Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Mendi ibilbidea

Artazulgo zintzurra

Duen edertasunak makina bat sakan-jaitsiera zale erakartzen du.
Artazulgo zintzurrean dagoen ur jauzia.
Artazulgo zintzurrean dagoen ur jauzia. MIKEL ARRIZABALAGA

2018-06-05 / Mikel Arrizabalaga

Ollaran ibarra inguratzen duten mendi ederrez gain, bere altzoan gordetzen du Nafarroak duen iturbururik garrantzitsuenetako bat, Artetakoa hain zuzen ere. Eta gertu, ur jauzi, horma bertikal eta trokartez osatutako zirku ikusgarri bat.

Ibilbidea zirkularra denez, bertako edozein lekutatik abia gaitezke, baina guk Arteta herria aukeratuko dugu abiapuntu gisa. Bidearen zatirik handiena PR-Na 170 (Ollarango itzulia) bide balizatutik beteko dugu marka zuri eta horiek erakusten diguten norabidean. Herriko plazatik aterako gara, eta zereal lurren artean zabaltzen den pista eroso eta zabaletik aurrera egingo dugu. Artetako iturburu aldera joko dugu. Lehen bidegurutzean, gatzagetara doan bidea aukeratuko dugu eskuinekoa utziz (gero elkartzen dira biak). Altuera zertxobait galdu, eta erraz iritsiko gara gaur egun nahikoa abandonaturik dauden gatzagen ondora. Antzinetik ezaguna den gatzaga hau artisau moduan ustiatu izan da. Ez dugu ahaztu behar garai batean elikagaiak kontserbatzeko gatza baliabide bakarra zela, eta behar horrek jarduera garrantzitsua bihurtu zuen gatzagetan lan egitea.

Gatzagak zeharkatu, aldapa txiki bat igo, eta berehala bat egingo dugu bide balizatuarekin. Zubi bat gurutzatu, Udarbe erreka gainditu eta xenda segituz, Artetako iturburuaren ondoan dagoen aparkalekura iritsiko gara. Hemengo urak, Udarbe errekara isurtzeaz gain, energia hidroelektrikoa ekoizteko eta Iruñerria urez hornitzeko erabiltzen dira. Iturburuaren sorgunetik ateratzen den ur emaria klimaren baldintzen arabera aldatuz joaten da.

Puntu honetan, bide balizatua utzi, eta Artazulgo zintzurrean murgilduko gara. Udarbe errekako urek zizelkatutako kareharrizko haitzarte honetan, kilometro erdiko ibilbidea burutuko dugu zintzurraren hondoraino heltzeko, ur jauzi ederraren azpira hain zuzen ere. Paraje ederra bezain ikusgarria. Zintzur honek duen edertasunak makina bat sakan-jaitsiera zale erakartzen du, eta, bere neurrian bada ere, Guara edota Pirinioetan aurki daitezkeen ur jauziekin antzekotasun handia du. Ondo higatutako zintzurrean dauden jauzi, igarobide estu eta abarrez gozatzeko paisaia paregabea. Artazul zintzurra kareharrizko haitzarte bat da, Goñiko gainetatik heldu den Udarbe errekako urek zizelkatutakoa; erreka, gero, Artetako iturburuko urei lotzen zaie. Inguru malkartsua da, eta haritzak dira nagusi; toki ospeletan pagadi txikiak ageri dira, eta harkaitzetan, arteak. Beste espezie batzuk inguruko freskuraz eta hezetasunaz baliatzen dira, esate baterako, astigarrak, lizarrak, hurritzak eta sahatsak.

Etorritako bidetik atzera egingo dugu, eta ibaiaren paraleloan aparkalekuraino itzuli, eta bertan ikusiko ditugun bide seinale zuri eta horiek erakutsiko digute hartu beharreko norabidea. Metro gutxi batzuk igo, eta bide lau eta erosoari segituko diogu lurpean doan ubidearen ondotik Ultzurrun herrira iristeko; aurrez, El Pontarrón izenez ezaguna den zubi estutik pasatuko gara. Herriaren gunera jaitsi, eta Artetara zuzentzen pista zabaletik aurrera egingo dugu. Erraz amaituko dugu ibilbide labur baina eder hau.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather