Ibilbideak

Biriatu, Xoldoko gaina, Bizkarsoro, Manddale, Ibardin, Kalbario

  • Herrialdea: LAPURDI
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Biriatu, Xoldoko gaina, Bizkarsoro, Manddale, Ibardin, Kalbario
  • Distantzia: 15,2 km. 4 ordu eta 10 mn.
  • Ingurunea: Euskal kostaldeko herrien eta gertuko mendien ikuspegi bikaina izango dugu.
  • Abiapuntua: Biriatu

Mendi ibilbidea

Xoldoko gaina eta Manddale

Euskal kostaldeko herrien eta gertuko mendien ikuspegi bikaina izango dugu.
Lapurdiko kostaldearen ikuspegi zabal bat, Manddaleko tontorretik.
Lapurdiko kostaldearen ikuspegi zabal bat, Manddaleko tontorretik. MIKEL ARRIZABALAGA

2020-05-12 / Mikel Arrizabalaga

Biriatu herritik abiatuko gara. San Martin elizaren ondotik pasatu eta berehala, Kukutxoa etxearen aurretik pasatu eta gero, GR-10ari dagozkion bide seinaleek erakusten diguten norabidean igotzen hasiko gara. Laster, bide balizatua utzi, eta aurrez aurre ditugun Perdrixko haitzen ondora joko dugu, malda pikoari aurre eginez. Argindar poste erraldoien azpitik igaro eta gero, xenda nabarmenetik egingo dugu aurrera. Bide nagusiarekin bat egin, eta gandor biribilduan zehar erraz helduko gara Xoldoko gaineko tontorrera. Ikuspegi zabalaz gozatzeko tartea hartuko dugu. Euskal kostaldeko herrien eta gertuko mendien ikuspegi bikaina izango dugu. Pirinioetako zeharkaldia egiteko lehen oztopoa da mendi hori, eta, gailurrari bizkarra eman, eta Osingo lepo aldera jaisten hasiko gara, malda bizian. Segidan, Bizkarsoro leporantz jaisten den bide zabala hartuko dugu. Horrra heltzean, gertu dagoen lakura zuzentzen den pista zabala gure ezkerrera utzi, eta Manddalerantz igotzen dena hartuko dugu.

Faalegiko gaina ekialdetik igaro eta Joncs lepora erraz ailegatuko gara. Azken aldapa ez da oso luzea, eta urak higatu duen bidezidorra jarraituz, Manddalera iritsiko gara. Han, guda garaiko lubakien aztarnen ondoan, Lapurdi eta Nafarroa banatzen dituen 9. mugarria eta gutunontzia aurkituko ditugu. Iparraldean, Txingudiko badian hasi, eta Errobi ibaiaren bokaleraino marrazten den kostaldean barreiaturik, Lapurdiko herriak han eta hemen ikusi ahal izango ditugu. Mendebalderantz begiratuz gero, Aiako Harriko granitozko tontor bikainak, eta, ekialdean, berriz, Larhun mendiko gailurrean, ostatu erraldoiak, TDFko antena itzela... turismo eta teknikaren izenean eraikitako monumentu eroak. Azkenik, hegoaldean, Saioa, Mendaur, Arxuria eta Nafarroako mendi anitz.

Ibardingo bentak

Begien aurrean dugun guztia identifikatzen luze joko genuke, eta, gure interesa ase ostean, martxan jarriko gara. Ekialderantz hedatzen den gandorrari helduko diogu, eta 10. mugarria atzean utzi eta garolekuaren ondotik doan aldapan behera jaisten hasiko gara. Azkar galduko dugu altuera, eta, haitzen artean bidezidorra bilatu aurretik, Manddaleko harrespilaren ondotik pasatuko gara. Historiaurreko monumentu megalitiko horretatik gertu, egungo zibilizazioaren aztarnak daude: Ibardingo bentak. Dendak, tabernak, jatetxeak, aparkaleku mordoa... ohikoa da inguru hauek asteburuetan jendez mukuru egotea, egun-pasa egiteko leku aproposik ez balego bezala.

Benten gainaldean, GR-10aren bide seinale zuri-gorriak utzi eta horren ezker aldera jaisten den aldapari eutsiko diogu segidan, lakuraino zuzentzen den pista zabaletik aurrera eginez. Batzarlekuko ingurua atzean utzi, eta lakura gerturatzean, horren urak eusten dituen hormara gerturatuko gara. Beste aldera pasatu, eta handik ateratzen den xendatik iparralderantz joko dugu. Laster, borda baten ondora iristean ikusiko dugun bidegurutzean, ezkerreko bidea aukeratuko dugu. Xoldoko gaina mendiaren magalean zehar marrazten den bidea segituz, Kalbariora gerturatuko gara. Malda labur bat gainditu, eta kaperaren ondora igoko gara. Toki paregabe hoti atzean utzi, eta Larretxeko Borda etxe multzora jaitsiko gara. Hortik, Biriatura Perdrixko gandorrrik txikienaren azpitik pasatzen den bidea bilatuko dugu, eta hortik erraz egingo dugu aurrera ibilaldiaren hasieran hartu dugun bidearekin bat egin arte. Aldapan behera, Biriatura itzuliko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather