Elkarrizketak

Iratxoen basotik erraldoien besoetara

Urmugako kideek bi etapa luze izan dituzte asteburuan. Bi egunetan, ordea, emanaldi bereziez gozatzeko aukera izan dute. Igandeko kontzertuan jende ugari batu da Maddi Oihenarten, Miren Narbaizaren eta Hertzainak-en doinuak entzuteko.
Baltzolako kobetatik gertu, jende ugari batu zen kontzertuan.
Baltzolako kobetatik gertu, jende ugari batu zen kontzertuan. JOXEMI SAIZAR

2020-07-21 / Joxemi Saizar

Asteburuan, bi etapa luze eta gogor izan dituzte Urmugako mendizaleek. Larunbatean taldea gaztetu egin da, batu diren filmatzaile eta mendizale batzuei esker. Urkiolatik Urkiolagirrera eta Anbotora joan dira. Mari jainkosa ez dute ikusi, baina bai harekin Anbotoko gailurrean lo egin eta behera goiz doazen Oñatiko, Azkoitiko eta Mallabiko hiru gazte. Kontuz ibili behar da gora eta behera, harkaitza irristakor dagoelako. Mattin Zeberiok irudi ikusgarriak filmatu ahal izan ditu. Zabalandira iristean, bikote usurbildarra zain dago, ongietorri gisa Ikusi mendizaleak harmonikaz joz. Iruatxeta eta Oriol inguruko baso magikoan barneratu dira gero: pago enbor okerrak, goroldio ugari, txondorrak... Iratxoak ez dira urruti ibiliko. Orioletik jaistean, Santi Kurutz ermitan beste urmugazale bat dute zain: duela hogei urte ibilbide osoa etapaka egin zuen Aldatz Gora mendi taldeko kidea. Talde horrek argitaratutako oraingo espedizioko gidaliburua euskaratu zuen Aldatzek.

San Kristobal ermitan jan eta belarriak olioz igurtzi, gaixotasunak sendatzeko; Kruzetako iturrian freskatu beroari aurre egiteko, eta, Jarindo eta Marototik barrena, Arlaban inguruan bukatu dute egun luzea. Atseden hartu, eta, afalondoren, musika, hitza eta irudia uztartzen dituen ikuskizuna izan dute Leintz Gatzagan, Peru Magdalena eta Egoitz Etxeberriaren eskutik. Beste ustekabe bat. Ametsak txirikordatzen jarraitzeko opa die Magdalenak.

Igandean, Arlabanen berriz ur muga hartu, eta gorantz abiatu dira goiz. Albiturri, Arriurdineta eta Makatzgain pasatu, eta haize errotak agertu zaizkie, On Kixoteren erraldoiak bezala. Haizerik ez da falta, eta bide luzean besoak astintzen aritu dira etengabe. Edo beraiek al dira haizea sortzen dutenak? Horrela pasatu dituzte Mugarriluze eta Aumategi tontorrak, tartean haize erroten itzala bilatzen duten behi, zaldi eta ardien ondoan. Txilarrez inguratuta ibili dira. Usako Atxatik Araotzera desbideratu dira, Urkiolako egunean zen Dimako kontzertura iritsi ahal izateko.

Eta ez dira damutu, ikuskizun borobilaz gozatu baitute San Lorentzo ermitaren ondoko basoan, Baltzolako kobetatik gertu. Hainbeste egunez mendian oso jende gutxirekin topatu ondoren, ezustean harrapatu ditu belarretan kontzertua entzuteko prest eseritako jendetzak. Batzuk mendia sekula zapaldu gabekoak, Igor Elortza eta Unai Iturriagaren ustez. Bertsolariek gure herriko mugak ur mugakoak bezain likidoak izatea nahiko lukete. Kontzertu hunkigarria eskaini dute Hertzainak taldeko Josu eta Garik, Maddi Oihenartek eta Miren Narbaizak, atzean Et incarnatus orkestra eta laukotea euskarri zutela. Partaide bakoitzaren kanta ezagunenak entzun ahal izan dira, sinfoniaren laguntzaz. Eta, bukatzeko, Xabier Amuriza eta Imanolen Mendian gora interpretatu dute partaide guztiek elkarrekin, entzuleen laguntzaz. Eta, ikusleen eskaerari erantzunez, Izarren hautsa eskaini dute propina gisa. Baso horretan ere iratxoak musikaren magiarekin dantzan ibili dira.

BIHARKO ETAPA:

Lizarrusti-Azpirotz (Uztailak 22)

24 km; 943 m igo, 942 m jaitsi; 6 ordu; Aralar mendilerroa (Putxerri, Errenaga, Ttuturre, Intzeko dorrea).

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather