Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Mendi ibilbidea

Tornola erreka

Oiartzun ibaiaren iturburua non den zehazteko orduan zailtasunak izaten dituzte adituek
Tornola errekaren arrastoan.
Tornola errekaren arrastoan. MIKEL ARRIZABALAGA

2018-10-16 / Mikel Arrizabalaga

Aiako Harriko tontorretatik Arditurri, Endara eta Meaka auzoetara irristatzen diren malkarretan hamaika errekak garraiatzen dituzten urek bat egiten dute, eta ur ugariko ibaiak sortu. Mendebaldeko isurialdean, Arditurriko errekak magal malkartsuetatik datozen urak biltzen ditu Ergoien auzora heldu baino lehen, eta, Ergoien auzora heldu aurretik, Oiartzun ibaia osatzen du Tornolako errekako urekin batera; gero, Pasaiako portuan isurtzen ditu bere urak Kantauri itsasora. Ekialdeko isurialdean, berriz, Endarako errekaren urak izen bera duten urtegian biltzen dira, eta, haran txiki eta estu bat zeharkatu ondoren, Bidasoa ibaian isurtzen dira, gerora Irundik Kantauri itsasora bideratzeko. Ibilaldi honetan, erreka horietako baten iturburura joango gara: Tornolakora, hain zuzen ere.

Arritxuloko aterpean emango diogu hasiera ibilbide zirkular honi. Aparkalekuaren amaieran dagoen ataka gainditu, eta lurrezko pista zabal batean egingo ditugu lehen urratsak. Pinudia zeharkatu eta gero, Otsandolako pagadian murgilduko gara, eta bertatik jaisten hasiko gara, Penadegiko errekaren ondoraino. Egurrezko bi zubi gurutzatu, eta, maldan gora metro batzuk bete ostean, ubidearen ondotik marrazten den xendatik eroso egingo dugu aurrera. Ubidea amaitzean, ordura arteko bide laua utzi, eta maldan gora abiatuko gara. Epeleko erreka zeharkatu, eta izen bera duen baserria gure ezkerrera utzita, eskuinetik jaisten den bidetik altuera galtzen hasiko gara. Aurrez aurre Aiako Harriko mendigunearen ikuspegia dugula, Tornola errekaren ondoraino jaitsiko gara.

Oiartzun ibaiaren iturburua non den zehazteko orduan zailtasunak izaten dituzte adituek. Testu batzuetan, Arditurriko parajeetan kokatzen dute, baina ez da zuzena. Biandizko magalean bilatu behar omen da iturburua, 700 metroko altueran, hantxe sortzen dira lehen urak eta. Mapari jarraiki, errekak izen desberdinak hartzen ditu: Martuzenegi, Olazarre, Penadegi, Intzensoro eta Tornola; azken horrek Arditurriko urekin bat egiten du .

Gure ibilaldiarekin segituz, Portuberriko makinetxea eta ur araztegiaren ondora helduko gara, ibilaldiaren punturik baxuenera. Horren ondotik zabaltzen den pistan metro batzuk egin, eta, berehala, bide zabala utzi eta ezkerretik ateratzen den xendan barrena abiatuko gara. Intzensoroko bidera ailegatzean, Artxabaletako baserrien ondoan dagoen karobi eder baten albotik pasarazi eta Lesakako errepideraino eramango gaitu porlanezko bideak.

Errepidea gurutzatu, eta beste aldetik zabaltzen den bidetik gorantz joko dugu. Sailpuru baserria atzean utzi, eta berriro errepide nagusira atera, hori gurutzatu, eta Altuna etxaldeko lurren ondotik erraz egingo dugu aurrera pista zabalean. Aurrerago, pista utzi, eta ezkerraldetik ateratzen den xenda estutik gorantz egingo dugu, errepidearen azpiko aldetik, eta Arritxuloko aterperaino helduko gara. Ibilbide labur eta erraz honek Aiako Harriko parke naturalaren erraietan dauden eta nahikoa ezezagunak diren parajeak ezagutzeko eta haiez gozatzeko aukera ederra ematen du.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather