Ibilbideak

Severinoren borda, Eltxoen iturria, Gortasoro iturria, Arafe iturria, Arenal iturria, Basauntziturri iturria

  • Herrialdea: NAFARROA
  • Zailtasuna: Oso erraza
  • Tontor eta leku izenak: Severinoren borda, Eltxoen iturria, Gortasoro iturria, Arafe iturria, Arenal iturria, Basauntziturri iturria
  • Distantzia: 5,2 km. Ordu 1 eta 30 mn.
  • Ingurunea: Hainbat iturri bisitatuko ditugu ibilbide honetan: Eltxoena, Gortasorokoa, Arafekoa, Arenalekoa eta Basauntziturriko.
  • Abiapuntua: Severinoren borda (Urbasa)

Mendi ibilbidea

Iturrien ibilbidea

Hainbat iturri bisitatuko ditugu ibilbide honetan: Eltxoena, Gortasorokoa, Arafekoa, Arenalekoa eta Basauntziturrikoa.
Eltxoen iturria.
Eltxoen iturria. MIKEL ARRIZABALAGA

2019-03-26 / Mikel Arrizabalaga

Urbasako zelaiguneen eta pagoen artean marrazten diren xenden bazterretako bost iturri lotzen dituen ibilaldi bat egingo dugu. Eltxoen iturria bisitatuko dugu lehenik; gero, Gortasorokoa; segidan, Arafekoa eta Arenalekoa, eta, azkenik, Basauntziturri. Ibilaldi osoan egurrezko hesolak daude, eta bertan margotutako gezi eta marra urdinek erakutsiko digute jarraitu beharreko bidea. Orbela zapalduz, bizpahiru errekasto ere zeharkatuko ditugu berriro abiapuntura itzultzeko. Umeekin egiteko oso ibilaldi aproposa da.

Ibilbide balizatua hasi bezain laster, pago ederren mendean babesturik dagoen Eltxoen iturrira jaitsiko gara. Nahikoa ondo kontserbaturik dago, eta udako egun sargorietan bertaratzen direnek oasi gisa erabili ohi dute. Iturriari bizkarra eman, eta aldapa txiki bati aurre egingo diogu, pista zabal eta belartsu batera atera arte. Berehala, seinalatuta dagoen puntu berezi batera ailegatuko gara: Ama Birjinaren Pagoa esaten zaion ingurura. Pago handi baten enborrean, Ama Birjinaren irudia eta loreak daude, eta testu hau irakur daiteke gaztelaniaz: «Bernardo Garbayo 27-8-1928. Ama nirea, otoi egin harengatik». Elezaharrak dioenez, bi mendizalek babesa bilatu zuten pago horren azpian ekaitz izugarri baten ondorioz, eta bertan eroritako tximista batek ez omen zien kalterik eragin. Hori dela eta, Ama Birjinaren irudi bat jarri zuten pagoan bertan, eskerrak emateko.

Bide balizatutik iparralderantz jo, eta gure ibilbidean jarraituko dugu. Laster, 200 bat metro eskas bete eta gero, bidetik aparte, bigarren iturria bilatuko dugu; Gortasoroko iturria, hain zuzen ere. Dolina baten hondoan dago, eta bertako abeltzainek erabili ohi zuten abereei edaten emateko. Egurrezko hesolaz balizatutako bidera itzuliko gara, eta berehala iritsiko gara hirugarren iturria dagoen ingurunera. Bidearen eskuinaldetik jaitsi, eta Arafe iturrira helduko gara; ganaduarentzako aska luze bat dago bertan. Berriro bidera bueltatu, eta, kontu handiz, marka urdina bilatuko dugu; orain arte ekarri dugun bidea utziko dugu, eta ezkerraldetik ateratzen dena aukeratuko dugu.

Pago eta pinu batzuen artean zabaltzen den bide horretatik errepidera iritsiko gara, eta, hura gurutzatu eta gero, Arenal iturriraino jaitsiko gara. Bi pago handiren artean dago, eta bertatik bi iturri ateratzen dira. Udan, ohikoa izaten da urik ez izatea, baina leku aproposa da hau ere udako egun sargorietan atsedena hartzeko. Gure ibilaldiarekin jarraituta, berehala helduko gara hurrengo iturrira; Basauntziturrira, hain zuzen ere. Bertako urek Kisuerreka izena duen errekasto bat sortzen dute, eta bidelagun izango dugu hurrengo bide tartean. Hegoalderantz biratu, egurrezko bi zubitxo gainditu, eta aldapa motz baina piko bati ekingo diogu aurrez aurre ikusiko dugun baserri edo korta baten ondora igotzeko. Urbasako aparteko behatoki horretan, orientazio mahai bat aurkituko dugu, mendilerroaren tontorrik garrantzitsuenak erakusten dituena. Maldan behera jarri, pago ihartu baten enbor erraldoiaren ondotik pasatu, eta errepidera iristean gertu ikusiko dugun Severinoren bordarantz joko dugu, abiapuntura.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather