Ibilbideak

Eltziego, Ortuñoko ordokia, Mesamayor, Pobedako parkea, Lapuebla de Labarca

  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Eltziego, Ortuñoko ordokia, Mesamayor, Pobedako parkea, Lapuebla de Labarca
  • Distantzia: 15,5 km. 3 ordu eta 45 mn.
  • Ingurunea: Euskaltzaleok Araba Euskaraz bestarekin bat egiteko aitzakia ederra dugu igandean: Ebro ibaiaren ur biziak lagun, Eltziegotik Lapueblarainoko tartea osatuko dugu.
  • Abiapuntua: Eltziego

Lapueblan bizi-bizi euskaraz

Euskaltzaleok Araba Euskaraz bestarekin bat egiteko aitzakia ederra dugu igandean: Ebro ibaiaren ur biziak lagun, Eltziegotik Lapueblarainoko tartea osatuko dugu.
Araba Euskaraz-eko oihal bat, balkoi batean zintzilik.
Araba Euskaraz-eko oihal bat, balkoi batean zintzilik. JOSEAN GIL GARCIA

2014-06-10 / Josean Gil Garcia

Bi ekitaldi nahiko ez, eta, beste behin, Lapuebla de Labarcako Assa ikastolari egokitu zaio Araba Euskaraz besta antolatzea. Igande honetan izango da. Egiteko horietan eskarmentu handikoak dira antolatzaileak, eta, ziur aski, besta horrek ez ditu ezustean harrapatu: Assako arduradunek fidagarritasun sendoa agertu ohi dute sarri, eta maisutasunez asmatu dute euskal kulturan oinarritutako hezkuntza ederki hauspotzen. Non eta muga! zioen 1994ko bestaren leloak. Erronka bertsua izango du euskarak aurtengo ekitaldian ere, eta, gure hizkuntza muga inguruan eta mugaz haratago zabal dadin, euskaltasuna goxo-goxo kulunkatuko da Ebro ibai emaritsuan barrena.

Ebro ondoko ezponda

Lapuebla de Labarcara joateko, Eltziego herrian (Araba) jarriko gara abian. Eltziegoko alde zaharrean barneratu gabe, Valdelana upategiaren erreferentzia hartuko dugu; izan ere, haren eskuinetik abiatzen den Barrihuelo kaletik hasiko gara ibilian. Lapuebla de Labarcara doan errepidera iritsiko gara laster. Ezkerrera egin eta goraka jarraituko dugu. Riscal markesaren hotel ikusgarria atzean dugula, herriaren gaineko panoramika ederraz gozatzeko aprobetxatuko dugu. Atentzioa emango digu, akaso, Jean Pineau enologo frantziarraren omenez egokitutako pasealeku dotoreak. Etorbide berria errepidearen ondoan dago, eta harrizko arkutxo bat erakusten du, hain justu ere, enologoak luzaroan garatutako lan profesionala goraipatzeko asmoz.

GR 99 kodea daraman Ebro bidearekin bat egingo dugu bihurgunean. Errepidetik irteteko eta eskuinetik jarraitzen duen bideari ekiteko unea da. Ibar xumeak bete-betean hartuko gaitu han. Ibar ttipia atzean utzi bezain laster, ezkerrera egin eta meandro itxurako eremu berezira gerturatuko gara. Larrez estalitako muinoak ikusiko ditugu Ebro inguruan, baita sastraka xerofiloak eta enbor bihurrituko mahasti dotoreak ere. Denean deigarriena, akaso, iparraldean gailendutako ezponda malkartsua: Nafarroako Bardeako paisaian bezala, desertuaren itxura hartuko diogu mazelari; izan ere, denboraren poderioz ibaiak zizelkatutako lur lehorrok ezegonkortasuna ekarri diote magalari.

Hareharri karedunak, limonitak eta buztinak gogaide, haitzartetik irten, eta ur emariaren noranzkoari jarraituko diogu, goxo-goxo.

Pobedako naturgunea

Ezponda ezkerraldean agertzen zaigula, berriz, ibaiaren ertzeko bidea utzi eta gora egiten duen bideari jarraituko diogu. Erreferentzia gisa, GR 99 zidorreko bi zutoin txiki ikusiko ditugu desbideratze horretan. Beraz, ipar-ekialdera begira jarrita, ezpondari metroak eta metroak urratzen hasiko gara. Behin goiko ordokian, Ortuñokoan, hain zuzen ere, ezkerrera jo, eta, ertzari ongi lotuta, Lapuebla de Labarcara doan errepidera irtengo gara. Herrira jaitsi gintezke orain, baina udalerriko sabaia den Mesamayor tontortxoa zapaltzea proposatzen dugu. Hori dela eta, errepidea gurutzatu eta gora egiten duen bidetik jarraituko dugu. Gailurreko urtegia eskuinaldetik inguratu, eta, ondoko lepora iristean, ezkerreko bidea hartu, eta beherago ikusiko dugun pinudira iritsiko gara. Basoa inguratzen duen pista hartuko dugu han, betiere jaitsiera samurragoa gerta dakigun. Pinuditik irtendakoan, eskuinera egin, eta Lapueblara iritsiko gara.

Araba Euskaraz bestarako programa mamitsuaz bapo gozatuta, Eltziegora eramango gaituen bideari oratzeko unea izango da. Horretarako, herriko plaza nagusitik mendebaldera egiten duen Diputazio kalea hartuko dugu, biribilguneraino. Gero, Fuenmayorrera doan bideari muzin eginda, Pobedako parkera joko dugu. GR 99 zidorra baliatuko dugu, beste behin, Ebro ibaiaren ondoko naturgune preziatu horretara iristeko. Eltziegora itzultzeko, ibaian gora jarraitu baino ez da egin behar.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather