Elkarrizketak

Iñaki Urresti. 'Tor'-en zuzendaria

«Jende gutxik daki Silvia nor den eta zer egiten duen»

 

2018-12-04 / Unai Ugartemendia

Mikel anaiarekin batera osatu du Tor. Silvia Trigueros mendi korrikalari bizkaitarrak iaz Italiako Aostako Haranean, Alpeetan, jokatutako Tor de Geants lasterketan (330 kilometro, +24.000 metro) oinarrituta dago filma. Lehen film luzea dute.

Nolatan otu zitzaizuen Tor filmatzea?

2015ean, Mendi Film jaialdiko Mendi Short film labur amateurren lehiaketara bidali genuen Piztu lana. Ezustean, irabazi egin zuen. 2016an, buruari bueltak eman genizkion. Ez geneukan eskarmenturik film luzeetan, baina bagenekien Piztu baino luzeagoa zen zerbait egin nahi genuela eta mendiari buruzko zerbait filmatu nahi genuela. Erronka berri bat nahi genuen, eta Silvia etorri zitzaigun burura.

2015eko abenduko irteera batean, Piztu erakutsi genien lagunei, Izaban. Silviak, erdi txantxetan, bota zigun ea nahi genuen bera grabatzera joan, Aostara, 2016ko irailean lehenengo aldiz parte hartu behar baitzuen Tor des Geants lasterketan. Orduan proiektua handiegia iruditu zitzaigun, eta, erdi txantxetan genbiltzanez, hor geratu zen ideia. Baina Silviaren 2016ko kronika irakurri genuen, eta bere esperientzia kontatu zigun, eta gero eta argiago ikusten genuen Silvia 2017an lasterketa egitera joanez gero guk ere joan beharra geneukala filmatzera.

Nola hartu zuen asmoa Silvia Triguerosek?

Uste dugu telefonoz deitu genion unean bertan asmatu zuela zer geneukan esku artean. Bere etxera joan ginen proiektua azaltzera, eta egun horretan bertan jaso zuen 2017ko lasterketan parte hartzeko gonbidapena. Tor des Geantsera joango zela baieztatu zigun, gure proiektua ondo iruditzen zitzaiola, eta aurrera egin nahi zuela.

Nola antolatu zineten mendian ia 90 orduko grabazio bat egiteko?

Joan aurretik etxean guztia ahalik eta hobekien planifikatzea da horrelako lasterketa bat grabatzeko gakoa. Aostako Haranera joan aurretik egutegi zehatz bat osatu genuen. Aurreikusi egin genuen egun bakoitzeko zer ordutan zer toki zehatzetan egongo ginen grabatzen eta zer eta nola grabatuko genuen: mendiko paisaiak, anoa gune bateko irudiak, kamera eskuan, egonkorgailua beharko genuen bere atzetik korrika egiteko, dronea zer tokitan erabiliko genuen...

Zer izan zen gogorrena?

Oso nekatuta bukatu genuen. Mendian asko ibili ginen, eta oso gutxi lo egin genuen. Baina gogorrena ez da hori, grabatzen hasi aurreko momentuak sortzen dizun tentsio edo estres hori da agian gogorrena. Orduak egin dituzu alde batetik bestera, heldu zara grabazioa egin nahi duzun tokira, eta orduan dator zailena: zer grabatu eta nondik grabatu erabaki behar duzu, eta, agian, horretarako bost edo hamar minutu besterik ez duzu, eta aukera bakarra. Silviak ez du buelta erdia emango harraldi bat berriz grabatzeko.

Zenbat ordu egin zenituzten lo?

Ez dakit, baina asko ez. Lehenengo gauak ez ziren horren txarrak izan; agian, lau edo bost ordu egin genituen lo, baina azken gauekoa izugarria izan zen. Egun osoa gelditu gabe ibili eta gero, berandu hasi ginen afaltzen, eta, 23:30 aldera, ohera joateko asmoa geneukanean, kontuak ateratzen hasi ginen, eta kalkulatu genuen, Silvia zetorren erritmoan etorrita, pentsatzen genuena baino azkarrago helduko zela grabatu nahi genuen tokira. Beraz, 23:30ean ohera joan beharrean, kafe makina martxan jarri genuen, gosaldu, eta 01:00etan berriro mendira joan ginen, kamerak eta kopetako argia hartuta. Egun horretan ez genuen lorik egin,

Denbora nahikoa izan al duzue editatzeko?

Egia da muntatzen hasten zarenean denbora inoiz ez dela nahikoa. Muga bat jarri behar duzu, egun bat, bestela beti aurkituko duzu aldatu nahi duzun zerbait, eta inoiz ez duzu bukatuko. Tor-en kasuan, Mendi Filmera aurkezteko epea zen muga. Egun horren arabera antolatu gara. Uste genuen denbora sobran izango genuela, baina justu samar ibili gara.

Trigueros bigarren izan zen 2017an —aurten irabazi egin du—. Horrek gauzak erraztu al zizkizuen?

Egia esan, dokumentala grabatzen ari ginela hainbat egoera aurreikusi genituen. Grabazioa ez zegoen Silviaren emaitzak baldintzatua. Irabazi edo ez irabazi, bazegoen zer kontatua, bazegoen zer erakutsia. Azkenean, gauzak ezin hobeto irten ziren.

Filmean argi ikusten al da islatu nahi zenutena?

Guk uste dugu baietz. Uste dugu mezuak argiak direla. Ezkutuan dagoen errealitate bat argitara atera nahi izan dugu. Jende gutxik daki Silvia nor den eta zer egiten duen. 42 urte ditu, emakumea da, bi umeren ama da, ingeniaria, etxetik kanpo lan egiten du, bere astialdian mendiko ultratrailak egiten ditu, eta erreferentzia da munduan. Mendizalea izan da betidanik, baina umeak izan eta gero hasi zen mendian korrika. Lana gogoz eginda eta ulertzen zaituen ingurune egoki bat edukita, Silviak erakusten digu posible dela desiratzen duzun proiektu horren bila joatea eta lortzea.

Zer-nolako iritzia izan dute ikusi dutenek?

Iritzi onak jaso ditugu, baina ikusle errazak izan direla ere esan beharra dugu. Etxekoek eta dokumentalean agertzen diren protagonistek bakarrik ikusi dute oraingoz.

Espero al zenuten sail ofizialean sartzea?

Oso errealistak izan gara beti, eta oso zaila iruditu izan zaigu sail ofizialean sartzea. Bagenekien aukera asko zeudela ez sartzeko, baina, era berean, lanean aritu garen denbora honetan guztian asko motibatu gaituen zerbait izan da sail ofizialean sartzeko aukerak. Berez, ez geneukan ezer galtzeko, lan hau proiektu pertsonal baten gisan egin nahi baikenuen, baina azkenean dena irabazi dugu.

Eta zer espero duzue orain?

Nahiko genuke dokumentala ahalik eta jende gehienak ikustea eta jendeak ondo ulertzea adierazi nahi dugun mezua.

Nolako harrera espero duzue?

Ona izatea nahiko genuke, nola ez, baina auskalo, hori ez dago gure esku. Jendeak ikus dezala dokumentala eta eman dezala bere iritzia. Gustura entzungo ditugu kritika positibo eta negatibo guztiak. Denak ondo etorriko zaizkigu hurrengo proiekturako.

Ba al duzue beste jaialdiren batera aurkezteko asmorik?

Bai. Lehenengo, Bilboko Mendi Film jaialdiaz gozatu nahi dugu. Estreinaldiko eguna egun berezia izango da, eta, nahiz eta egun horretan urduri egon, seguru esperientzia oso polita izango dela. Hortik aurrera, ahalik eta jaialdi gehienetara bidaliko dugu. Tor ahalik eta jende gehienak ikustea nahiko genuke.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather