Ibilbideak

Ordunte ibaia, Ordunteko presa

  • Herrialdea: BURGOS
  • Zailtasuna: Oso erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ordunte ibaia, Ordunteko presa
  • Distantzia: 8,5 km. 2 ordu.
  • Ingurunea: Laurogeitaka urte dituen urtegi emaritsu bat da Orduntekoa. Hondartzak eta ertz bihurgunetsuak korrituko ditugu paisaia liluragarri hori deskubritzeko asmoz.
  • Abiapuntua: Ordunteko presa (Nava de Ordunte)

Mendi ibilbidea

Ordunteko urtegia inguratuz

Laurogeitaka urte dituen urtegi emaritsu bat da Orduntekoa. Hondartzak eta ertz bihurgunetsuak korrituko ditugu paisaia liluragarri hori deskubritzeko asmoz.
Hondartza eta ertz estrategiko batzuez gozatuko dugu urtegiko bira osatzen dugun bitartean.
Hondartza eta ertz estrategiko batzuez gozatuko dugu urtegiko bira osatzen dugun bitartean. JOSEAN GIL-GARCIA

2019-12-10 / Josean Gil-Garcia

Ordunteko ur lamina Mena haranari (Burgos, Espainia) lotuta dago. Hala ere, 22 hektometro kubiko gordetzen dituen urtegi bitxi horren sakonunea Bilboko Udalari eman zioten XX. mende hasieran, betiereko. Garai hartan Bilbo inguruko populazioa era esponentzialean hazten ari zela eta, Bizkaiko erakundea Ordunte mendilerroko hegoaldeko haran ezkutuari begia kendu ezinik zebilen. Traba administratiboak eta politikoak gaindituta, ordea, Bilboko ur hornikuntza bermatzeko zeuden arazo teknikoei aurre egiteko hondeatze lanak hasteko baimena iritsi zen, 1928an. Urte batzuk geroago, kantinak, dendak, aterpetxeak eta bulegoak egokitu ziren eraikuntza nagusiaren inguruan, baita Ungo-Nava herrigunetik presaraino zihoan aireko garraiatzaile luzea ere. Tamaina handiko lan horrek langileria handia behar zuela eta, 400 langile inguruan aritu ziren zoko-moko horietan, jo eta su. Tamalez, lan hidrauliko ugaritan legez, hainbat istripuren gertaleku ere izan zen Orduntekoa. Azkenik, lanari eutsirik, Bilboraino 40 kilometroko hoditeria luzatu zuten. 1933. urtearen amaieran bukatutzat eman zituzten lan nekoso haiek.

Urtegia bertatik bertara ezagutze aldera, proposamen interesgarria ekarri dugu oraingoan. Oinez zein mendiko bizikletaz egiteko ibilbide ekologiko bat prestatu dugu, ur laminari lehentasun osoa ematearekin batera. Galbiderik ez dago, eta familiarekin zein lagunartean egiteko ezin hobea da.

Ordunteko presagaina

Balmasedatik Mena haranera doan errepidea hartu, eta Nava de Orduntera iritsita, eskuinera egingo dugu. Ordunteko urtegira doan errepide egokia aukeratzen lagunduko digu trafiko seinale batek. Errepidean gora egin ostean, presaren ondoko aparkalekuan utziko gaitu bihurgunez betetako bideak. Autoa bertan lagako dugu, zuhaitzez eta bankuz hornitutako parkearen alboan.

Presako harresi gainetik igarota, urtegiaren ur laminaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu. Urtaroaren arabera, gainera, itzelezko panorama bistaratuko dugu talaia horretatik, hots, Ordunte ibaiaren ibilgua oztopatzen duen porlanezko harresiaren balkoi panoramikotik. Akazia batzuk aldamenean ditugula hasiko dugu ibilbidea. Ur emari patxadatsuaren eskuinaldetik ibiliko gara orain, astiro-astiro, inguruko paisaia aldakorraz bapo gozatuta. Bidebanatzera iritsita, ezkerrera hartu eta aurrera jarraituko dugu, betiere hostozabaleko basoa bidaide.

Alertzen eta gurbitzen artetik okaranak ere ikusiko ditugu. Zuhaitzok arreta emango digute, batik bat ekainean. Izan ere, haien fruitu urtsuak han eta hemen erakusten diren garaia da. Fruitu biribil distiratsuak adar xume eta arinetan zintzilik ikusiko ditugu orduantxe, Gabonetako arbolen antzera.

Bidean aurrera egin ahala, berriz, haritzek protagonismo osoa hartuko dutela jabetuko gara. Lawson altzifreak bidera azaldu eta berehala, barrera urdin bat ikusiko dugu. Urtegiko ur laminaren ondora iristeko hagitz tentatuak izanez gero, bidexkak ematen duen aukerari oratu eta, bi aldiz pentsatu gabe, ur ertzeko paisaiaz gozatzera zoli-zoli abiatu. Zer deskubritua badago! Hondartza artifizialetik basabidera irtengo gara berriz, eta urtegiko bira egiteari helduko gatzaizkio. Lawson altzifreak atzean utzi eta minutu gutxira, ordea, ezkerrera joko dugu bidebanatzean. Segidan, Ordunte ibaiaren gainetik igaro eta berehala, basabide behinenari oratu eta beste langa metaliko baten ondoan jarriko gara. Bazter honetaraino lagundu digun basabidea asfaltatzen da Ribota de Ordunte herrira doan aldatsari aurre egiteko. Orduan, asfaltoa utzi eta ezkerrera joko dugu. Urtegiko ertzaz gozatzeko abagunea baliatuko dugu aparkalekura itzultzeko.

Sigi-saga egingo du basabideak sestra kurba bihurgunetsu baten moldean. Hala, urtegiko kostaldea korrituta, urtegiko presan minutu gutxiren buruan izango gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather