Elkarrizketak

Nahia Quincoces. Mendiko eskiatzailea

Ā«Munduko txapelketok azkenak izan dira niretzatĀ»

 

2021-03-09 / Unai Ugartemendia

Txapeletako eskiatzaile beteranoena izan da Nahia Quincoces (Mendexa, Bizkaia, 1983).

Lau eguneko txapelketak izan dira. Fisikoki nola amaitu duzu?

Luze joan dira txapelketak. Aste oso bat pasatu dugu han, eta, munduko txapelketetan askotan gertatzen den moduan, gauzak asko aldatzen dira. Azken proban, esaterako, azken unera arte ez genekien zer ibilbide jokatuko zen, zer aldaketa egingo zuten eguraldiagatik... Gauza horiek buruan higadura handia sortzen dute, baina eguraldiaren menpe dauden kirol askotan gertatzen dira halako gauzak, eta horiek ere kudeatzen ikasi beharra dago.

Zure kasuan, erreleboan jarrita zenituen esperantza gehienak: podiuma zapaltzearekin amesten zenuen.

Erreleboetarako gogo berezia neukan. Ikusten nuen oso talde indartsua genuela, baina maila izugarria da. Ikusi dugu eski alpinotik jende asko datorrela, eta, gehienbat jaitsieratan, zati handia ateratzen digutela. Nire kasuan, arazo batzuk izan nituen eskiekin eta motxilarekin, gainera, eta segundo batzuk galdu nituen. Gauza asko elkartu ziren, eta azkenean laugarren amaitu genuen. Ez da emaitza txarra, baina aukerak bagenituen, eta... Denboraldiaren hasieran espektatiba altuak jarri nituen, baina urte arraroa izan da, eta kosta egin zait motibazioa bilatzea. Horrelako munduko txapelketa batzuetan ehuneko ehunean egon behar da, bai fisikoki eta baita mentalki ere, eta banekien ez nengoela guztiz osorik.

Hirugarren aldiz jokatu dituzu munduko txapelketak. Azken urteetan maila asko igo al da?

Bai, gazteak oso-oso indartsu daude. Ikusten da denborarekin jendeak espezializaziora joko duela. Teknikoki oso prestatuta datoz, eta teknifikazio zentroetan izugarrizko lana egiten ari dira gazteekin.

Espezializazioa aipatu duzu. Iruditzen zaizu mendiko eskiaren barruan eskiatzaile bakoitza, bere gaitasunen arabera, diziplina bakarrean saiatuko dela?

Itxura hori dauka, bai. Iruditzen zait hemendik urte batzuetara oso zaila izango dela hiru diziplina ezberdinetan jende bera aurrean ikustea.

Txapelketa hauetako beteranoetako bat izan zara. Gaur egungo egoerarekin, oso ezberdinak izan direla aipatu du jendeak. Iritzi berekoa al zara?

Bai, egoerarengatik, esaterako, ez ditugu bertan izan ez amerikarrak, ez kanadarrak... Gehiago ematen zuten Europako txapelketak batzuk, baina hori ez da oztopo izan txapelketa bikainak ikusteko. Egia da, baita ere, Munduko Kopa lehiatzen ari garenok agian nekea nabaritu dugula.

Munduko txapelketa hauek azkenak izan al dira zuretzat?

Bai, hauek jokatu aurretik erabaki nuen jada Andorrakoak izango zirela nire azkenak. Pozik nago erabakiarekin, eta oraindik ere denboraldiaz gozatu nahi dut. Datorren astean, Pierra Menta [Areches-Beaufort, Frantzia] lasterketa jokatuko dut. Oso berezia izango da aurtengoa, egun batean bakarrik jokatuko delako. Distantzia luzeko munduko txapelketa izango da jokoan, eta aukera polita izan daiteke denboraldia txukun amaitzeko.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather