Elkarrizketak

Iñaki Uribe-Etxebarria. Mendi lasterketetako euskal selekzioko hautatzailea

«25 urtetik beherako inor ez da ikusten goi-goian»

Haren eta Eneko Alienderen ardura da selekzioaren elastiko urdina nortzuek jantziko duten erabakitzea, gero eta gehiago katramilatzen ari den mendi lasterketen sudoku itxurako egutegian. Emaitzak badira helburu, baina baita gazteak sendotzea ere.

2019-03-12 / Unai Ugartemendia

Iñaki Uribe-Etxebarria (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1987) eta Eneko Aliende dira mendi lasterketetako euskal selekzioaren hautatzaileak. Hirugarren urtea du hautatzaile lanetan Uribe-Etxebarriak. Duela hamar egun hasi zuten denboraldia, Borriolen (Castello, Herrialde Katalanak). Denboraldi hasiera guztietan bezala, gogotsu eta arduratuta dago.

Nola hasi duzue denboraldia?

Estreinakoa positiboa izan da. Maite Etxezarretak, gainera, hirugarren postua lortu zuen. Espainiako taldekako txapelketa izan zen, eta esan dezakegu inoiz Espainiako Kopan izan den mailarik onena izan zela Borriolen. Ez ziren datarik egokienak, goizegi delako, baina gustura gelditu ginen.

Gehiago espero al zenuen mutilengandik?

Lasterketa oso korrikalaria zen, erritmoa hartzeko ere zaila... Postuei begiratu beharrean, denborei begiratu beharreko lasterketa bat. Bi hilabete barru jokatuz gero, gauzak asko aldatuko lirateke. Pentsa, Xabi Maciasek eta Axier Alonsok ipar eskiko eta mendi eskiko probak egin zituzten astebete lehenago. Aurtengo Espainiako Kopak abantaila bat du: oso goiz hasten da, baina baita oso goiz amaitu ere.

Zuretzat ere sorpresa izan al zen Etxezarreta hirugarren ikustea?

Lasterketan bere aurpegian nabari zen zerbait handia egitekotan zela. Gozatzen ari zen, eta hori esan zidan, mendiaz gozatzeko gai baldin bada emaitzak ere iritsiko direla. Iaz ez zuen zorterik izan selekzioan, baina argi geneukan bigarren aukera merezi zuela. Urduritasuna alde batera utzi duenean, segituan ikusi da zein den bere maila.

Iazko eredua Mayi Mujika izan liteke. Espainiako Kopa bikaina egin zuen, eta aurten Munduko Kopan arituko da. Ispilu ona izan al daiteke askorentzat?

Bai. Espainiako Kopako lasterketak agian ez dira munduko ederrenak, baina uste dugu aproposak direla lehiaketetako erritmoa hartzeko eta selekzioan murgiltzeko. Euskal Herriko lasterketetatik horietara jauzi bat egoten da, eta, gainera, emaitza onak lortu izan ditugu.

Aurten aspaldiko beterano batzuekin eta gazteekin osatu duzue selekzioa. Nolako taldea ikusiko dugu aurten?

Azken hiru urtera arte-edo oso talde indartsua izan dugu, baina gazteei begira gabezia bat genuen. Azken bi urteetan, ordea, gauzak pixka bat aldatu dira. Horren adibide dira Mayi Mujika eta Beñat Katarain. Iaz lehen urtea izan zuten selekzioan, emaitza borobilak lortu zituzten, eta aurten ere gurekin daude. Jende gaztea sartzeak freskotasuna ematen dio selekzioari, eta mesede egiten die denei.

Taldearen aurkezpenean emakumeen kopuru handia aipatu zenuen.

Gazteak izatea oso berri pozgarria da, baina are pozgarriagoa da horien artean emakumeak egotea. Urte askotan selekzioan ibili diren batzuek beste lasterketa mota batzuetara jauzi egin dute, eta oso berri ona da lineako lasterketetan emakume kopurua handitzea. Kanpora begira ere ona da, beste emakume batzuk ere errazago animatu daitezkeelako.

Goi mailan ibili ziren emakume batzuek, Leire Agirrezabalak eta Uxoa Irigoienek esaterako, oso gazterik utzi zuten selekzioa. Selekzioaren inguruan zebilen mamua uxatu dela esan daiteke?

Baietz esango nuke. Orain dabiltzanak urte batzuetan mantentzea izango da xedea.

Maria Zorroza berreskuratu duzue selekziorako.

Motibazioa galduta ibili zen, baina aurtengo ranking berriarekin indarberrituta dago. Denok dakigu zein maila duen.

Hiru txapelketa egingo dituzue: Munduko Kopa, Espainiakoa eta Espainiako txapelketak. Zer espero duzue Espainiako Kopaz?

Euskal Herritik kanpo korrikalariak trebatzea izango da lehen helburua. Aurrean ibiltzea espero dugu, baina horrek ez du esan nahi lasterketak irabazi beharko dituztenik. Bigarren erronka podiumen bat lortzea da.

Zein dira Munduko Koparako helburuak?

Munduko Kopan ibiliko direnen artean daude Oihana Azkorbebeitia, Mayi Mujika, Maria Zorroza, Iban Letamendi, Ander Iñarra, Julen Martinez de Estibariz, Hassan Ait Chaou eta, dena ondo bidean dela, Jokin Lizeaga ere bai. Esperientzia handiko korrikalariak dira, eta gazteren bat ere ikusiko dugu inguruko lasterketaren batean. Esperientzia handia hartzen da Munduko Kopan, eta hori izan daiteke helburuetako bat. Aurten, gainera, Munduko Kopan final antzeko bat ere egin nahi dute, eta, azken urteetako emaitzak kontuan hartzen baditugu, baten batek egon behar luke.

Taldean urte asko daramatzaten hiru korrikalari aipatu dituzu: Letamendi, Ait Chaou eta Lizeaga. Ez genituzke erretiratu nahi, baina…

Oraindik ere sasoian daude, oso jende gutxik egiten ditu haien denborak, korrika asko egin behar da haiei irabazteko. Zegamako erreferentziak hartuta, oraindik ere jauzi handia dago azken urtean selekzioan sartu diren gazteen eta beteranoen denboren artean. Urte batzuk barru iritsi daitezke maila horretara, baina oraindik ere aldea dago.

Espainiako txapelketak beste kontu bat dira. Taldea osatuta dago, baina, esaterako, Aritz Egea edo Maite Maiora sar al daitezke deialdian?

Selekzioko kide direnak joan daitezke, baina baita selekzioan ez dauden euskal herritarrak ere. Espainiako txapelketaren data aldaketa ez da batere aproposa guretzat: aurreko astean Espainiako Kopako lasterketa izango da Kanpezun [Araba], eta asteburu berean Munduko Kopako proba izango dugu Kanarietan [Espainia]. Oraindik ere ez dakigu zein planekin joango garen. Iaz taldeka irabazi genuen, baina aurten ez dakit.

Beste urte batzuetan helburu izaten zenuten Zegama-Aizkorri, Munduko Kopan egoten zelako. Aurten ez. Joango al zarete?

Guretzat beti izan da erakusleiho interesgarria. Bertan egoten saiatuko gara, zalantzarik gabe.

Lasterketetarako deialdiak ibilbidearen eta ezaugarrien arabera egingo dituzue.

Zentzuzkoa da, ibilbide eta neurri ezberdinetako lasterketak izango baititugu Munduko Kopan. Lasterketa guztiak ez dira korrikalari guztientzat eginak. Sei eta zortzi korrikalari arteko deialdiak izango dira Munduko Koparako.

Taldearen batez besteko adina 30 urte ingurukoa da. Nola ikusten dituzu hortik beherako gazteak?

Ez da erraza; hutsune bat badago. Badirudi 30 urte ingurura iristean heldutasun bat lortzen dutela; emaitzetan ikusten da. Euskal Herria ez da leku aproposa horrelako talde bat osatzeko, lasterketa asko jokatzen direlako gehienbat. Hemengo lasterketa askotan aurrean ibiltzea ez da zaila, baina jakin beharra dago zein lasterketa diren erreferentzia. Guk kalitatea aurkitu behar dugu. Egia da 25 urtetik beherako inor ez dela ikusten punta-puntan.

Teknifikazio zentro bat falta da?

Bai. Apustua egin behar da. Joan izan gara gazteekin txapelketetara, baina gazteekin zaila da konpromiso itxi bat lortzea; Espainiako Kopa oso bat egiteko, esaterako. Ez dugu gazteen aldetik benetako konpromiso bat ikusi. Federazioak gazteak gonbidatuko ditu astebururen batean selekzioko korrikalariekin entrenatzera, baina ez dago ezer zehaztuta.

Lasterketa bertikaletan ez zarete izango?

Oso zaila eta gogorra da bertikalen kopa jokatzea. Ez dakigu txapelketetara joango garen edo ez. Lasterketa asko ditugu aurretik, eta ez dakigu talde lehiakor bat eramateko moduan izango garen. Arazo asko izango genituzke: aurrekontua, korrikalari falta...

Ultra distantziako taldea ere aurkeztu zenuten. Apustua handitzen al doa?

Baliteke. Iaz esaterako, Munduko txapelketan parte hartzeko apustua egin genuen. Jende asko ari da ultra distantzian eta guk ere zerbait eskaini behar dugu, selekzio gisa. Hala ere, ez da erraza ultra distantziako korrikalari bati egutegi oso bat antolatzea. Espainiako txapelketan bakarrik izango gara aurten, Somiedon [Asturias, Espainia]. Emaitza onak lortzeko aukera handiak ditugu, ia ziur nago podiumen bat lortuko dugula.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather