Elkarrizketak

Alex Txikon. Alpinista

┬źNeguan berriro ere zortzimilako batera itzuliko naiz┬╗

Neguko espedizioen ikur bilakatu da Alex Txikon alpinista. 2016an Nanga Parbatera igo zenetik, beste lau saiakera egin ditu neguko espedizioetan: K2ra eta Everestera, hain zuzen ere.

2020-10-20 / Unai Ugartemendia

Telefonoari zintzilik bizi da egunaren parterik handiena Alex Txikon (Lemoa, Bizkaia, 1981). Azken urteetan, udazkena izaten da urtarorik lanpetuena Txikonentzat. Aurten, gainera, pelikula bat eta liburu bat plazaratuko ditu, berriro ere espedizio batean murgildu aurretik. Izan ere, neguan ez zela itzuliko zirudien arren, berriro ere Nepalera bidean jarriko da abenduko azken egunetan.

Non ibili zara udan?

Martxoaren 5ean itzuli ginen Everesteko neguko espediziotik. Bertan geundela, jada bagenekien COVID-19aren birusa hona zetorrela. Konfinamenduaren asteburuan Araotzen [Oñati, Gipuzkoa] eskalatzen egon nintzen, eta ondoren etorri zen itxialdia. Beste urte batzuetan, espedizioetatik itzultzean, hitzaldiz betetako egutegia bete behar izaten nuen, baina oraingo honetan etxe inguruan pasatu dut, Rodellarren [Aragoi, Espainia] igaro nituen bost egunak kenduta. Alde batetik bestera mugitzeko zeuden mugak ikusita, ahalik eta gutxien mugitzen saiatu naiz. Hori bai, etxe inguruko horma gehienetan eskalatzeko aukera ez dut alferrik galdu!

Nola eraman zenuen geldialdia?

Arduratuta zeharo. Gure gurasoen garaiko jendearekin akordatzen nintzen une oro. Gerra ondorengo belaunaldi batetik datoz, eta orain hau pasatzea tokatu zaie, gainera. Gizakia ez da inoiz orain bizi garen bezala bizi izan, eta hori haiek egindako lanarengatik izan da. Haiek, aldiz, hau da eramango duten ordaina. Ez da bidezkoa. Azken hilabeteetan, Matia fundazioko lagunekin ari naiz elkarlanean, eta haien sufrimendua ikusi besterik ez dago zer egoeratan dauden konturatzeko. Haiekin ere asko gozatzen dut, eta saioak Internetez egiteko aukera dugu. Haien artean nola moldatzen diren ikustea oso polita da.

Nondik etorri zitzaizun Nanga Parbati (Karakorum, Pakistan, 8.126 kilometro) buruzko Mendi biluzia pelikula egiteko proposamena?

Iragan urtetik pelikularen gaiarekin murgilduta nenbilen, eta, etxean egotea tokatu zaigun honetan, orduak eta orduak pasatu ditut ordenagailuaren aurrean. Pelikularen gidoia idazten hasi nintzen lehenik, eta ondoren etorri zen irudiak ikusi beharra. 08:00etan hasi, eta askotan goizeko laurak arte egoten nintzen begiak atera beharrean! Ordu asko izan dira, baina aldi berean ikaragarri gozatu dut berriro ere irudi haiek ikustean.

Laguntzarik izan duzu filma egiteko?

Bai, Red Bullek ekoiztu du. Gainera, Reinhold Messnerren laguntza izan dut. Nanga Parbateko irudi jakin batzuk lortu nahi nituen, eta, horretarako, haren atea jo nuen. Haren ezagunen laguntzak eraman gaitu Red Bullekin elkarlanean aritzera. Exijentzia handiko lana izan da. Askotan haien atzetik ibiltzea tokatu zait, baina egia da lanaren gehiengoa guk egin dugula. Gaur egungo baldintzekin lan egitea tokatu zaigu, eta esan beharra daukat ez direla baldintzarik onenak izan. Azkenean, 78 minutuko pelikula bat izango da. Azaroaren 2an eta 3an hasiko gara emanaldiekin, Euskalduna jauregian [Bilbon]. Ondoren, azaroaren 4an, Donostiako Aquariumean emango dugu; 7an, Izurtzan [Bizkaia]; eta azaroaren 8an, Getxon [Bizkaia] eta Azpeitian [Gipuzkoa].

Pelikularekin batera, liburu bat ere argitaratu duzu. Erraza egin al zaizu?

Bueno, ahal izan dudan moduan moldatu naiz. Denbora dezente pasatu da Nanga Parbateko espedizioetatik, baina orduan bidaltzen genituen prensa oharretan oinarritu naiz liburua idazteko. Oraindik ere nahiko memoria ona daukat espedizioekin, eta ez dut asko dokumentatu beharrik izan. Liburua idaztera, gehienbat, Esther Cruz lagunak animatu ninduen. Beti esaten zidan idazten hasi behar nuela! Orain arte, gehienetan, ni izan naiz besteak zerbait idaztera animatzen nituena, eta oraingo honetan niri tokatu zait. Liburua osatzeko garaian, ezinbestekoak izan dira Esther Cruz, Roman Olaizola, Juanra Madariaga, Larri Lilue, Antonio Gutierrez, Garazi Leanizbarrutia eta Iñaki Alvarez.

Espedizioetako gorabeherak kontatzen dituzu bertan.

Hala da. Liburua 2019an hasten da, Nanga Parbaten, Daniele Nardi italiar eta Tom Ballard britainiar alpinisten erreskatearekin. Ondoren, 2014 eta 2015ean eta 2015 eta 2016an Nanga Parbatera egindako espedizioekin jarraitzen du. Oso liburu freskoa da. Hala ere, argi daukat COVID-19arengatik egin behar izan dugun itxialdirik ez bagenu egin ez nuela liburua aterako gutxienez beste bi urte baino lehen.

Zergatik kontatu dituzu Nanga Parbateko istorioak bakarrik?

Nire lehen asmoa liburu autobiografiko bat idaztea zen, baina ariketa horrek bihotza erabat irekitzea eskatzen du, eta oraindik ez dut horretarako gogo handirik. Uste dut orain aterako dudan liburu honek esperientzia pilatzeko balio izango didala, aurrerago beste bat idazteko. Baina oraingoz ez daukat presarik.

Pandemiak espedizio asko bertan behera uztea ekarri zuen. Ezertarako asmorik ba al zenuen udan edo udazkenean?

Ez. Eskalatu egin nahi nuen. Azken urteetako espedizioak oso gogorrak izan dira, eta atseden hartu nahi nuen. Horretan, behintzat, koronabirusak ez dit kalterik egin.

Azken hamar urteetan, neguko espedizioak egin dituzu batez ere. Aurtengorako zer asmorekin zaude?

Ziurrenik, berriro ere Himalaiara joango naiz. Gaur egun daukagun egoerarekin oso zaila da ezer aurreratzea, baina Nepaleko mendiren batera joateko asmoa daukat. Aukerak aztertzen ari gara, eta dakidan gauza bakarra zera da: berriro ere zortzimilakoren batera igotzen saiatuko naizela.

Azken urteetako lantalde berarekin joango al zara?

Oraingo honetan, gertuko jendearekin joango naiz. Orain dela hogei urte Komunismo mendira [Tajikistan, Pamir mendikatea, 7.495 metro] egin genuen espedizio hartatik bi bakarrik gaude bizirik, Iñaki Alvarez eta ni neu. Beste bi kideak falta zaizkigu, Xabier Ormazabal eta Jon Maroto. Oraindik ere asko sumatzen dut Goierri garaiko bi lagun horien hutsunea. Aipatu bezala, aspaldiko laguna dut Alvarez zumarragarra, eta nirekin etorriko da. Espedizioan, Oscar Cardo ere ziurrenik gurekin abiatuko da, Jonatan Garcia ere hor dabil... Taldea txikia izango da.

Gaur egun nola dago Nepal?

Suizidioen kopurua ikaragarri handitu da azkenaldian. Jendea egunean egunekoarekin bizi da, eta asko, itxialdialdiarekin, bere buruaz beste egitera eraman ditu. Horien artean dago Nurbu Sherpa. Nire azken espedizioetan ibilitakoa zen, eta Shisha [Himalaia, 8.013 metro] besterik ez zitzaion falta hamalau zortzimilakoetara igotzeko. Jende asko gelditu da lanik gabe, eta horietako asko egoera txarrean daude.

Espediziorik badago gaur egun Nepalen?

Ez dago hain erraza. Hara joateko, berrogeialdi txiki bat eskatzen dute, sei edo zazpi egunekoa, nahiz eta askok dioten urtarrilaren 1etik aurrera ez dutela derrigortuko. Ia espediziorik ez da aurreikusten.

Eta babesleen kontua nola dago?

Oso gaizki dago dena. Neguko azken espedizioek aurrekontu oso handiak izan dituzte, 200.000- 250.000 euro ingurukoak. Aurtengoak, aldiz, ez du zerikusirik izango aurrekontu horiekin. Horren erdiarekin egiteko asmoa daukagu. Hala ere, iruditzen zait asko kostatuko zaigula dirua biltzea.

Gaur egun ba al dago ezer salgarririk Himalaian?

Bai, baina nik uste dut ez dela diru kontua. Gaur egun, 3.000 eurorekin gauza politak egin daitezke, baina azken urteetan egin ditugun espedizioak oso jendetsuak izan dira, egun askokoak, neguan. Gauzak egin daitezke oraindik ere. Halere, oso ezberdina da Manaslura [Nepal, 8.156 metro] udazkenean joatea. Oso urruti gabe, 2.500 euroan joan zaitezke, eta K2ra [Karakorum, Himalaia, 8.611 metro], 5.000 euro ordainduta. Everestera [Himalaia, 8.848 metro] edo Antartikara neguan joateko, berriz, 80.000 euro inguru behar dira buruko.

Azken espediziotik itzuli zinenean, ez zenuen batere argi berriro ere Himalaiara itzultzea.

Ez, orduan ez neukan oso argi. Ez daukat inongo beharrik berriro ere neguan hara itzultzeko. Pentsa, 2012an Gasherbrum South [Karakorum, Himalaia, 7.096 metro] mendiaren lehen igoera egin genuen; 2013an, Laila Peak [Karakorum, Himalaia, 6.096 metro]; 2016an, Nanga Parbat; 2018an, Pumori [Nepal, Himalaia, 7.161 metro], eta iaz, Ama Dablam [Nepal, Himalaia, 6.812 metro]. Baina neguko espedizioei tamaina hartu diet, eta horrek erakartzen nau oraindik ere. Halere, beste kontinente batzuk ezagutzeko gogoa ere badaukat: esaterako, Afrika.

Azken urteetan, bi aldiz saiatu zara neguan K2 mendira igotzen. Aurtengo neguan badirudi errusiarrak horretan saiatuko direla. Zer aukera ikusten dizkiezu?

Jada ez dakit zer esan ere! Gaur egun lehiaketa bat bihurtu da K2 mendiarena. Niri, behintzat, ez zait arantzarik geratu. Ez naiz oso anbiziotsua. Saiatu ninteke hamalau zortzimilakoak osatzen, baina ez lidake ezer berezirik emango.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather