izan zen. Sakrifizio askoren ondorioa izan zen garaipen hura. Konturatu nintzen lana eginda emaitzak ere iristen zirela, eta aurrera jarraitu behar nuela. Niretzat ere oso berezia izan zen. Polonian jokatu zen, eta oso jende onaren aurka lehiatu nintzen; oso eguraldi txarra egin zuen. Nire lehen Munduko Txapelketa zen, eta, jendeari erreparatzen jarrita, konturatu nintzen jendea oso ondo prestatuta zegoela: txakurrak ere bereziak ziren txakur kroserako. Lehen unean, beldurra ere sentitu nuen.

Estreinakoa izan arren, irabazi egin zenuen. Espero zenuen halakorik?

K. E.: Inondik inora ere ez. Baten bat bai, baina aurkari gehienak ez nituen ezagutzen. Lehia handia izan zen, eta, esaterako, nire ondoren egin zutenak aurreko urteetan munduko txapeldun eta Europako txapeldun izandakoak ziren. Estreinakoan, nire aurretik irten ziren erlojuaren aurkako proban, eta, ateratzen ikusi bezain pronto, zera pentsatu nuen: «Baina ni nora etorri nauk?».

Orain hamar egun, berriro ere txapeldun izan zarete Espainiako Txapelketan: zu, Isusi, txakur krosean; eta zu, Etxabe, lerarekin.

A. I.: Oso ondo entrenatuta nengoen, eta ilusioz beterik joan nintzen. Podiumean sartzeko esperantza banuen, baina ez nuen neure burua irabazteko lehian ikusten, are gutxiago txapeldun.

K. E.: Hiruzpalau urte badira lerarekin hasi nintzela. Lehenik, bi txakurrekin; gero, laurekin; orain, seirekin... Zortzirekin ere entrenatu izan naiz, baina pixkanaka-pixkanaka joan behar da. Nahiko ondo moldatzen naiz, eta gustura nabil. Egia da elurraren arabera gauzak zailtzen direla. Beti izaten dira erorikoak, baina orain artean, behintzat, ez dut arazo handirik izan.

Irabazteko esperantzarekin joan al zineten Vaqueirara?

A. I.: Espero baino askoz hobea izan zen emaitza. Irabaztea ez zen nire ametsik onenean ere sartzen, nahiz eta beti amesten dugun egun horrekin.

K. E.: Beti izaten da irabazteko esperantza, baina lehian hasi aurretik ez da inoiz jakiten zer gertatuko den.

Zer izan zen gogorrena?

A. I.: Larunbatean galdu nituen 11 segundo horiek berreskuratu beharra. Asko kostatu zitzaigun, eta dena eman behar izan genuen irabazteko.

K. E.: Gorabeherarik ez izatea izan zen gogorrena. Egunero entrenatu behar nuen, txakurrak ere bai. Hasieran gogotsu hasten zara, baina izugarrizko nekea pilatzen da amaierarako. Ia egunero gauza bera zen, eta, azkenerako, oso gogorra egin zitzaidan.

Zuk, Isusi, lehen egunean bigarren amaitu ondoren, igandean postua igotzeko aukera ikusten al zenuen?

A. I.: Larunbatean ikusi nuen aurrean ibil nintekeela, gehienbat oso gertu genuelako garaipena, baina jendearen animoek pentsarazi zidaten irabaztea posible zela, saiatu besterik ez nuela egin behar. Hurrengo egunerako ez nuen ezer aldatu. Oso maniatikoa naiz, eta, ikusirik larunbatean ondo ibili ginela, berdin jokatzea erabaki nuen. Beroketa bera egin nuen, prestakuntza ere bai, eta, azkenean, dena ondo atera zen.

Zer ematen dizuete txakurrek?

A. I.: Niri dena ematen didate. Poza ematen didate, eta bizitza aldatu zidaten, baita pentsamoldea ere. Bizitza une oro bizitzen irakatsi didate, eurek egiten duten antzera.

K. E.: Lagun asko eman dizkit, lagun berri asko… Bidaiatzeko aitzakia paregabea da, gainera, eta hasieran txakur krosa zena, gaur egun, beste gauza bat bilakatu da. Lerarekin nabil azkenaldian. Txakur krosak bizitza aldatu dit.

Zenbat txakur dituzue?

A. I.: Hiru ditut, baina birekin bakarrik lehiatzen naiz.

K. E.: Bederatzi ditut: zazpi jada helduak dira, eta beste biak kumeak. Gehiago ere izan ditut, hamabi edo hamahiru, baina orain bederatzirekin nabil.

Nola aukeratzen dituzu lerarekin ibiltzeko txakurrak?

K. E.: Entrenamenduen arabera aukeratzen ditut. Gero, beti izaten dugu baten bat bestea baino gustukoagoa. Hala ere, denekin ibiltzen saiatzen naiz.

Etxabe, zu izana zara Europako Txapelketan, baita Munduko Txapelketan ere. Zuri, Isusi, gustatuko al litzaizuke joatea?

A. I.: Bai, badut hara joateko asmoa. Maila onean ibiltzea gustatuko litzaidake, baina, batez ere, bertan asko ikasi nahi nuke, eta esperientzia hartu.

Eta Munduko Txapelketara?

A. I.: Horrekin ere amesten dut, bai: izugarria litzateke horrelako txapelketa batean aritzea.

Duela gutxi, Europako txapeldun izan zinen juniorretan.

K. E.: Bai, orain dela lauzpabost hilabete. Ez nuen Pegaso txakurra eraman, entrenamenduetan ez zelako batere fin ibili, bera den bezain fin, eta Trier eraman nuen. Zorionez, dena ondo atera zen.

Txakurrak mantentzea oso garestia izaten da. Esaterako, zu, Etxabe, diru laguntzarik izan al zenuen Munduko Txapelketara joateko?

K. E.: Federazioak oso laguntza gutxi ematen du, eta %90 nire poltsikotik jarri behar izan nuen. Domina irabazi ondoren, gehixeago eman zidaten, nire hegaldia ordaintzeko, behintzat. Hala ere, pentsa: astebeterako joan ginen, hotelak, mantenua, autoaren alokairua...

Zu, Isusi, lehenbizikoz Espainiako txapeldun izan zara. Zerbaitetan aldatuko al zaizu zure egunerokoa?

A. I.: Ez. Niri, behintzat, ez zait ezertan aldatu oraingoz. Agian, orain ezagunagoa naiz txakur lasterketen munduan, baina berdin jarraitzen dut gainerakoan.

Egunen batean lerarekin ariko zara? Edo zurea txakur krosa da?

A. I.: Oraingoz, nirea txakur krosa da. Horretan nabil buru-belarri. Aurrerago ez dakit, hori ikusi egin beharko da.

Lerak aipatuta, egunen batean, gustatuko al litzaizueke Lekkarod eta halako lasterketa garrantzitsuetan parte hartzea?

A. I.: Nahiko nuke, noski! Horrek esan nahiko luke txakur gehiago izango nituela, baina, oraingoz, ametsa besterik ez da.

K. E.: Bai, noski. Begiz jota daukagun lasterketa bat da, nahiz eta datarik onenak ez izan lasterketa egunak. Elurra ere nahiko justukoa izaten da martxoaren amaieran, baina bai, etapa askoko lasterketaren batean izango naiz aurki.

Zein asmo dituzue datorren urterako?

A. I.: Europako Txapelketa ondo prestatu nahiko nuke, eta lurreko Espainiako Txapelketan eta Kopan aurrerago ibili. Horretarako, plangintza on bat egin behar dut, data horietara indartsu iristeko.

K. E.: Denboraldia oraintxe amaitu berri dugu, eta, orain, atseden hartzea tokatzen zaigu. Txakurrak berriro ere solte ibili, lasai ibili... Urrian berriro ere denboraldiari ekingo diogu, eta dagoeneko begiz jota daukagu Letonian jokatuko den Europako Txapelketa. Lur gainean jokatuko da, eta hura izango da denboraldiko lehen helburua. Gerora etorriko dira Espainiako Txapelketa, Kopa... Maila gorenean jarraitzea da helburu nagusia.

Diziplina ezberdinetan lehiatu zarete Espainiako Txapelketan, baina badakizue Euskal Herrian zer maila dagoen. Nolakoa da?

A. I.: Kirol hau gehiago ezagutarazten ari da Euskal Herrian, eta maila ona dago. Hemengo lasterketak ez dira besteak bezalakoak: hemen mendian gehiago korri egitea tokatzen zaigu, oso lasterketa menditsuak izaten direlako gehienbat.

Juniorretan ere antzera?

K. E.: Oraindik juniorra naiz, baina apirilera arte bakarrik [barrez]. Datorren urtean jada seniorretan ariko naiz. Gure mailan ez dabil jende askorik Euskal Herrian, hamar inguru, eta ez dago maila txarra. Denon artean bikain konpontzen gara.

Europan lehiatzen zarenean, gauzak asko zailtzen al zaizkizu?

K. E.: Hura beste gauza bat da. Zailtasuna baino gehiago, urduritasuna nabaritzen da. Munduko onenen aurka aritzen zara: han ez dago huts egiterik. Txapelketak gauza bereziak izaten dira. Dena ondo egiten saiatzen gara, baina ez da erraza izaten.

Zer egutegi izango duzue aurrerantzean?

A. I.: Orain, atseden hartuko dugu, eta txakurrak mendian gozatzen ikusi nahi ditut. Gero, Europako txapelketa baino hiru hilabete lehenago bereziki prestatzen hasiko gara.

K. E.: Udan, eguraldiagatik ezin gara txakurrekin entrenatu, baina ez zait gustatzen txakurrek sasoia galtzea. Irailean eta urrian berriz ere entrenatzen hasiko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather