Ibilbideak

Otxandio, Tantaibakar, Aurtola, Andaparaluzeta, Presazelai, Motxotegi, Mirugain

  • Herrialdea: BIZKAIA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Otxandio, Tantaibakar, Aurtola, Andaparaluzeta, Presazelai, Motxotegi, Mirugain
  • Distantzia: 25,5 km.
  • Ingurunea: Otxandioko udal ordezkariek eta herriko bizilagunek mugarrien bisita egin ohi dute irailaren hirugarren domekan, tradizioak hala eskatuta.
  • Abiapuntua: Otxandio

Mendi ibilbidea

Otxandioko basabisita

Otxandioko udal ordezkariek eta herriko bizilagunek mugarrien bisita egin ohi dute irailaren hirugarren domekan, tradizioak hala eskatuta.
Mirugain eta Tantaibakarrera igo dira aurtengo bisitariak.
Mirugain eta Tantaibakarrera igo dira aurtengo bisitariak. JOSEAN GIL-GARCIA

2019-10-01 / Josen Gil-Garcia

Arabako eta Bizkaiko mapek itxura desberdina hartzen dute Aramaioko eta Otxandioko udal eremuak zehaztean. Esaterako, Gorbeialdeko eskualdeko burua handitxoagoa marrazturik geratzen da egungo udal mapetan, baita leku-izenak dakartzan dokumentu tekniko horietan ere. Izan ere, aramaioarrek beretzat hartu izan dute Limitadua izenarekin ezaguna den eremu zabala. Otxandiarrak ere ez dira atzean gelditzen, eta, arrazoi historikoak argudiatuta, beretzat hartu ohi dute ehunka hektarea zabal dituen paraje tentagarria.

XVIII. mendeaz geroztik, Otxandioko udalerriko mugarri guneak ikuskatzeko ohitura hartu dute Limitaduaren barruko natur ondarea irmoki defendatzearen kariaz. Irailean gertatzen da hori, eta Basabisitta izeneko mendi-ibilia antolatzen da herrian. Hirugarren domeka seinalaturik dago otxandiarren egutegian, ehunka ibiltari biltzen baitira plaza Nagusira, den-denak tradizioari begi-kliska egiteko asmoarekin. Goizeko zortzietan ibili-ibilian hasten dira txangolari prestatuak, lagun denak atabalariak markaturiko dantza arinari segika.

Otxandio inguruko mugarri zaharrak ezagutarazteko xedez, ibili laburreko bidezidor bat egokitu dute herrian, PR-BI 50 izenekoa. Orotara, 25 kilometro ditu zeharkaldi sonatuak. Herriko plaza Nagusian emango diogu hasiera ibilbideari. Uribarrena kalean aurrera eginda (H) hiribildutik irten eta San Roke ermitara helduko gara ziztuan. Errepidearen paraleloan doan asfaltoari segika, Gomillasko zubira helduko gara. Urtegiko hezegunea gurutzatu eta ezkerretik maldan gora eginda, Mirugain tontorrera igoko gara. Baso galant batek sorgindua du bertoko magala. Ekialdeko muturrean Tantaibakarreko harlandua ikusiko dugu, lurzoruari tinko-tinko loturik. Gandorra uzteko unea baita, ezkerrera jo eta maldan behera abiatuko gara, sigi-saga. Hesia aldamenean daramagula, Iñolaerreka gurutzatuko dugu beherago, behin aldats pikua amaituta. Don Andresen txabola ikusiko dugu bizkor. Etxolaren aurreko basabide asfaltatuan ezkerrera jo eta, 500 metro inguru egin ostean, eskuinera hartuko dugu, PR-BI 50 zidorrak agintzen duen legez. Oletaerreka zeharkatuta, Aurtola auzora helduko gara. Goikoetxe tabernako parkean altxaturiko pago zahar baten altzoan sinatu egin ohi dute Otxandioko udal-agintariek bisitaren inguruko akta ofiziala.

Mendebaldeko mugarria

Oletako eliza parean berriz hartuko dugu basoraino lagunduko digun zidorra. Amezolaerreka parean ehunka metro ibiliko gara, eta Larramotzeraino lagunduko digu basabideak. Ezkerrera egin eta, Itzagako etxaldea inguratuta, Andaparaluzeta auzora iritsiko gara. Gasolindegiaren parean ezkerrera joko dugu eta, Otxandioko hesia eta mugarriak lagun, Azpikoarriko mugarriaren ondotik igaro eta hegoalderako urratsak egingo ditugu. Presazelai parkera iristean, hego-mendebaldera egin eta Motxotegiko tontorrera igoko gara. Handik goitik Eskortalekuetako lepora jaitsiko gara, hots, Motxotegi eta Esnauritzagana (Legutio, Araba) tontorren arteko gunera. Sigi-saga maldan behera Gordobilgo baserrira helduko gara (Mekoleta). Eskuinera egingo dugu baserrian eta, Pagadui muinoa inguratuta, Gomillats baserrira helduko gara berriz ere. San Roke ermitatik igaro ostean, Otxandioko plazan emango diogu bukaera ibilbideari

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather