Ibilbideak

Tresponde, Kortalde, Lakutxeta, Torkaladron, Oteros

  • Herrialdea: ARABA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Tresponde, Kortalde, Lakutxeta, Torkaladron, Oteros
  • Distantzia: 13,5 km. 3 ordu eta 15 mn.
  • Ingurunea: Makina bat trokak, arrakalak eta barrunbek zulatzen dute Badaiako mendigune karstikoa. Torkaladron torka ezaguna bisitatuko dugu ibilbide honetan.
  • Abiapuntua: Lorategi botanikoa (Tresponde)

Mendi ibilbidea

Oteros inguruko barrunbea

Makina bat trokak, arrakalak eta barrunbek zulatzen dute Badaiako mendigune karstikoa. Torkaladron troka ezaguna bisitatuko dugu ibilbide honetan.
Gizon bat, Santa Katalina monasterioan atseden hartzen, 1962ko neguan.
Gizon bat, Santa Katalina monasterioan atseden hartzen, 1962ko neguan. J. G.-G.

2019-04-02 / Josean Gil-Garcia

Badaiako mendigunea goi ordoki zabal baten moldean luzatzen da iparretik hegoaldera. Badaiak berak zabalgune umil eta otzan baten itxura hartzen duelarik ere, kareharrizko masa izugarria ezkutatzen du barrualdean. Gruyere gazta bat balitz bezala, 180 haitzulo edo sakonune bertikaletik gora katalogatu dira mendiguneko material karbonatoetan. Horietako batzuek, gainera, sare espeleologiko luzea bezain interesgarria harilkatzen dute.

Goro haitzuloa izan ezik, mendiguneko alderik gorenean daude gainerako haitzulo sonatuak. Batzuk ospe handikoak dira: Liñazabal eta Santa Ageda, esaterako; beste batzuk, ordea, xumeagoak izan arren, herri kontakizunetan erabat errotuta geratu dira. Horixe da Torkaladron haitzuloaren kasua. Barrunbearen oihartzuna Tresponde eta Langraizeraino iritsi denez, zulogune horri buruzko hainbat pasadizo kontatu izan dira han eta hemen. Izan ere, XX. mendean ohikoa izaten zen Badaiako tontorretan, haitzuloetan edota Santa Katalinako hondakinetan barrena galtzea, betiere pasadizo ezkutuak korrituta, abentura zirraragarriak bizitzeko xedearekin.

Orain hamarkada batzuk eraikitako zentral eolikoak goialdeko parajea dezente desitxuratu zuen, eta garai bateko xarma galdu da betiko. Hala ere, gaurko ibilbidean bisitatuko dugun trokak erraldoi metalikoen konkista saihestu zuen, ozta-ozta.

Lorategi botanikotik gora

Ibilian jarriko gara Tresponde herrian (Iruña Oka, Araba). Herrira heldutakoan, Zadorra ibaiaren paraleloan doan errepideari men egingo diogu, harrobira iritsi arte. Gero, eskuinera egingo du bide nagusiak eta, hari segika, Santa Katalina izeneko lorategi botanikora igoko gara. Lorategian gora doan porlan bidetik aurrera egin gabe, ordea, sarrera nagusiaren eskuinetik jotzen duen basabideari ekingo diogu. Langa bat zeharkatuko dugu laster. Bideak gora egiten lagunduko digu, eta, lehen bidebanatzean, ezkerrera hartu eta goi tentsioko habe baten ondoan jarriko gara. Talaia xumea izanagatik ere, Santa Katalina monasterio zaharra ikusiko dugu. Badaiako sakanean tenpluaren kanpai horma ikusiko dugu, hots, gaur egun lorategi botaniko gisa egokituriko aztarna historikoaren ikur nagusia dena.

Basabide behinenari jaramon eginez, Kortaldeko belardira igoko gara. Arte sendoak eta berdegune zabala nagusituko dira erliebe leuneko paraje horretan. Bidetik gertu, ur putzu bat, bertantxe bazka egiten duen ganaduaren ezinbesteko asetze gune dena. Belardia zapaldu gabe, aurrera egingo dugu, berdeguneraino lagundu digun bide zabala gogaide. Handik metro gutxira ikusiko dugun bidebanatzean, eskuineko bidea alde batera laga, eta trazadura leunagoa erakusten duen bidetik ekingo dugu. Pozubarri izeneko ur putzua atzean utzi eta berehala, bide nagusia uzteko unea iritsiko zaigu. Nagusiaren ordez, ezkerretik doan basabide estuagoa aukeratuko dugu. Magalean gora eramango gaitu bide harritsuak. Behin artaditik irtenda, Lakutxeta ur putzura iritsiko gara. Zentral eolikoari dagokion etxola bat ikusiko dugu gertu.

Troka eta gailurra

Zentral eolikora doan zerbitzurako pistarekin topo egitean, eskuinera egin, eta, gora egin ostean, hainbat haize sorgailutara doan bide zabalarekin egingo dugu topo. Torkaladronera hurbildu nahi izanez gero, ezkerrera egingo dugu han, gorago joan gabe. Gero, 26. zenbakia duen errotara heldu aurretik, ezkerrera egin eta pitin bat beherago sumatu daitekeen sakonunerantz jaitsiko gara. Troka karstikoa hesi batek inguratzen baitu, erraz egingo zaigu zuloa topatzea. Bisita egin ostean, pista nagusira igoko gara berriz. Hala, maldan gora etengabe, Lorritxo eta Oteros tontorrak banatzen dituen bidebanatzera helduko gara. Han goian, ezkerrera hartu eta Oteros tontorreko erpin geodesikora iritsiko gara.

Erpin geodesikoaren ondoan errotak bizi-bizi mugitu arren, ikuspegi zabalak eskaintzen dituen tontor panoramikoa da Oteros gaina. Besteak beste, Gasteiz bera inguratzen duten mendiguneak eta Kuartangoko ibarrari gorte egiten dioten lerro karstikoak ikusiko ditugu. Trespondera jaisteko igoeran egindako bide bera hartuko dugu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather