Ibilbideak

Castillo de Lapoblacion, Lapoblacion

  • Herrialdea: NAFARROA
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Castillo de Lapoblacion, Lapoblacion
  • Distantzia: 4,1 km. Ordu 1 eta 50 mn.
  • Ingurunea: 'El Leon Dormido', 'La Peña de Lapoblacion', 'El Risco de la Aldea' eta 'El Castillo' ere esaten diote mendi honi.
  • Abiapuntua: Lapoblacion

Mendi ibilbidea

Castillo de Lapoblacion

'El Leon Dormido', 'La Peña de Lapoblacion', 'El Risco de la Aldea' eta 'El Castillo' ere esten diote mendi honi.
Castillo de Lapoblacion, Meano herritik.
Castillo de Lapoblacion, Meano herritik. MIKEL ARRIZABALAGA

2019-06-04 / Mikel Arrizabalaga

Arabako Errioxa eta Nafarroako Erriberaren zati bat menderatzen duen mendi hau ez da oso garaia, baina gailurrera igotzea erraza bezain ikusgarria suertatzen da edonorentzat. Nafarroako udalerri honen izen ofiziala Lapoblación da, eta kilometro batera dagoen Meano herriarekin osatzen du udalerria. Lehor-lurreko laborantza (garia, garagarra) eta abeltzaintza (ardiak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Nafarroako herririk altuenetan bigarrena da, eta neguak gordinak izaten dira. Marañongo biztanleek sortu zuten herria, XII. mendean, eta hango gazteluaren menpe egon zen XV. mendean gaztelauek herria erre eta beren esku geratu zen arte.

Oso egoera txarrean dagoen Erdi Aroko erromesen ospitale zaharra eta eliza erromanikoa bisitatu ondoren, horren atzetik ateratzen den pista zabala jarraituko dugu, eskuinean kanposantua utziz. Haritz eta ezpel ugari ikusiko dugu harrobia zenaren ondora heldu aurretik. Bidea gogortzen hasten da, eta, pista erosoa amaitu bezain pronto, xenda batek sigi-sagan eramango gaitu tontor aldera, karlistaldietan gotorlekua izandako harresiaren aztarnen ondora, hain zuzen ere.

Euskal Herriko Mendien Katalogoan mendi hau Castillo de Lapoblacion izenarekin ageri da; hala ere, esan behar da gutxien erabiltzen dena dela, eta bertakoek, besteak beste, La Picota de la Aldea, El Leon Dormido, El Castillo eta El Risco de la Aldea esan ohi diotela. Horren arrazoiak historiako gertakizunetan, duen itxuran eta abarretan bilatu behar dira. Egun, igorgailu batek erabat desitxuratu duen tontor honetan, aizkora eta enbor baten irudia duen gutunontzi bat aurkituko dugu, eta, horren ondoan, erpin geodesikoa. Ikuspegia, berriz, paregabea: mendebalderantz, Peña Alta eta Toloño mendilerroa osatzen duten beste mendi guztiak; iparralderantz, Arabako Mendialdeko lurrak eta Lokiz mendilerroa; ekialderantz, Kodesko mendiak; eta, azkenik, hegoalderantz, Errioxa.

Hirugarren karlistaldia

Panoramika honetaz gozatzea ez ezik, merezi du hirugarren karlistaldian gotorleku izandako honetan gertatutakoa labur kontatzea ere. 1870. urtean, Toloño mendikatetik Kodes mendilerroraino doan ardatza oso garrantzitsua eta estrategikoa izan zen; bertan, La Picota ,San Leon eta Vallehermosako gotorlekuen aztarnak aurki ditzakegu. 1876ko martxoan, tontor honetan dagoen gotorlekua armetan zegoen bakarra zen, gudari gutxi batzuek Lantziegoko Jose Mª Montoya brigadierra buru zutelarik. Karlisten erregeak guda galdutzat eman zuen, eta Frantziara joan zen arte ez zuten amorerik eman.

Tontorra atzean utzi eta etorritako bidetik ehun metro inguru jaitsi ostean, ezkerrean harkaitzen artean irekitzen den xenda bat aurkituko dugu. Lehen metroak airetiko samarrak dira, baina ez dago arriskurik, eta harkaitzen oinera heldu aurretik, kobazulo batera doan bidezidorra utziko dugu. Ezkerrera doan beste xenda bat utzi eta eskuinera, pagadirantz doana hartuko dugu. Pagadian murgiltzean, orbelak ederki estaltzen du jarraitu beharreko bidea, El Plantiora doan pistarekin bat egin arte. Pista horrek pagadia zeharkatzen du, eta hamar minutu bakarrik beharko ditugu herrira doan beste pista batekin bat egin arte. Bidea La Aldeako mendatetik igarotzen den errepidearen paraleloan doa, eta oso denbora gutxi beharko dugu herrira heltzeko.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather