Ibilbideak

Meatzaldea, Arena lepoa, Grumeran lepoa, Ganeran, Mustariaga lepoa, Pico de la Cruz

  • Herrialdea: BIZKAIA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Meatzaldea, Arena lepoa, Grumeran lepoa, Ganeran, Mustariaga lepoa, Pico de la Cruz
  • Distantzia: 10 km. 2 ordu eta 45 mn.
  • Ingurunea: Meatzaldeko biotopo basbestuan aurrera eginda, Pico de la Cruz kareharrizko tontor panoramikora igoko gara.
  • Abiapuntua: Meatzaldea (Ortuella)

Mendi ibilbidea

Meatzaldeko biotopo babestua

Meatzaldeko biotopo babestuan aurrera eginda, Pico de la Cruz kareharrizko tontor panoramikora igoko gara.
Geodibertsitatea nabarmentzen da Pico de la Cruz mendian.
Geodibertsitatea nabarmentzen da Pico de la Cruz mendian. JOSEAN GIL-GARCIA

2019-04-09 / Josean Gil-Garcia

Ortuellako udalerrian (Bizkaia) dagoen Meatzaldeko Ekoetxean emango diogu hasiera ibilbideari. Hara iristeko, Larreinetako auzora doan errepideari jarraituko diogu Trapagaran herrian. Bidaia interesgarriagoa egin nahiz izanez gero, ordea, haraino goraino lagunduko digun funikular ezaguna hartzeko parada ere izango dugu. Larreinetan gelditu ordez, aurrera egingo dugu, eta, Zugaztieta zeharkatuta, Meatzaldea izena hartu duen ingurumenaren informazio eta sentsibilizaziorako zentrora joko dugu. Errepidea estua da, eta makina bat ibiltari eta txirrindulari ikusiko dugu bidean. Erne, beraz!

Aparkalekuan gaudela, komeni da Ekoetxeak eskaintzen dituen erakusketa, mapa, maketa eta argitalpenei ikusi-pasada bat ematea; izan ere, Meatzaldeko paisaia arras berezia izaki, Eusko Jaurlaritzak Biotopo izendatu zuen 2015ean, betiere natura eta kultur ondarea zaintzeko xedez. Burdinazko mendi oparo hauek bisitatzen dituen lehen aldia bada, ibiltariari atentzio osoa erakarriko diote han eta hemen eratzen diren sakonune, hezegune eta harkaitzen arteko pasadizo sigi-sagakoek; alta bada, behialako meatzaritzaren jardueren arrasto nabarmen eta desorekatuak ikusi gabe, bestelako paisaia bat nagusituko da Zugaztietako bazterretan: atseden lekuak, ingurune berdeak eta zoko-mokoak arakatzeko hainbat ibilbide izango ditugu han, guztion gozamenerako. Bistan da, hortaz: paisaian egindako lehengoratze lanak etengabeak izan dira denboran barrena, batik bat burdina ustiatzeari utzi zitzaionetik.

Geodibertsitatea

Ekoetxetik gorako paisaia beherago ikusten dena bezain berezia da. Erliebe karstikoari erreparo eginda, ilargiko eremu gorabeheratsu horretan geodibertsitate handia nabarmenduko dugu. Ibilbide horri jarraituta, Pico de la Cruz izeneko talaia kareharrizkora igoko gara. Horretarako, Ekoetxearen aurreko aparkalekuan gora egiten duen bidezidor arrosari jarraituko diogu. Pinudirantz joko dugu, beraz, bide zabal eta aldapatsuan barna. Basabide batera irtengo gara laster. Orduan, ezkerrera hartuko dugu, eta zehar-zehar jarraituko dugu, bidezidorrari dagozkion zutoin txikiei jaramon eginda. Poliki-poliki, goratasuna hartuz joango gara, eta Arena lepora helduko gara berehala. Han ikusitako bide-sardan, aurrera jarraituko dugu, betiere GR 281 Enkarterrialdeko ibilbide luzeko bideari men eginez.

Hori horrela, bide harritsuan gora egingo dugu, eta, berehala, ezkerretik segituko dugu, altzifreen artetik. Zuhaitzek sorturiko galeriatik irtendakoan, Grumeran lepora iritsiko gara. Zelai horretan, ezkerretik doan bide aldapatsua hartuko dugu, eta altzifreen babesean jarraituko. Zuhaitzok sorrarazitako galeria iluna atzean lagata, ikuspegi zabaleko muino batera aterako gara. Magalean gora, Ganeran tontorreraino jarraituko dugu. Meatzaldeko paisaia ikusgarria bistaratuko dugu gainaldetik.

Paisaia ederrak

Gailurretik behera egingo du pitin bat, eta Mustariagako lepoan izango gara bizkor-bizkor. Altzifreetan barrena berriz eginda eta Gasteran tontor xumea inguratuta, bidexkari jarraitu eta mendebaldera egingo dugu, kareharrizko blokera egiteko asmoz. Paisaia ederrak inguratuta, Pico de la Cruzera iritsiko gara.

Itzulerako, Mustariagako leporaino bueltatuko gara berriz, eta, Ganeran tontorra saihestuta, mendilerroaren ekialdetik zehar-zehar doan ibilbide arrosari jarraituko diogu. Hori horrela, paseo galanta emango dugu Ganeran, Pico Menor eta Pico Mayor tontorrei gortea eginez. Meatzaldeko ingurumen zentroan emango diogu itxiera zirkuito honi.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather