Ibilbideak

Asteasu, Elizmendi, SantamaƱa, Lizola

  • Herrialdea: GIPUZKOA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Asteasu, Elizmendi, SantamaƱa, Lizola
  • Distantzia: 5,8 km. 2 ordu eta 15 mn.
  • Ingurunea: Obabako lurraldea ezagutarazteko 2015ean antolatu zuten ibilbideari beste lau ibilbide gehitu dizkiote, eskualdeko ondarearen berri emateko asmoz.
  • Abiapuntua: Asteasu

Mendi ibilbidea

Muskerraren bideak

Obabako lurraldea ezagutarazteko 2015ean antolatu zuten ibilbideari beste lau ibilbide gehitu dizkiote, eskualdeko ondarearen berri emateko asmoz.
Muskerraren Bidean, Santamaña aldera igotzen.
Muskerraren Bidean, Santamaña aldera igotzen. MIKEL ARRIZABALAGA

2019-02-12 / Mikel Arrizabalaga

Orain lau urte, Muskerraren Bidea osatu zuten, Bernardo Atxagaren unibertso literarioan Asteasuk duen pisua nabarmentzeko eta literaturazaleei proposamen berriak eskaintzeko. Ibilbidea guztiz hiritarra da, idazleak bere eleberrietan islatu zituen paisaia hiritarrak protagonista bihurtuz. Iaz, herriko inguruetan dauden kultur ondareak eta natura erakusteko beste lau ibilbide osatu zituzten: Usarrabi, Erreka bailara, Santamaña eta Olazar. Horrela, lau ibilaldi horiek Muskerraren Bidea izeneko proiektua osatu eta aberastu egin dute. Ibilbide horretako bi lotu ditugu: ibilbide hiritarra (Obaba) Santamañaraino igotzen den natura ibilbidearekin lotu dugu.

Asteasuko udaletxearen ondoan ekingo diogu ibilaldiari, eta, Kale Nagusitik aurrera egin orduko, Errekaballara aldera joko dugu, eskuinetik igotzen den asfaltozko bidetik. Gero ikusiko ditugun 7 baserrien izenak egurrezko panel batean. Lizolateine baserria pasatu eta berehala, bidegurutzean eskuinerantz joko dugu Lizola baserriraino. Hor, asfaltoa bukatu egiten denez, lurrezko pistatik egingo dugu gora, eta Lizolagoiena baserriraino helduko gara. Baserria atzean utzi, eta bide asfaltatutik Santamañaraino igoko gara. Ermitara heldu aurretik Asteasu aldera dagoen ikuspegi ederraz goza dezakegu.

Santa Marina izena (Santamaña) aspaldikoa da Euskal Herrian. Dirudienez, Donejakue bidea hemen ingurutik pasatzen omen zen, Andatza zeharkatu eta gero, Zarate Benta zaharretik Andatzarratera igaro eta Zelatundik barrena aurrera jarraitzen omen zuen. Seguruenik, erromatarrek erabili zuten bidea jarraitzen zuten. Hori izan daiteke Santa Marinaren sorreraren arrazoi nagusia. Lehen aipamena 1558. urtekoa da, baina badirudi tenplarioen garaikoa dela. Tenplarioen zeregina Donejakueko erromesak babestea izan ohi zen, eta, funtzio hori segurtasunez egiteko, eraikinak altxatzen zituzten. Horren adibide dira Aizarnako Santa Engrazia eta Asteasuko Santamaña. Gaixotutako erromesak zaintzen eta babesten zituzten ermitaren ondoan izaten zen eraikinean, eta baliteke horrexegatik eraiki izana ermitak tontor edota muinoetan.

Etorritako bidetik atzera egingo dugu, eta, Inkilinsoro baserriaren azpiko aldera iristean, asfaltoa utzi, eta eskuinetik jaisten den lurrezko pista hartuko dugu. Egurrezko enbor txikietan ikusiko ditugu ibilbidearen datuak. Aldapan behera, erraz jaitsiko gara Agirrelegarreta baserriaren ondora; hortik aurrera segituz, berriro bide asfaltatuarekin bat egingo dugu. Asteasuko Kale Nagusira iritsi aurretik, ezkerretik, Eliz kaletik egingo dugu aurrera. Orain, kontrako norabidean Muskerraren Bide hiritarra osatuko dugu; horretarako, Elizmendi aldera joko dugu. Andatzarratera zuzentzen den errepidea gurutzatu, eta, maldan gora, Santa Krutz ermitaren ondora iritsiko gara. Aurrera segi, eta Elizmendi auzoan murgilduko gara, San Pedro elizaren ondora. Muskerraren Bide hiritarrari dagozkion bide seinale urdin zenbakidunak ikusiko ditugu, eta horietan irudikatzen dira aurrez aipatu dugun Bernardo Atxagaren unibertso literarioa. Pello Errota herri eskolaren ondotik pasatu, eta, maldan behera, herriguneraino jaitsiko gara, eta ibilbidea amaituko dugu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather