Ibilbideak

  • Herrialdea:
  • Zailtasuna:
  • Tontor eta leku izenak:
  • Distantzia:
  • Ingurunea:
  • Abiapuntua:

Mendi ibilbidea

Ubideko harbidea

Saldropoko portura zihoan harbideari jarraituta, Eneabe tontorra bisitatuko dugu. Gorbeiaren inguruko bista ederrak izango ditugu han.
Galtzada zaharra Saldropora bidean ikusiko dugu.
Galtzada zaharra Saldropora bidean ikusiko dugu. JOSEAN GIL-GARCIA

2020-01-28 / Josean Gil-Garcia

Ubide herrian (Bizkaia) emango diogu hasiera ibilbideari. Gorbeia mendigune pribilegiatuaren atarian egoteak nolabaiteko izaera berezia eman dio herri honi. Zubizabal eta Undabe errekek bat egiten duten zokoan dago Ubide aparta, Arabako eta Bizkaiko mugan.

Herrira iritsitakoan, atentzioa emango digu eraikin dotore batek. Aretxaga izena daraman etxe galanta da. Santiago Aretxaga familia oneko mutil koskorra izaki, Mexikora joan zen XIX. mende amaieran. Han, dirua eskuak betean irabazita, Bilbora itzuli eta ezkondu egin zen. Bere leinu-etxea suak kiskalia baitzuen, erabat berregiteko desira agertu zuen. Gaur egun ikusten dugun etxetzarra garai horretakoa da. Alfredo Acebal arkitekto ezagunaren egitasmoa izan zen, eta ikutu ingelesa eman zion lanari. Ederrak dira, besteak beste, itxurazko egiturak, behatoki gorriak eta teilatu zorrotzak.

Galtzadaren bila

Zubizabal ibaiaren gaineko zubia gurutzatuta, herriko plazara helduko gara. Elizara doan kalearen lurzorua erabat berritua ikusiko dugu han. Galtzada garrantzitsu baten zatia dela ohartaraziko digute informazioa dakarten seinaleek. Behiala, Arratiako ibarra zeharkatzeko, nahitaez igaro beharra zegoen Ubide herritik. Errege bidea izan zen. Baina jauntxoak eta erregeak ez ezik, bidaiariak eta merkatariak ere hara-hona ibili omen ziren galtzadan barrena. Batzuk, Kantauriko portuetara iristeko xedez; beste batzuk, Gaztelarako bideari oratzeko nahian.

Ubideko elizaren eskuinetik doan kaleari men egin eta, Zubizabal ibaiari begia kendu gabe, lehen urratsak egingo ditugu. Murueta baserri paretik igarota, gora doan bideari muzin eginik, mantso-mantso jarraituko dugu. Zubidegoiti baserrira heldu eta berehala, bidebanatze batera helduko gara. Han, eskuin-ezker egin gabe, zuzen jo eta izeien ondotik ibiliko gara. Saratzeko landa deritzan zelaia amaiturik, arditegi batera helduko gara. Bertako bidebanatzean, zuzen hartuko dugu, eta goratasuna hartzen hasiko gara. Landaretza gogaikarriak bidea hartuko duela ikusita ere, ez etsi. Izan ere, Ubideko harbidearen lehen harritxoak agerian izango ditugu berehalako batean.

Bidea ederki samurtzen da orduan, noiz eta Eneabe tontorra maskaratzen duten antenak ibarraz bestaldean ikusten direnean. Harrizko galtzadak sigi-saga eramango gaitu magaletik barrena. Harbidea amaituta, altzifreak hazten diren basoarekin topo egingo dugu. Bidea lokaztua bada ere, mendi bideari tinko-tinko eutsi eta Zepalekuetako magala zeharkatuko dugu. Landaketa atzean utzi eta berehala, ordea, bide zabala laga eta, ezkerrera hartuta, maldan gora abiatuko gara. Lehen antena zutitzen den muinora igoko gara ziztuan. Talaia panoramikoa da, eta Gorbeiako natur parkearen inguruko bista ederrak izango ditugu.

Lerroari atxikita doan bide zabalari men eginez, Eneabe itxuraldatzen duen bigarren antenaren aurrean izango gara. Tontorreko eremu pribatua eskuinetik inguratu ostean, Eneabeko postontzira helduko gara. Paisaiaz bapo aseta, antenara itzuli eta, zerbitzurako bideari oratuta, Ubidera jaitsiko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather