Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Mendi ibilbidea

Mugak gainditzeko irrikaz

Gasteizko mendiak zeharkatuta, Argantzonera iritsi eta bazter ederrez gozatzeko aukera izango du ibiltariak ibilbide honetan.
Erdi Aroko jatorria duen dorretzar baten aurretik igaroko gara.
Erdi Aroko jatorria duen dorretzar baten aurretik igaroko gara. JOSEAN GIL-GARCIA

2018-09-25 / Josean Gil-Garcia

Araba Euskaraz jaialdiak 37 urte beteak ditu jada. Aurtengo jaia argantzondarrei egokitu zitzaien, eta amua ederki hornitu zuten hitzez, kantuz eta dantzaz. Jakina denez, bazterrak euskaltzalez bete ziren egun seinalatuan, Argantzun ikastolak mugaz harantzagoko bidaia zirraragarriari ekin nahi eta laguntza behar zuelako. Ikasten jarraitzeko eta berdintasunean gozatzeko irrikan baitaude han, Lehen Hezkuntza euskaraz abian jarri nahi izan dute, hainbat familiaren eskaerari men eginez. Mendi ibiliak gustuko dituztenei are interesgarriagoa egingo zaie, akaso, Subilla Gasteiztik Argantzongo plazara oinez iristea, Trebiñuko bazterretan euskara zabaltzeko aitzakia ongi estimatua baita beti han. Joan-etorri lasaia da proposatutakoa. Bidean, besteak beste, naturaz bapo gozatzeko eta iragan historikoaz jabetzeko parada dago.

Ibilbidea Subilla Gasteizen hasiko dugu. A-1 errepideko Ruta de Europa hotelaren atzealdetik, herriraino lagunduko digun errepide estua abiatzen da. Eliza baino pitin bat aurrerago, mira eginda geratzeko motibo galanta dago: XVIII. mendeko Simon Anda-Salazar jauregi armarriduna altxatzen da han. Herrigunetik irten baino lehen, hura ikusteko abagunea baliatuko dugu Lautada eskualdeko herri arkitekturari gorazarre egiteko. Monumentuaren aurretik igarota, Gasteizko mendietara bideratuko ditugu pausoak, betiere GR25, GR282 eta Donejakue bide sonatuari dagozkien bide seinaleek gidatuta.

Herriko iturria atzean utzita, metalezko langa bat igaroko dugu. Gero, astigar batzuk hazten diren tokian, GR25 zidorra alde batera utzi, eta eskuinera egingo dugu. Bideak zehar-zehar gidatuko gaitu mazelatik, erkametzak, ipar ipuruak eta ler gorriak gogaide. Tejera izena duen lepora iritsiko gara berehala. Lau bide ikusiko ditugu han. San Migel eta Bustuko gainerako bidexkei muzin eginda, eskuinera okertu, eta mendilerroari ondo atxikita doan bidexkari jaramon egingo diogu. Argantzonera jaisteko bidazti ugarik aukeratzen duten Donejakue bidearen aldaera bat da hori.

Bista ederrak

Hari elektrikoaren azpitik igaro ondoren, bidexkak lerrotik aurrera eramango gaitu. Jaitsiera xumearen ostean, gasbidea zeharkatzen duen lepora iritsiko gara. Suebakia zeharkatu, eta bidexkari jarraituko diogu gain-gainean goititzen den Gaztelu Handiko tontortxora igotzearen kariaz. Konglomeratuzko harkaiztegi txikia gaindituta, lerrotik minutu pare bat eman, eta gailur panoramikora helduko gara. Mugarri luze bat ikusiko dugu haren ondoan. Bista itzelak Badaia, Arkamu eta, oro har, mendebaldeko Lautada inguratzen duten mendigune askoren gainean. Hegoaldean, Trebiñuko lurrak zabal-zabal ikusiko ditugu, Toloño eta Kodes lerro malkartsuek mugatzen dituztela.

Gailurreriaren ondotik jarraituko dugu, eta XIX. mendearen erdialdean eraikitako Madril-Irun bide telegrafikoaren Argantzongo dorre optikora iritsiko gara. Eraikin zaharraren planta karratu eroria eta hainbat harlandu sakabanatu baino ez ditugu ikusiko han. Quintanilla de la Riberaren eta Gasteizko San Bizente eliza gotortuaren artean garai batean altxaturik egon zen dorrearen arrastoa da. Bidexkari men eginez, lepo batera helduko gara, eta bertan habe elektriko bat ikusiko dugu. Bidexkatik aldendu gabe, Argantzongo dorretzarrera edo gaztelura iritsiko gara.

Gaztelua kareharrizko talaia batean dago. Monumentua nahiko garaia baita —hamazazpi metro inguru—, bazter ugaritatik ikusten da. 2011n eginiko indusketa arkeologikoek argitara atera dutenez, paraje horretan zeuden dorre bat eta eraikin batzuk zeharo eraldatu zituzten egun ikusten dugun dorrea altxatzeko asmoz. Bisita egin ostean, bidexkari ekin eta goratasuna galtzen jarraituko dugu. Errepide nagusiaren azpiko tuneletik igarota, Argantzonera iritsiko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather