Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Mendi ibilbidea

Iturrigorri

Herrenaren Harria eta Xenda Beltza gogaide, Iturrigorriko goi ordoki karstikora igoko gara: hots, hegaztien erreinura.
Bedarbide mendiaren azpiko xendatik estanpa ederra dugu Iturrigorriaren gainean.
Bedarbide mendiaren azpiko xendatik estanpa ederra dugu Iturrigorriaren gainean. JOSEAN GIL-GARCIA

2018-12-11 / Josean Gil-Garcia

Gorobel mendigunea Euskal Herriko mendebaldeko muturrean altxatzen da, isurialde kantauriarraren eta mediterraneoaren artean. Mendigune sonatu horrek Arabako lurrak hartzen baditu ere, Urduñari dagokion lur puska ederra ere bada han. Espazio natural hori mila metroko goratasunaren gainetik goititzen baita, leku askotatik ikus daiteke, haren horma zorabiagarriak erreferentzia gune garrantzitsuak izan ohi direla. Interesgune ugari gordetzen dituen lerroa da: Txarlazoko Haitzeko Ama Birjinaren monumentua eta Nerbioiko arroila indartsua, besteak beste.

Iturrigorri mendi dotorea lerrootara ekarri dugu, ordea, haren balio ekologikoak defendatze aldera. Izan ere, hegazti errupikolen komunitate adierazgarri bat dago mendiguneko goialdeko zoko-mokoetan, eta, hango faunari babesa ematearen kariaz, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatu zuten aspaldi.

Iturrigorrira bidea

Mendizaleen artean oso ohikoa da Lendoñogoitiko auzoan (Bizkaia) abiatzea Iturrigorriko goi-ordoki karstikorako bidea. Asteburu ederra aukeratuz gero, zale anitzek osaturiko ilara luzea ikusteko aukera izango dugu. Den-denak erromesen antzera, pagadian barrena arituko dira ospe handiko kaskorantz. Ez da harritzekoa. Izan ere, Iturrigorrik eskaintzen baitu Gorobel mendigunean egin daitekeen igoerarik interesgarrienetako bat. Haren siluetaren edertasunak mendigoizale askoren begirada harrapatu zuen aspaldi, hara heltzeko diren zailtasunei muzin eginez.

Lendoñogoitira heltzeko, Belandia eta Maroñora seinalatzen duten bide seinaleei jaramon egingo diegu Urduñan bertan. Hasierako 3 kilometroak egin eta gero, ezkerrera joko dugu desbideratzean, eta, auzora iritsi baino 300 metro lehenago, autoa lagako dugu horretarako egokitua duten aparkaleku xumean. Ibilbidea seinaleztatzen duen taula bat ikusiko dugu errepidearen ondoan. Aparkalekuaren muturretik, Iturrigorri mendiaren edertasunaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu. Soa harantz luzatzeaz batera, harkaitz menderaezina irudituko zaio bati baino gehiagori. Arrazoirik ez zaie faltako: kareharrizko mendigune desafiatzailea ezerezetik agertzen baita iparraldeko isurialdean. Hegoaldeko geomorfologiari erreparatuta, erabat desberdina dela esan beharra dago. Hala gauzak paramera baten moldean luzatzen da Burgosko lurralde aldera.

Harresi txiki baten ondoan doan basabide harritsuari men egingo diogu hasieran. Hari segika, burdinazko langa batera helduko gara. Hura gurutzatu, eta pagadiaren babesean jarraituko dugu; ezustekorik ez, beraz. Ezkerrera egingo du bideak aurrerago, eta goratasuna hartzeko aprobetxatuko dugu. Bide sarda batean, aurrera joko dugu, ordura arte izan dugun noranzkoa aldatu gabe.

Hurrengo bidegurutzean, berriz, eskuinetik jarraituko dugu pagadiari gortea egiten. Apur batean pistatik irtengo gara, eta, taula xume batek dioenari jarraituz, eskuinera okertu, eta Herrenaren Harrira helduko gara. Harkaitza xume-xumea da, eta bide ondoan ikusiko dugu. Artzain baten omenezko plaka bat du harriari ongi itsatsita. Haren inguruan kontatu da artzain herren batek atseden hartzeko ohitura zuela. Dena dela, guk ere aprobetxa dezakegu sosegua hartzeko, pagaditik gorako bideak ahalegina eskatuko digu eta.

Bidexkak pagadia atzean uzten lagunduko digu segidan, eta, belarrez jantzitako maldan gora eginda, Xenda Beltzera helduko gara. Orain arteko bidea samurra bezain gozagarria izan bada, Barrerillako atakarainokoa ezin ederragoa irudituko zaigu. Bidea leuntzen delarik ere, arriskurik ez da faltako, batik bat zorua bustita badago. Ehunka metrotako desnibela izango dugu gure eskuinaldean, eta, supituki, maitagarrien ipuinetan legez, paisaiak zirrara berezia hartuko du: aurrez aurre, Iturrigorriko estanpa malkartsua izango dugu, baita tapiz berdez jantzitako malda ikaragarria ere. Kontu handiz, beraz, Barrerillako atakara helduko gara. Eskuinera hartuko dugu han, eta, Iturrigorriko iturritik igarota, gailurrera igoko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather