Ibilbideak

Hernani, Santa Barbara, Agerreburu, Arrikarte lepoa

  • Herrialdea: GIPUZKOA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Hernani, Santa Barbara, Agerreburu, Arrikarte lepoa
  • Distantzia: 4,1 km. Ordu 1 eta 30 mn.
  • Ingurunea: Karlisten garaiko gotorleku eredurik onenetakoa da Santa Barbarakoa.
  • Abiapuntua: Hernani

Mendi ibilbidea

Agerreburu

Karlisten garaiko gotorleku eredurik onenetakoa da Santa Barbarakoa.
Santa Barbarako eskalada eremua.
Santa Barbarako eskalada eremua. MIKEL ARRIZABALAGA

2019-07-02 / Mikel Arrizabalaga

Agerreburura igotzea lan erraza da, ez du ahalegin handirik eskatzen, eta, horregatik, jende asko joaten da inguru horretara, bertaratzeko dauden bide desberdinetatik. Ibilbide zirkular honetan, ohiko bideetan barna ibiltzeaz gain, eskaladako eremu ezagunaren ondotik marrazten den zidor estua hartuko dugu, tontorrean dagoen Santa Barbara ermitaren ondora iristeko.

Hernani herriko Santa Barbara auzoan emango diogu hasiera txango erraz honi. Biribilgunetik eskuinaldera ateratzen den asfaltatutako errepidea hartu, Alberro sagardotegiaren ondotik pasatu, eta aldapan gora egingo dugu. Laku txiki bat eskuinera utzi eta aurrera jarraituz, errepidetik atera eta eskuinetik marrazten den xenda erosoa hartuko dugu. Basotik berehala aterako gara, eta, Arrikarte leporantz zuzentzen den errepide asfaltatuan zehar, aldapa pikoari egingo diogu aurre. Lepora heldu aurretik, ezker aldean Elutxeta sagardotegia eta eskuinetik porlanezko bidea Santa Barbarara igotzeko.

Lepotik bertatik, xenda txiki batek Santa Barbarako eskalada eremu ospetsura gerturatuko gaitu. Langa txiki bat gainditu, eta berehala izango gara makina bat belaunaldik eskalatu dituzten pareten mendean. Ohikoa da 15-30 metroko paretetan jendea eskegita ikustea, batzuk entrenatzen eta beste batzuk, aldiz, eskaladan lehen urratsak egiten. Gazteak zein helduak. Pareta horien azpitik marrazten den xendari jarraituz, altuera irabaziko dugu, baina, eskalada eremua pasatu bezain pronto, kosta egiten da bide zuzena aurkitzea; hala ere, Agerreburuko pareta bertikalak erreferentzia gisa hartuz, alanbrezko hesi pare bat gainditu, eta goiko aldera aterako gara, Agerreburuko tontorrean dagoen Santa Barbara ermitaren ondora hain zuzen, izen bera duen gotorlekuaren barnean kokatuta. Argitxoren irudia haren ondoan.

Ermitari bizkarra eman, eta eskaileretatik jaisten hasiko gara aldapa bizian, ezker-eskuin gotorlekua izandako hormen artean. Muino honek duen kokapen estrategikoagatik, hainbatetan helburu militarretarako erabili ohi dute: 1793. urtean, Frantziaren aurkako Konbentzio Gerran, bi Karlistadetan (1833-1839 eta 1872-1876) eta, azkenik, 36ko gerran (1936-1939). Egungo gotorlekuaren diseinua II. Karlistadaren garaikoa da. 1936ko gerraren hasieran, indar faxistei aurre egiteko erabili zen, eta, gerora, lekua egokitzeko hainbat obra egin ziren: baseliza egun dagoen lekuan eraiki zuten, 1955. urtean: baserria berregin eta horma zati batzuk birmoldatu. Santa Barbarako gotorlekua karlisten garaiko gotorleku eredurik onenetarikoa dela esan daiteke, eta haren elementurik gehienak nahikoa ondo kontserbaturik daude.

Bertan dagoen tabernan hamaiketakoa egin, eta itzulerako bidea hartuko dugu. Mendiaren magalean marrazten den bide nabarmenetik erraz galduko dugu altuera, bidegurutze batera iritsi arte. Saretxo jatetxera zuzentzen den bidea ezkerraldean utzi, eta eskuinetik ateratzen denari helduko diogu. Aldapan behera, erraz jaitsiko gara Hernaniko lehen etxeen ondora. Errepidearen paraleloan jarraitu, eta abiapuntura helduko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather