Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Mendi ibilbidea

Mitxintxolako gaina

Lord John Hay gotorlekua 1875ean eraiki zuten tropa liberalek Pasai Donibanen dagoen Santa Isabel gazteluaren defentsa gisa.
Jaizkibelgo itsaslabarrak, Mitxintxolatik.
Jaizkibelgo itsaslabarrak, Mitxintxolatik. MIKEL ARRIZABALAGA

2018-11-20 / Mikel Arrizabalaga

Pasai Donibane eta Hondarribia artean hedatzen da Jaizkibel mendilerroan, eta hainbat gaztelu eta gotorlekuren arrastoak ikus ditzakegu. Gaurko ibilaldi zirkular honetan, horietako bi ezagutzeko parada izango dugu: Santa Isabel gaztelua eta Lord John Hay gotorlekua.

Pasai San Pedron txalupa hartu, Pasai Donibanera pasatu, eta hantxe hasiko dugu ibilaldia. Herri eder eta polit horretako kale estuetan murgilduko gara, eta, herriko plaza nagusia atzean utzi eta gero, Santo Kristo Oparoaldikoaren elizara helduko gara. Horren ondotik zabaltzen den bidetik aurrera egin, eta berehala iritsiko gara Santa Isabel gazteluaren ondora. Gotorlekuak Gipuzkoan liburutik jakin dugu gotorleku horren bilakaera historikoaren berri: XVI. mendearen bukaeran bertan gaztelu txiki bat eraikitzea proposatu zen, Pasaiako sarrera babesteko helburuz, baina XVII. mendearen lehen laurdenera arte ez zen proiektua idatzi, eta gertu zegoen errota baten (Txurrutella) ondoan kokatu zuten. Diru faltak gotorlekua amaitzea eragotzi, eta ia mende batez amaigabe bihurtu zen eraikina Frantziako gudarosteen esku geratu zen hainbat aldaketa eginez. Santa Isabel gazteluak 1867an amaitu zuen bere zerbitzu bizitza, nahiz hurrengo urteetan erabili izan den noizean behin. Gaur egun, egoitza pribatu bat dago han.

Bide erosotik segituz, Alabortzako senaiaraino gerturatuko gara, eta eskuinetik zuzen igotzen den porlanezko aldapari eutsiko diogu. Talaia bidearen informazio panelak erakutsiko digu jarraitu beharreko bidea. Bidelagun izango ditugun seinale zuri-gorriek Talaiaren semafororaino eramango gaituzte, Arandoaundia itsaslabarraren erpineraino. Orain arteko bide zabala estutu egiten da hor, eta haizearen higadurak sortutako geoforma ederren ondotik marrazten den xendan barrena altuera irabazten jarraituko dugu. Forma berezi eta txundigarriak atzean utzi, eta, bidea leundu egiten den lekuan, gertu ikusiko dugu Mitxintxolako gaina. Talaia bidea gure ezkerrera utzi, eta belarrezko aldapatik tontorreraino igoko gara. Ikuspegi ederraz gozatu ostean, Kabitte baserrira jaitsiko gara, eta, handik, Kantina tabernara, gertu dago eta.

Itzulerako bidea hartuko dugu segidan, eta errepidetik beherantz egingo dugu lehen bihurguneraino. Hor, Arrokaundieta aldera jaitsiko gara, eta han dagoen aterpea eta Lord John Hay gotorlekuaren aurriak bisitatuko ditugu. 1875ean eraiki zuten tropa liberalek Pasai Donibanen dagoen Santa Isabel gazteluaren defentsa gisa. Gotorlekuaren izen hori ipini zioten marinel ingeles ospetsuaren omenez, inguru hauetan ibili baitzen Lehen Gerra Karlistan liberalei lagunduz. Hiru eraikin (kuartelak, bolbora biltegiak eta sukaldekantin) izan zituen kuartelak gaur egun aisialdirako eremua da.

Abiapuntura itzultzeko, etorritako bidetik atzera egingo dugu, eta Pasai Donibaneraino jaisten den bide asfaltatuan zehar erraz galduko dugu altuera Donejakue bidearen gezi horiek erakusten diguten norabidean. Herriko kaira jaitsi aurretik, Santa Ana ermitara gerturatuko gara. Eskaileretatik txalupa hartzen den lekura jaitsiko gara, eta ibilbidea amaitutzat emango dugu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather