Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Mendi ibilbidea

Askuren, aurreneko su lerroa

EHUko arkeologo talde bat jo eta su aritu da Askuren gainaldean; besteak beste, 36ko gerrako paisaiaren babesa aldarrikatzeko.
Lubaki sare zabala induskatu berri dute Askuren gailurrean.
Lubaki sare zabala induskatu berri dute Askuren gailurrean. JOSEAN GIL-GARCIA

2018-12-04 / Josean Gil-Garcia

San Pedro, Beratza edo Askuren mendia Amurrioko udalerriari dagokion muino otzana da. Goratasun apala badu ere, aurrez aurreko gudu askotarikoaren gertalekua izan zen 36ko gerran. Izan ere, bertantxe gudu eman zuten bai errepublikanoek bai Francoren aldekoek. Tontorreratzea besterik ez dago aurreneko su lerroari zegozkion lubakiak, metrailadore habiak, lur azpiko galeriak eta talaia estrategikoak ikusteko.

Iraganeko kontuak badira ere, harira jo nahi izan dute berriro ere EHU Euskal Herriko Unibertsitateko arkeologoek. Hori dela eta, urteotako indusketa lana gardentasun osoz laga nahi izan diete bisitariei. Josu Santamarina arkeologo adituak urriaren hondarrean prestaturiko bisita gidatu interesgarrian ezagutarazi zuenez, «gerra zibila hobekien islatzen duen paisaia San Pedro edo Askuren dugu, eta eremu osoa babestu beharrean gaude».

Euzkadiko armadaren milizianoen eta gudarien konpainiak jo eta su aritu ziren Beratzako lerro luzean, betiere erasoaldi frankistari aurre egiteko asmoz. Arkeologoak jakinarazi zuenez, «gudu luzea egin zuten gudariek eta milizianoek 36ko erasoaldian, eta, besteak beste, Alemaniatik etorritako Kondor Legioaren hegazkinei eta italiar gudu orgei aurre egin behar izan zieten». Hamaika tokitatik ekarritako bala zorroak topatu dituzte lubakietan, baita gudari baten identifikazio plaka txikia eta Euzkadi kazetaren orri puska esanguratsu bat ere.

Errepublikanoek eman zuten azken hatsa 1937ko maiatzaren 26an. Hura izan zen-eta azken eguna San Pedroko babesguneetan. Han gertaturiko gudu luzea, ordea, ahanzturatik atera nahi izan dute arkeologoek, eta, urteotako bizilagunen harrera eta interesa ikusita, ingurua behar bezala babesteko eskaera egin dute administrazioaren aurrean.

Biganditik Askurenera

Uzkianon (Araba) emango diogu hasiera ibilbideari. Herrira iristean, elizara doan kalea utzi, eta ezkerretik doan Uzkianora bideari ekingo diogu. Asfaltoa lagun, herrian atzean utzi, eta apaingarri gisa pneumatiko handi bat erakusten duen baserri batera helduko gara berehala. Haren aurretik igaro, eta ur baltsa zabal batetik isurtzen diren ur xumeen gainetik igarota, aurrera joko dugu noranzkoa aldatu gabe. Lehen bidebanatzean, ordea, eskuinera hartu, eta goratasuna hartzen hasiko gara. Laster batuko zaigu ezkerretik Barrerilla mendatetik datorren bidexka. Bide nagusiak, baina, eskuinera egingo du, eta Bigandi ur-putzuraino lagunduko digu.

Putzuaren ertzetik igaro, eta ezkerrean daramagun pinudiaren paraleloan jarraituko dugu. Minutu gutxiren buruan, Arrastariko mugan altxatzen den barrera batekin egingo dugu topo. Barreran gaudela, eskuinera jo, eta, aldapari aurre eginez, tontor batera iritsiko gara. Porlanez landutako babeslekuak eta lubaki batzuk ikus daitezke han.

Bisitaren ostean, barrerara itzuli eta, San Pedro baselizaren hondakinen ondotik igarota, Beratza edo Askuren tontorrera igoko gara. Gainaldea zapaldu aurretik, aukera izango dugu aireko erasoalditik babesteko milizianoek meategi baten moldean hondeatutako galeria bat ikusteko. Ez beldurtu eta ausartu barrura sartzen: 40 metro egingo ditugu-eta tunel ilunean barrena. Amaitu gabe dagoela laster konturatuko gara, tunelak egiten duen bihurgunetik atera eta laster. Tuneletik irten eta tontorrean izango gara. Jatorri susmagarria duen burdinazko gurutzearen ondoan Luis Padurak jorratutako artelana ikusiko dugu. Haren ondoan, lubaki sare zabala eta metrailadore habia zenbait ikusiko ditugu. Baita ikuspegi zabala ere Arrastaria eta Gorobel mendilerroaren aldera.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather