Ibilbideak

San Anton ermita, Telleri lepoa, Kopako harria

  • Herrialdea: NAFARROA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: San Anton ermita, Telleri lepoa, Kopako harria
  • Distantzia: 4,1 km. Ordu 1 eta 40 mn.
  • Ingurunea: Paraje hauek Nafarroatik Gipuzkoa aldera egiten zen kontrabandoaren lekuko isilak izan dira mendeetan.
  • Abiapuntua: San Anton ermita (Lesaka)

Mendi ibilbidea

Kopako harria

Paraje hauek Nafarroatik Gipuzkoa aldera egiten zen kontrabandoaren lekuko isilak izan dira mendeetan.
Kopako harria San Anton baselizatik.
Kopako harria San Anton baselizatik. MIKEL ARRIZABALAGA

2019-02-19 / Mikel Arrizabalaga

Endarako urtegiaren gainetik gailentzen den mendi hau nahikoa ezezaguna da mendizaleentzat, edo, behintzat, ez da inguruan dauden Aiako Harria eta Bianditz mendiak bezain erakargarria. Mendi horiek, XX. mendearen hasieratik 1936ko gerra bitarte eta guda ostean 50. urtera arte, inguru hauetan egin ohi zen kontrabandoaren lekuko isilak izan dira. Iparraldetik hegoalderantz eta, zehazki, Nafarroatik Gipuzkoarantz, era guztietako generoak garraiatzen zituzten kontrabandistek. Karabineroen zaintza zorrotza ekidin ahal izateko, oso ondo ezagutzen zituzten hemengo xenda, aldats, ubide, borda, baso eta abar.

Inguru hauetan, kontrabandoa gauez eta oinez egiten zen, eta, Aiako Harriko harresia gainditu ahal izateko, kontrabandistek bide ezberdinak erabiltzen zituzten. Hiru ibilbide nagusi erabiltzen zituzten: lehenengo biak, Kopako harriaren Maiobiko mendi mazelan; hirugarrena, berriz, hegoalderantz, Agiñatik. Aiako Harria eta haren inguruko mendiak kontrabandoaren erreferentzia garrantzitsuak izan dira; horregatik, karabineroen zaintza saihesteko eta igoera-jaitsiera malkartsuetan pisu handiko zamarekin ibiltzeko —batez beste 30 kilo—, paraje hauek oso ondo ezagutzeaz gain, prestakuntza fisiko bikaina behar zuten kontrabandistek.

Endarako urtegiaren ertzean dagoen San Antongo ermitatik abiatuz, porlanezko pista bat hartuko dugu, metro batzuk goraxeago dagoen Olaberri jatetxera heldu arte. Ezkerretik eta ataka bat igaro ondoren, pista zabal batek Telleriko leporaino eramango gaitu. Honaino GR-11ren seinale zuri-gorriak izango ditugu lagun. Leku hau da garai batean Oiartzun eta Lesaka herriak lotzen zituen bidearen igarobide bakarra, eta, egun ere, Lesakara oinez heldu nahi duenarentzako toki estrategikoa da.

Pista zabala utzi, eta ezkerrera ateratzen den xenda hartuko dugu, Agiñari bizkarra emanez. Igoera maldatsua, gogorra da. Oso denbora gutxi beharko dugu estela itxurako buzoiaren ondora iristeko; Club Vasco de Camping mendi taldeak jarria da buzoi hori. Gailurra zabala da, eta, buzoia dagoen lekutik iparralderantz metro batzuk aurreratuz gero, ezproi batzuk ikusiko ditugu, eta, tarteka, putreak horietan pausatzen ikus daiteke. Hemendik ederki begiztatzen dira hondoan dagoen urtegitik Aiako Harriko gailurretaraino igotzen diren magal malkartsuak. Gure ibilaldiarekin jarraitzeko, lehen aipatu dugun Telleriko lepora itzuliko gara. Langa igaro, eta pistan barrena Telleria baserrirantz abiatuko gara. Baserrira heldu aurretik, eskuinerantz hartuko dugu bidea, aurrean frontoi itxura duen eraikin baterantz. Eraikin hori Telleria baserritik oso gertu dago, eta garai batean eskola izan zena egun ukuilu gisa erabiltzen dute.

Abiapuntura itzultzeko, egin dugun bide bera beteko dugu, garai batean kontrabandistek erabiltzen zutena, hain zuzen ere. San Anton ermita berrituaren inguruan jende andana bildu ohi da urtero urtarrilaren 17an, San Anton egunez. Antzina, San Anton auzoa gaur egungo urtegiaren azpian gelditu zen, eta ermita justu-justu salbatu zen, eta lehorrean gelditu. Bertan bainatzea debekatuta dago, baina leku aproposa da ibilaldia amaitu eta mokadu bat jateko.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather