Ibilbideak

Soltxaga, Arrazubiko Andre Maria ermita, Etxanoko Done Petri ermita, Santa Luzia ermita, Gurutze Santua ermita, Eristaingo ermita, Artariain

  • Herrialdea: NAFARROA
  • Zailtasuna: Nahiko zaila
  • Tontor eta leku izenak: Soltxaga, Arrazubiko Andre Maria ermita, Etxanoko Done Petri ermita, Santa Luzia ermita, Gurutze Santua ermita, Eristaingo ermita, Artariain
  • Distantzia: 11,8 km. 3 ordu eta 50 mn.
  • Ingurunea: Nafarroako erdialdean dagoen ingurune hau harribitxi erromanikoz zipriztindua dago.
  • Abiapuntua: Soltxaga

Mendi ibilbidea

Orbaibarko ermitak

Nafarroako erdialdean dagoen ingurune hau harribitxi erromanikoz zipriztindua dago.
Hainbat eliza topa daitezke ibilbidean; tartean, Eristaingoa.
Hainbat eliza topa daitezke ibilbidean; tartean, Eristaingoa. MIKEL ARRIZABALAGA

2019-04-30 / Mikel Arrizabalaga

Ibilbide honek Orbaibarko bost ermita lotzen ditu; haietako hiru, erromanikoak. Bide mota desberdinak erabiliko ditugu, baina zenbait tartetan bidea aurkitzea zaila gertatzen da, desagertu, zereal lurrek estali edo maiz ikusgaitz diren xenda bihurtu direlako. Horregatik, eguraldi ona izateaz gain, egokia litzateke GPSa erabiltzea.

Soltxaga herrian dagoen elizaren ondotik abiatuko gara, eta, gertu dagoen hilerrira heldu aurretik, eskuinetik marrazten den bidea hartuko dugu. Mairagako errekaren ondora jaitsiko gara, eta, lekurik errazenean beste aldera pasatu eta gero, lurrezko pista zabalak Arrazubiko Andre Mariaren ermitaren ondora eramango gaitu. Eraikin soil hori kokatu dagoen lekuan, izen bereko herrixka zegoen. Elezaharrak dioenez, XIII. mendeko hilobi gotiko horretan atseden hartzen omen zuen «leizeko andreak», eta hardun geratu nahi zuten emakumeek kanpoko hormako hilarriaren gainean lo egiten omen zuten.

Etorritako bidetik pistara jaitsi, eta gertu dagoen errepidera igoko gara. Mairagako urtegira zuzentzen den errepidean zehar kilometro bat bete, eta, eskuinetik ateratzen den bide zabaletik, Etxanoko Done Petriren ermitara iritsiko gara. Eraikina XII. mendearen azken herenean altxatu zuten, eta, estilo erromanikoa badu ere, arau ugari hausten ditu. Portada hegoaldera edo ekialdera begira egon beharrean, iparraldera begira dago, eta bertan, ohiko gai erlijiosoak aurkitu beharrean, elementu profanoek osatutako ikonografia ikusiko dugu. Arrazoi horrengatik da Etxanokoa ermita berezia eta paregabea. Ibilaldi honetako ermita guztiak itxita aurkituko ditugu, bat izan ezik: Gurutze Santuarena, hain zuzen ere.

Ermitaren atzetik ikusiko dugun bidea hartu eta sakana igotzen hasiko gara La Carbonerako pinudian murgilduz. Igotzen jarraitu, Leotz herriko mugara heldu eta ataka gainditu eta gero, jaisten hasiko gara Artariain herrira. Hasieran zereal lurren ertzetik ibili ondoren, berehala pista zabala hartuko dugu herriraino jaisteko. Hura zeharkatu, eta errepidearen ondoan dagoen XIV. mendeko Santa Luzia ermita txikia eta soila ikusiko dugu. Hurrengo ermitara igotzeko, herriaren goiko aldetik zabaltzen den pista zabala hartuko dugu. Bide zabal hori zereal lurretan amaitzen da, eta eskuinetik ateratzen den beste bide bat hartuko dugu, Olorizko lurretan berriro sartuz. Zereal lurren ondotik pasatu, eta pista berri batekin egingo dugu topo. Laster, Soltxagara zuzentzen den bide zabala utzi eta ezkerretik, malda pikoan igotzen den bidetik, 1580an altxatutako Gazteluzaharreko Gurutze Santuaren ermitaren ondora igoko gara.

Ermitari bizkarra eman, eta ezkerretik datorren pistatik jaisten hasiko gara. Lehen bihurgunera iristean, gure ibilbidearen zatirik zailenera helduko gara; pista utzi eta baso txikian marrazten den xenda ikusgaitza bilatuko dugu; beraz, erne ibili beharra dago. Xendatik jaisten hasiko gara, eta berehala eskuinera zabalduko da, zereal lurren ondora iritsi arte. Zereal lurren ertzetik beheraka ¡azkar, pistarekin bat egin arte. Bertatik segituz, Eristaingo elizaren ondora ailegatuko gara. Orbaibarren dagoen beste altxor bat dugu hori; bertan, besteak beste, basajaun bat ageri den Nafarroako pintura zaharrenak aurkitu baitituzte. Horrez gain, Luzifer inoiz ikusi ez den bezala irudikatuta dago. Soltxaga gertu ikusiko dugu, eta, bertara joateko, Orbaibar eta Andiamendia lotzen zituen abelbidetik beteko dugu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather