Ibilbideak

Albeiz, Apotako etxola, Atabarrate, Umandia

  • Herrialdea: ARABA
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Albeiz, Apotako etxola, Atabarrate, Umandia
  • Distantzia: 11 km. 3 ordu eta 50 mn.
  • Ingurunea: Umandiako Aitzabalera igoko gara bide zuzenetik, hots, Apotako aterpetxetik gora doan bide karstikoari segika.
  • Abiapuntua: Albeiz

Mendi ibilbidea

Umandiako Aitzabala

Umandiako Aitzabalera igoko gara bide zuzenetik, hots, Apotako aterpetxetik gora doan bide karstikoari segika.
Tapiz karstiko batek estaltzen du Umandiako hegoaldeko mazela.
Tapiz karstiko batek estaltzen du Umandiako hegoaldeko mazela. JOSEAN GIL-GARCIA

2019-02-26 / Josean Gil-Garcia

Aratz-Aizkorri natur parkeko ekialdeko bazterrean Umandia mendi aparta goititzen da. Iparraldeko isurialdea pagadi galant batek estaltzen duenez, Gipuzkoa aldetik abiatuz gero, baso liluragarria zeharkatzera behartuta egongo da ibiltaria. Hegoaldeko magalean, berriz, izaera karstikoa bistan lagatzen da panorama zirraragarria erakutsiz. Ordokiko ekialdeko ikuspegi harroxkoak bat baino gehiago txundituta utziko du.

Tontorrera igotzeko ohiko bidea mendigunearen ekialdean irekitzen den Atabarrate izeneko lepotik erraz egiten da. Ibilbide luzeagoa egin nahi duenak, ordea, Apotako Saroi aldera egiteko joera izaten du beti, eta Salkortaganeko leporainoko tartea osatzen du. Arabatik, baina, hirugarren aukera bat ere bada, eta horixe da lerro hauetan deskribatuko duguna: Apotako etxolan gora egiten duen bidea, hain justu ere. Beraz, zuzen-zuzen, tapiz karstikoan barrena ibiliko gara oraingoan.

Albeiz herrian emango diogu hasiera ibilbideari (Arabako Lautada). Araia ezagunetik gertu, hortaz. Herriko elizaren aurreko plazatxoan gaudela, tenplua ezkerrean utzi, eta porlan bidean behera egingo dugu Etxeberria baserriaren paretik igarota. Errotara doan ubidea zeharkatuta, Boriotxo parke zaharberrituaren ertzetik igaro,eta errepidera aterako gara. Asfaltoa gurutzatuko dugu han, eta kanposanturantz jarraituko. Hilerrian, eskuinera egin, eta asfaltoa utzi gabe jarraituko dugu, betiere gain-gainean dugun muinoa inguratuz. Lepo xume batean kokatuko gaitu laster nekazari bideak.

Bide nagusiak ezkerrera joko du lepoa,n eta, goratasun pixka bat galdu ostean, Ilarduia eta Araia lotzen dituen bidearekin bat egingo dugu. Noranzkoa aldatu gabe, bide zabala gurutzatu eta maldan gora jarraituko dugu, basabide lohitsua gogaide. Aldatsaren bukaeran langa bat ikusiko dugu. Gero, Kukuma errekastoraino lagunduko digu basabideak. Ur-emaria zeharkatu gabe, ordea, ibarrean aurrera egingo dugu, astiro-astiro eta bide nagusitik aldendu gabe. Leze haitzulo erraldoitik datorren GR-25 zidorra eskuinetik batuko zaigu berehala. Hainbat metro egin ondoren, ibilbideak Araiara jotzen utziko dugu. Guk, berriz, bide nagusiari men eginez, aldapa pikuari aurre egingo diogu, eta Apotara doan bide zabalera aterako gara. Bidebanatze horretan metalezko bankutxo bat dago.

Eskuinetik jarraituko dugu han, eta, Olbide iturriko seinalea igarotakoan, basabiderik behinenaren eskumatik doan bide zaharrari eutsiko diogu. Hareharriz jositako bide zaharra da, hainbat harlauzatan ikusitako gurdien arrastoek argi asko erakusten duten legez. Aldatsean gora, beraz, Apotako aterpetxeraino. Talaia ederrean dago kokatuta etxola. Ezbairik gabe, leku estrategikoa izaten da Albeizko haitzera zein Umandiara ere igotzeko. Txabolaren ondoan igarota, Apotako pista nagusira irtengo gara berriz. Orduan, eskuin-ezker jo gabe, basabidea gurutzatu eta magal karstikoan gora egiten hasiko gara. Bidexka bat ikusiko dugu magal malkartsuan. Igoera garbia bada ere, tentu handiz ibili beharra dago paraje karstikoetan, zuloak eta arrakalak nonahi ager baitaitezke. Bidexkak tontorreko erpin geodesikoaren ondoan utziko gaitu.

Atabarrateko lepoa

Tontorretik jaisteko, Atabarrateko lepotik igarotzen den aldaera lehenetsiko dugu. Horretarako, mendebalderantz urratsak egiten hasiko gara, betiere gandorrari begia kendu gabe. Pagadiaren babesean jarraituko dugu, eta, magala zabaltzen denean, ehiztarientzako etxola batera heldu gabe, pintura arrasto xume batek seinalatuko digu Atabarrateko lepora doan bidea.

Lepoan, ezkerrera egin, eta, metro batzuk egin ostean, ezkerretik doan bide balizatua hartuko dugu. Aspaldiko ibilbide labur bati dagozkion markak dira horiek, eta harrobi zahar baten ondoraino lagunduko digute. Ezkerrera egingo dugu hango basabidean, eta Apotako aterpetxean izango gara berriz. Albeiz herrira jaisteko igoeran eginiko bide berari jarraituko diogu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather