Elkarrizketak

Tasio Martin. Eskalatzailea

«Txikitatik amestu izan dut Ama Dablam igotzearekin»

Ez da ohikoena aita-semeak espedizio berean joatea. Joseba Elorrietak eta Tasio Martinek egingo dute. Nepalgo Ama Dablam dute helburu, ikur bat Elorrieta-Martin familiarentzat.

2019-04-09 / Unai Ugartemendia

Etxetik datorkio mendirako zaletasuna Tasio Martin eskalatzaileari (Urduña, Bizkaia, 2000). Aita, Joseba Elorrieta, eta ama, Yolanda Martin, Gorbeiako aterpeko zaindariak dira, Himalaian ibilitakoak. Orain, aita-semeak espedizio berri batean murgildu dira: Ama Dablam (Nepal, Himalaia, 6.812 metro).

Azken urtea eman duzue aitak eta biok espedizioa prestatzen. Nola zaude zu?

Espedizioa bizitzeko eta aitarekin joateko gogo handia daukat. Azken urtean lan handia egin dugu.

Aita gogotsu al dago?

Oso motibatuta dago. Denbora darama ondo prestatzen.

Aitak eskarmentu handia du mendian.

Bai. Perura egin zuen lehen espedizio handia, eta Himalaian ere egona da lau aldiz. Hiru espediziotan parte hartu izan du, eta beste behin etxekoekin ere bai. 1992an, Cho Oyu [8.201 metro] igo zuen amarekin batera; 1995ean, Ama Dablamera joan ziren; eta 1998an, Everesteko iparraldeko horman egon zen [Tibet, 8.848 metro], Hornbeineko korridorean. Ezin izan zuten Everest igo, 7.000 metroan gelditu ziren.

Zer kontatzen dizu espedizio haietaz?

Ez duela zer ikusirik Pirinioekin edo Alpeekin. Askoz ere altuera handiagoa duten mendiak direla, eta gauzak egitea askoz ere gehiago kostatzen dela. Nekea, arnasa hartzeko arazoak...

Aholku asko eman al dizkizu?

Batzuk bai. Asko ez nekatzeko esaten dit. Nire errendimendua jaitsi egingo dela, eta ez dela erraza altuerara ohitzea. Psikologikoki ere lan handia egin behar dela dio. Bera arduratu da logistika guztiaz. Everesteko espedizioan bera izan zen espedizio buru, eta hura geurea baino espedizio astunagoa izan zen.

Ama izan zen Cho Oyura igo zen Euskal Herriko lehen emakumea.

Oso esperientzia ona izan zela aipatzen du. Espedizio osoa lagunen artean egin zuten, eta gauza horiek ez dira berehalakoan ahazten. Gauza asko ikasten direla esan izan dit, eta ni orain hori bizitzen ari naiz. Aitaren eta amaren esperientzia ezinbestekoa izaten ari da. Hutsetik hasi beharko banu, eromena izango litzateke.

Zure lehen espedizioa izango da mendi garaienetara. Aurretik besteren batean izan zara?

Iaz Marokora joan nintzen lagunekin eskalatzera. Ez zen espedizio bat izan, baina gauzak antolatzeko balio izan zidan. Beste herrialde bat, geure kabuz...

Espedizio honetan lantalde moduko bat osatu duzue aitak eta biok, nutrizionista batekin eta fisioterapeuta batekin. Zer egin du bakoitzak?

Hilabete pare bat daramatzagu elkarrekin lanean. Denak du garrantzia espedizio batean: elikadurak, atsedenak, noiz jan eta edan behar den... Fisioterapeutak, esaterako, motxila nola eraman behar den aholkatu digu, zenbat pisu eta nola. Luzaketak nola egin behar ditugun ere aipatu digu, eta, bitxikeria gisa, azazkalak moztuta eramateko gomendatu digu; garrantzitsua omen da.

Nola antolatu duzue espedizioa?

Apirilaren hasieran ekingo diogu bidaiari. Bilbotik Istanbulera, handik Katmandura eta gero Luklara, hemeretzi eguneko trekkingari ekiteko. Trekkingean beste lau lagun ere izango dira. Ez da normalena horrela egitea, baina hala erabaki dugu. Bidean, 5.000 metroko mendiren bat igo eta gero, Island Peakeko beheko kanpalekura joango gara. Hura ere igo nahi genuke girora egokitzeko. Handik joango gara Ama Dablameko beheko kanpalekura. Ondo bidean, apirilaren 22an iritsiko gara. Badakigu egokitze fase ona egingo dugula; beraz, hilaren 23an, 24an eta 25ean eguraldi ona badugu, gailurrari ekingo diogu. Asmoa da maiatzaren 8ra arte han egotea. Hiru saiakera egiteko aukera ematen digu. Ea ez ditugun hainbeste behar.

Espedizio txikia da zuena, baina nola moldatu zarete aurrekontua osatzeko?

Uf, zaila da. Trekkingarekin zerbait lortuko dugu, baina ez da ia ezer. Engranajes Deustoren laguntza ere izango dugu, atera ditugun elastikoak berak ordaindu zituelako. Mendi talde batzuekin akordioak egin ditugu, proiekzio batzuen truke. Baita Decathlonekin ere. Lurbel arropa markak ere lagundu digu. Denera 7.000 euro inguruko kostua izango da aitarena eta nirea.

Alpeetan-eta ibilitakoa zara, baina hau beste kontu bat da.

Ziurrenik bai. Argazkietan-eta ikusi dut, baina uste dut oraindik ere ez naizela jabetzen mendiaren tamainaz. Distantziak askoz ere handiagoak dira. Distantzietara eta altuerara moldatzea izango da denetan gogorrena. Aitari kasu asko egin beharko diodala iruditzen zait [barreak]. Han ezin da korrika ibili.

Talde polita osatuko duzue, aitaren esperientzia eta zure gaztetasuna aintzat hartuta.

Haren eskarmentua ezinbestekoa izango da erabakiak hartzeko orduan: gauzak lasai egitea, bi aldiz pentsatuta, arinegi ibili gabe... Nik grina, gogoa, motibazioa... izango ditut. Bikote polita osatu dugu.

18 urte baino ez dituzu. Gazteegi agian Himalaiara jauzi egiteko?

Ez dakit, nahiz eta askok esan didaten. Zuhurtziaz jokatzea tokatuko zait. Gainera, ez dakit nola moldatuko naizen altuerara. Alpeetan izan dut gertaera okerren bat, baina bestela ez. Orain bederatzi urte Himalaian izan nintzenean, 9 urte baino ez nituen, eta orduan 5.600 metrora iritsi nintzen buruko minik eta bestelako arazorik gabe. Hala ere, han egon arte ezingo dut ezer aurreratu.

Zer esanahi du zuen etxean Ama Dablam mendiak?

Familian esanahi asko dauka. Aita eta ama han ibilitakoak dira, eta txikitatik argazki mordoa ikusi dut. Guretzat oso mendi berezia da; txikitatik hura igotzearekin amestu izan dut. Niretzat Ama Dablam Nepaleko irudia da. Uste dut zortzimilakoen atzetik bera dela mendirik garrantzitsuena.

Etxean dagoeneko badituzue zortzimilakoak, bai aitak, bai amak. Zure ametsa ere alpinista izatea izan al da?

Baietz esango nuke. Zeharkaldi asko egindakoa naiz, hirumilakoak ere bai Pirinioetan. Kirol eskaladan hasi nintzen 12 urterekin, baina esan dezaket eskalada tresna bat izan dela alpinista izateko. Azken urteetan Alpeetan ere saio batzuk egin ditut, tartean Mont Blanc Freney bidetik. Agian Andeetan ibiltzea falta izan zait, baina alpinista izatea izan da helburu nagusia urte hauetan.

Zu eskalatzailea zara. Zure belaunaldi berekoak dira Mikel Linazisoro, Esparta anaiak eta Eneko Carretero. Askorentzat zuena da Euskal Herriko historiako eskalatzaile belaunaldi onena. Nola ikusi duzu zeure burua haiekin lehian?

Oso-oso indartsu daude, eta ni ere harrituta naukate. Ni inoiz ez naiz haien mailan ibili, agian nire helburu nagusia ere ez zelako eskalatzaile soila izatea, alpinista izatea baizik. Baina lagun asko egin ditut bidean, asko ikasi dut haiekin, eta lehian ibili naizen urteetan asko gozatu dut. Hauek hain indartsu ikusita, nik ere motibazio berezi bat behar izaten nuen, eta horrek ere asko lagundu dit.

Laurak definitzea eskatuko dizut. Bittor Esparta.

Oso-oso ondo eskalatzen du. Badirudi ez duela indar handirik, baina izugarrizko eskalatzailea da. Askotan, hari begira jarri, eta zera pentsatzen dut: «Hau da hau elegantziaz eskalatzea!». Bera ikusita esan dezakegu indarra ez dela guztia eskaladan. Bere ezaugarriak oso ondo baliatzen dituen eskalatzailea da. Harengandik asko ikas daiteke.

Andoni Esparta.

Gutxi gorabehera, berdintsu. Anaia baino txikiagoa da, eta beste ezaugarri ezberdin batzuk ditu. Ez da gaitasun izugarriak dituen eskalatzailea, baina agian beste inork baino lan gehiago egin behar izan du. Asko gustatzen zait berak ere nola eskalatzen duen.

Eneko Carretero.

Oso-oso indartsua da. Askotan eskalatu izan dut harekin, eta eskaladatik kanpo ere bikain konpontzen gara. Beti egoten da prest edozertan laguntzeko, eta motibazio handiko mutila da, gainera. Oso tipo interesgarria da, eta duen indarra izutzeko modukoa da. Agian ez du espartatarrek bezain ondo eskalatzen, baina txapela kentzekoak dira haren motibazioa eta ausardia. Gutxiri ikusi diet entrenatzeko halako gogoa.

Azkenik, Mikel Linazisoro.

Uf... guztia dauka. Bakoitzaren onena dauka. Fisikoki sekulako dohainak ditu, baina, horrez gain, oso-oso ondo eskalatzen du. Koska bat gorago ibili da beti, beste maila bateko emaitzak lortu izan ditu, baina onena zera da, inoiz ez dela harrotu. Oso umila da, oso gertukoa. Beste asko, bere mailaren erdiarekin, harro-harro ibiltzen dira; bera inoiz ez.

Bi urte falta dira hurrengo Olinpiar Jokoetarako. Lau horietakoren baten aldeko apustua egin beharko bazenu, noren alde egingo zenuke?

Linazisoro Olinpiar Jokoetan ikusten dut, zalantzarik gabe. Bera da osoena, eta lehiatzen jakitea ere oso garrantzitsua da. Berak oso ondo egiten du.

Selekzioan urte asko pasatu dituzu. Zer-nolako maila dago gaur egun Euskal Herrian?

Oso indartsu ikusten dut jendea. Gazteak geroz eta indartsuago datoz; eskalatzeko hormak ikusi besterik ez dago. Maila badago Euskal Herrian, eta gauzak geroz eta hobeto egiten dira arlo guztietan. Gaur egun entrenamenduak ere oso espezifikoak dira. Ondo datoz atzekoak.

Ama Dablametik bueltan, berriro eskalatzera?

Bai, bai, berriro ere entrenatzen hasiko naiz.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather