Ibilbideak

Narbarte, Meateko lepoa, Gandorreko lepoa, Oteitzoiana

  • Herrialdea: NAFARROA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Narbarte, Meateko lepoa, Gandorreko lepoa, Oteitzoiana
  • Distantzia: 7,8 km. 2 ordu eta 50 mn.
  • Ingurunea: Mendi apala izan arren, bere kokapen geografikoagatik inguruko talaiarik onenetako bat dela esan daiteke.
  • Abiapuntua: Narbarte

Mendi ibilbidea

Oteitzoiana

Mendi apala izan arren, bere kokapen geografikoagatik inguruko talaiarik onenetako bat dela esan daiteke.
Oteitzoianako gandorrera igotzen.
Oteitzoianako gandorrera igotzen. MIKEL ARRIZABALAGA

2019-09-17 / Mikel Arrizabalaga

Bertizarana udalerria Malerreka eskualdean kokatuta dago, eta hiru kontzeju (Narbarte, Oieregi eta Legasa) eta bost auzo ditu (Bertiz, Santalokadia, Tipulatze, Bertiz eta Zeberia). Gaurko ibilaldia Narbarten hasiko dugu, hango herri nagusian. Bidasoaren eskuinaldean kokatuta dagoen herri horretan, etxe tradizional ederrez gain, San Andres eliza ikus daiteke. Etxe horien artean, Erreparazea jauregia nabarmentzen da; Ingalaterrako Eduardo VII.ak atsedena hartzeko denboraldiak pasatzen zituen han. Baztan eta inguruko eskualdeetako inguruetan dauden etxerik gehienak inguruko mendietan dagoen harri gorria erabiliz eraiki zituzten, eta, ibilaldi hau burutuz gero, mendi horietako bat ezagutzeko aukera izango dugu: Oteitzoiana mendia, hain zuzen ere. Mendi apala izan arren, bere kokapen geografikoagatik inguruko talaiarik onenetako bat dela esan daiteke. Hara ailegatzeko biderik egokiena Narbarte eta Sunbilla lotzen dituen PR NA-106 ibilbide balizatua da, baina, guk, Narbartetik atera eta bertara itzultzeko, ibilbide zirkularra egingo dugu.

Narbarteko elizaren ondotik abiatu, errepidea gurutzatu, eta, iturria gure ezkerrera utziz, mendi aldera joko dugu. Larre zabal eta baserri bikainen artean erraz egingo dugu aurrera. Abeletxe baten ondora ailegatzean, bide leunak lekua utziko dio aldapari. Porlanezko bidetik altuera hartzen hasi eta berehala, ezkerretik doan lurrezko pista hartuko dugu. Aldapa bizia igo, eta, gertu, borda bat ikusiko dugu. Ibilaldi honetan, borda hondatu ugari ikusiko ditugu. Pista zabalari segituz, tarteka aldapa pikoak gainditu beharko ditugu.

Apez harria

Bidea leuntzen hasten denean, lehen aldiz ikusiko dugu Oteitzoianako gandor gorrixka. Bide erosoak pista zabal batera eramango gaitu, eta, bertatik aurrera eginez, ur depositu baten ondora helduko gara. Pista zabala utzi, eta, garo artean zabaltzen den xendatik, Meateko lepora igoko gara. Lepo horrek Meateko Kaskoa eta Oteitzoiana mendiak lotzen ditu, eta gertu dagoen arroka handi batek gorila baten antza duela diote, Apez harria izenez ezaguna. Aurrez aurre, tontorra ikusiko dugu, baina, bertaratzeko, garoz beteta egon ohi den magala zeharkatuko dugu, nabarmena den xendan zehar. Gandorrean dagoen igarobidera iristean, eskuinetik doan bidetik tontorra markatzen duen erpin geodesikoaren ondora iritsiko gara. Buzoian, Oteixon 685 m-Ulibeltzak Mendi Taldea 2014 jartzen du. Tontor hau talaia paregabea da inguruko mendiak eta horien magaletan barreiatzen diren herriak ikusteko.

Abiapuntura itzultzeko, etorritako bidetik atzera egingo dugu gandorrean dagoen igarobideraino. Bertatik jaisten jarraituko dugu, gandorraren paraleloan zuhaizti txiki batean dagoen borda baten ondora jaitsiz. Horren ondotik, xenda garbi bat hedatzen da, aurrez aurre ikusiko dugun beste borda bateraino. Bertara ailegatzeko, gertu dagoen lurrezko pista zabala hartu, eta irabazitako altuera erraz galduko dugu. Malda pikoa den lekuetan, porlanak hartzen du lurraren lekua, eta bertatik etxalde batera jaitsiko gara; Narbarteko etxeak ikusiko ditugu gertu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather