Ibilbideak

Eretzin

  • Herrialdea: GIPUZKOA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Eretzin
  • Distantzia: 10,8 km. 3 ordu eta 20 mn.
  • Ingurunea: Itsasertzean dagoen badia edo kala polit bat da, eta lehen erromatarrek eta kontrabandistek erabili ohi zuten. Gaur egun inguru hori paradisu bihurtu da urpekarientzat eta arrantzaleentzat.
  • Abiapuntua: Santa Barbara dorrea (Jaizkibel)

Mendi ibilbidea

Erentzingo portua eta zabala

Itsasertzean dagoen badia edo kala polit bat da, eta lehen erromatarrek eta kontrabandistek erabili ohi zuten. Gaur egun inguru hori paradisu bihurtu da urpekarientzat eta arrantzaleentzat.
Erentzingo portuaren eta zabalgunearen ikuspegi ederra.
Erentzingo portuaren eta zabalgunearen ikuspegi ederra. MIKEL ARRIZABALAGA

2020-01-07 / Mikel Arrizabalaga

Jaizkibel mendilerroa (Gipuzkoa) Higer lurmuturretik Pasaiako badiaraino hedatzen da, eta altuerarik gorenena Jaizkibel edo Allerru izeneko tontorrean (547 metro) hartzen du. Hondarribia, Lezo eta Pasaiako udalerrien jabetzakoak dira lur horiek, eta Europa 2000 Natura Sarea izendapena dute. Izenaren jatorriari dagokionez, adituen arabera, Oleartzu zen —gaztelerazko idazkeran, Olearso— mendiaren berezko izena; eta Jaizkibel, berez, mendiaren atzeko aldea omen zen: haitz gibel hitzetatik eratorria, haitzaren atzealdea, alegia. Atzealdea Jaizkibel izenez ezagutzen zuten; aurrealdea, berriz, Allerru izenez. Bertan egin daitezkeen ibilbideetan, askotariko itsaslabarrak, hareharrizko formazio ikusgarriak, kala txiki erakargarriak eta naturak zizelkatu dituen beste makina bat bitxi aurkituko dugu. Jaizkibelgo itsasertza naturaren altxorrik preziatuenetakoa da, itsasoaren eta mendiaren kolore berde eta urdinek bat egiten duten leku basati eta erakargarria.

Ibilaldi labur eta zirkular hau egiteko Jaizkibelgo Paradorea izan zenaren hondarren ondoan utziko dugu ibilgailua, Santa Barbara dorretik oso gertu. Errepide aldera jaitsi, eta bertatik metro batzuk beteko ditugu, gure eskuin aldean ikusiko dugun pista zabalean sartuz berehala. Maldan behera, suabe, Artzain mendixkaren magalean zehar jaisten hasiko gara. Kilometro eta erdi pasatxo beteko dugu. Talaia bidearekin gurutzatu, eta bertatik metro gutxi batzuk beteko ditugu, gure eskuinetik malda bizian beste bide bat zabaltzen den arte. Bide balizatua utzi, eta beherantz jaisten jarraituko dugu, lurrezko beste pista zabal batekin topo egin arte. Hori gurutzatu, eta bide zabaletik segituz, Leruetako inguruetara helduko gara. Puntu horretan bidea zertxobait leundu egiten da, eta erraz egingo dugu aurrera. Bide nabarmenetik aurrera segi eta berehala, Erentzingo zabalaren ikuspegi osoa eta ederra eskaintzen duen talaia bikain batera helduko gara.



Erentzingo portua izan zena gertutik ikusteko, Club Vasco de Camping elkarteak marra zuriz balizatutako xendatik joango gara. Hortik erraz galduko dugu altuera, garai batean portua izan zenaren ondora helduz. Jaizkibelgo itsasertzean dagoen badia edo kala polit hau garai batean erromatarrek erabili ohi zuten. Kontrabandistek ere sarri erabili omen zuten portu hau. Gaur egun urpekarientzat eta arrantzaleentzat paradisua bilakatu da. Alga biltzaileek erabili zituzten zenbait eraikinen arrastoak ere ikus daitezke inguru hauetan.

Ibilbidea abiatu dugun lekura itzultzeko, bide zabaletik gorantz egingo dugu. Karabineroen etxea izan zen Erentzingo kuartelaren ondora helduko gara hortik, hain zuzen. Lurrezko bide zabaletik maldari aurre egin, eta «Camino Forestal de Gastarroz» idatzita duen errotarriaren ondora iritsiko gara. Talaia bidearekin bat egingo dugu bertan. Eskuinera jo, eta balizatutako bide erosotik aurrera egingo dugu, hasieran erabili dugun bidearekin bat egin arte. Puntu horretan, bide balizatua utzi, eta ezkerretik hedatzen den bidetik gorantz joko dugu. Artzain mendiaren magaletik abiapuntura egingo dugu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather