Ibilbideak

Rivas de Tereso, Toloño

  • Herrialdea: ARABA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Rivas de Tereso, Toloño
  • Distantzia: 8 km. 2 ordu.
  • Ingurunea: Toloño mendigunea Bergantzu eta Bastida herrien artean goititzen da, biodibertsitate askotarikoa duen paradisu batean.
  • Abiapuntua: Rivas de Tereso

Mendi ibilbidea

Handitasunean handiena

Toloño mendigunea Bergantzu eta Bastida herrien artean goititzen da, biodibertsitate askotarikoa duen paradisu batean.
Toloñoko gailurretik gertu, monasterio zaharraren harriak daude.
Toloñoko gailurretik gertu, monasterio zaharraren harriak daude. JOSEAN GIL-GARCIA

2019-10-29 / Josean Gil-Garcia

Toloño mendilerroaren inguruan luze-zabal mintzatu da azken urteotan. Izan ere, berariazko toponimoak hamaika ika-mika sorrarazi du hainbat lagunengan. Eztabaida antzuan sartu gabe, ordea, Euskaltzaindiak eta Euskal Mendizale Federazioak (EMF) behin eta berriz onartu duten leku izen bera ontzat hartuko dugu guk ere, mendizaleen artean Kantabria (Espainia) eta Toloño erabiltzen direlarik ere.

Toloño mendilerroa ekialdetik mendebaldera luzatzen den lerro gorabeheratsua bezain malkartsua da. Mendilerroan barrena bidaia azkarra egingo bagenu, lehen geldialdia Peñalta mendian egingo genuke zalantza izpirik gabe, eder-eder gailentzen baita Bernedo eta Kripan herrien artean. Gandor alpinoa eta arriskutsua erakusten du hormatzar eder horrek. Urratsak mendebaldera egin eta berehala, Palomares tontorra ikusiko dugu. Guardiatik (Araba) zein Kripan aldetik ikusita, harrizko esku sendoa dirudi, atzamar eta guzti. Irudimenaren kontua baino ez da. Gailur tentagarria, halere. Baina, adi, haren ondoko kidea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Larrasa gailur labainkorra katalogo ofizialetik at utzi behar izan zuten Federazioko arduradunek, besteak beste, iparraldeko magal pikoa pairatzen ari zen higadura kezkagarria zela eta.



Toloño mendilerroan mendebaldera egin ahala, ordea, guneak bestelako irudi bat islatuko du: muinoak zein sabaiak otzan-otzan agertzen dira orduan, harrizko irudi mantso eta hieratikoen moldean. Hala, behin Rivas mendatea zeharkatuta, Toloño mendilerroak —agian, harkaiztegia neka-neka edo hauts eginda—izen bereko mendiguneari bidea uzten dio, zor zaion miresmena eta protagonismoa berreskuratze aldera. Hala, Jugalez ibaiaren arroaren hegoaldean zutituriko mendiguneak, Bergantzu (Araba) herriaren aldeko ibar emankorren eta oihantsuen gainetik ez ezik, Errioxako labore soro konkordunen artetik ere handioski erakusten du bere kasko karstikoa. Eder baino ederrago, zinez! Ibilbide ugari izan ohi dira gailurrera bideari ekiteko. Rivas de Teresotik (Errioxa, Espainia) abiatzen den zidorra hautatu dugu oraingoan, akaso ezohiko zidorra delako.

Rivas de Tereso

Abiapuntua Rivas de Tereso herria da, Toloño mendiaren hegoaldean dagoen herri xumea. Bastidatik (Araba) laster batean iritsiko gara herri horretara. Autoa Rivas de Tereson bertan laga beharrean, 2,2 kilometro gora egingo dugu asfaltoan barrena, Urizaharra aldera. Hala, bihurgune baten bueltan, hainbat makal hazten diren tokira iritsi baino 100 metro lehenago, aparkaleku ttipi bat ikusiko dugu. Aspaldiko bide seinaleak ikusiko ditugu han; PR-LR 51 kodea daraman Toloñoko Ermita izenekoa, beste batzuen artean. Basabidean aurrera egin eta berehala, ordea, ezkerrera jo eta zehar-zehar jarraituko dugu. Hurrengo bidebanatzean, ezkerrera hartu, eta arin-arin jarraituko dugu, pinuak eta arte trinkoak aldamenean ditugula. Aldatsa amaitu berritan, artadiak hartua duen ordoki zabal bat ikusiko dugu. Hori nahikoa ez, eta, goialdera so eginda, Toloñoko monasterio zaharraren harri historikoak ikusiko ditugu. Harantz bideratuko ditugu pausoak.

Peña del Leon

Basabidean barna bost minutu inguru emango ditugu, besterik ez. Orduan, eskuinetik aldats gora doan suebakia baliatuko dugu, goratasuna hartzeko. Pasillo zabala izanagatik ere, erdi-erditik doan zidorrak sigi-saga egiten lagunduko dugu. Eskerrak! Harritzara iritsita, eskuinera egin, eta, xenda abandonatu gabe, Peña del Leongo lepora helduko gara. Ezkerrera hartuko dugu han, eta terraza baten zehar jarraituko dugu. Pinudia atzean utzita, aurrera segituko dugu pitin bat eta, eskuinaldeko magalean gora abiatzeko modua ikustean, eskuinera jo, aldatsari aurre egin, eta gandorrean dagoen erpin geodesikora igoko gara.

Postontzirik ez dugu han goian ikusiko, Toloño gailurraren ekialdeko muturrean baikaude. Gandorrari begirik kendu gabe, tontor nagusian izango gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather