Ibilbideak

Izarra, Ostuño parkea, Goiuri behatokia, Oiardo, Undoa

  • Herrialdea: ARABA
  • Zailtasuna: Oso erraza
  • Tontor eta leku izenak: Izarra, Ostuño parkea, Goiuri behatokia, Oiardo, Undoa
  • Distantzia: 10,5 km. 2 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Mendi ibiliak eta eskualdeko produktuak uztartzeko xedez, ibilbide gastronomikoak sortu dituzte. Goiuri-Oiardokoa da horietako bat.
  • Abiapuntua: Ostuño (Izarra)

Mendi ibilbidea

Zuiako ibilbide gastronomikoa

Mendi ibiliak eta eskualdeko produktuak uztartzeko xedez, ibilbide gastronomikoak sortu dituzte. Goiuri-Oiardokoa da horietako bat.
Oiardoko errota bisitatzeko parada dago garagardotegira iritsi aurretik.
Oiardoko errota bisitatzeko parada dago garagardotegira iritsi aurretik. JOSEAN GIL-GARCIA

2019-01-22 / Josean Gil-Garcia

Hamar urte igaro dira Oiardoko Baias garagardotegia lehen urratsak egiten hasi zenetik. Jose Luis Lopez eta Idoia Marañon sustatzaileek jarritako harri koskorra fruitu desiratua ematen ari da azkenaldion. Izan ere, maila goreneko garagardoa ekoizten iaioak direlarik ere, helburua urruti jarri nahi izan dute oraingoan: hainbat motatako garagardoak zein mokadu goxoak dastatzeko parada eskaini nahiko diete aurki euren baserrira joaten direnei.

Oiardoko lagunon proiektua gauzatzen den bitartean, ordea, Zuiako eskualdean barrena mugituko gara, eskualde bereko hainbat produktu ezagutzeko. Goiuri-Oiardo ibilbide gastronomikoa baliatuko dugu horretarako, eta, hari segika, Oiardoko garagardoa, Izarrako euskal pastiza eta ogia eta Goiuri-Undoako ardi gazta gure bizkar zorroan eroateko parada izango dugu.

Izarrako Ostuño parkean (Zuiako eskualdea, Araba) emango diogu hasiera ibilbide gastronomikoari. Abiapuntura iristeko, Izarran ikusiko ditugun bide seinaleei jaramon egin, eta Amonalola jatetxe berriaren atzealdean utziko dugu autoa; hots, parkearen aurreko esparru zabalean.

Kirol gunea ezkerraldean dugula hasiko gara ibilian, atsedenlekuan sartu gabe. Galtzadako hariztian sartuko gara tupustean, GR-282 ibili luzeko zidor ezaguna gogaide. Bidebanatzean, zuzen joko dugu, noranzkoa aldatu gabe. Trenbidearen paraleloan doan bideari segika jarraituko dugu, eta pagadi xumeak bilduko gaitu laster. Goiurira doan errepidera irtendakoan, asfaltoa gurutzatu eta Berbitako tumulua eskuineko muinoan bazterrera utzita, Goiuriko ur jauziraino lagunduko digun bidexkari jarraituko egingo diogu. Zuiako bide gastronomikoaren nondik norakoen berri izango dugu turistek autoak uzten dituzten lekuan.

Ur jauziaz bapo gozatuta, errepide ondoko aparkalekura itzuliko gara berriz ere. Errepidea zapaldu gabe, ordea, eskuinera jotzen duen basabideari ekin, eta Goiuri-Undoa bideari jarraituko diogu. Parrangibel izeneko parajeak Goiuri auzoraino lagunduko digu. Gazta erosteko aukera izango dugu Segundo Meaberen etxaldean, afixak dioen legez. Oiardo errekaren gainetik igarota, eliza aldera joko dugu. Kalean gora jarraituta, ezkerrera hartuko dugu iturriaren parean, eta Oiardora iritsiko gara. Herriko lehen etxeak bistan ditugula, eskuinera egin, eta errepidera irtengo gara. Eskuinera berriz eginda, behialako errota zoko xumean ikusiko dugu, eraikin zaharberritua. Errepidera jo beharrean, errotaren ondoan doan belarrezko bidea hobetsiko dugu. Ubidetik aldendu gabe, hortaz, Baias garagardotegian amaituko dugu ibilbidearen lehen zatia.

Undoako auzoa

Itzulera egiteko, Oiardoko errotara iritsiko gara berriz. Errepidea zapalduta, San Joan eliza gainalde batean laga, eta errepide nagusira iritsiko gara. Ezkerrera egingo ditugu metro batzuk, eta, segidan, eskuinetik irteten den nekazari bideari jarraituko diogu. Eskuin-ezker hartu gabe, zuzen jo, eta Undoa auzora iritsiko gara. Baserri parean doan bideari segika, gora egingo dugu pitin bat, eta, lehen aldatsa amaitu bezain laster, maldan behera egingo dugu ibarrarekin bat egiteko. Ostuño parkea inguratzen duen basabidera iristean, eskuinetik segitu, eta Izarrara iritsiko gara bizkor-bizkor.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather