Ibilbideak

Erdoizta, Iturriotz, Indo, Mendibeltz, Gazume

  • Herrialdea: GIPUZKOA
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Erdoizta, Iturriotz, Indo, Mendibeltz, Gazume
  • Distantzia: 11,5 km. 3 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: San Isidro ermita landa eremuan eraikita dago, eta haren arkitektura berezia da: neoklasikoa, hain zuzen ere.
  • Abiapuntua: Iturriotz (Aia)

Mendi ibilbidea

Erdoiztako ermita

San Isidro ermita landa eremuan eraikita dago, eta haren arkitektura berezia da: neoklasikoa, hain zuzen ere.
Ermita soila da, borobila eta apaindurarik gabea.
Ermita soila da, borobila eta apaindurarik gabea. MIKEL ARRIZABALAGA

2020-09-15 / Mikel Arrizabalaga

Ibilaldi zirkular honek oso ezagunak diren lurrak zeharkatzen ditu. Iturriotzeko benta zaharretik abiatu, Granada erreka aldera jaisten hasi eta, Indo, Mendibeltz eta Gazume mendien magalean marrazten den bide zaharretatik Erdoiztako San Isidro ermita bisitatuko dugu. Zirkulua ixteko, Indo, Mendibeltz eta Gazume mendien tontorrak zeharkatuko ditugu abiapuntura jaitsi aurretik.

Iturriotzeko benta zaharrean emango diogu hasiera ibilaldi honi. Herniora doan ohiko bidea hartu ordez, bentaren eskuinetik ateratzen den porlanezko bide zabala hartuko dugu. Bertatik, kilometro eta erdi pasatxo egin dugunean, gure ezkerrera, pinudian sartzen den bidea aukeratuko dugu. Bide horrek baso mota desberdinak zeharkatzen ditu: pinudiak, pagadiak eta hurriztiak daude, batik bat. Lapurzulo eta Altzako errekak zeharkatzen ditu bideak, eta, balizaturik gabeko bide honen amaierara iristean, Erdoiztako auzora helduko gara. Bizpahiru baserri baino ez daude. Horietako bat, garai batean 20-30 haur biltzen zituen eskola izan zen. Haien ondoan, San Isidro ermita dago. Landa eremuan eraikitako ermitaren arkitektura berezia da: neoklasikoa. Pedro Manuel Ugartemendia andoaindarrak altxatu zuen 1808an. Eraikin soila da, borobila, apaindurarik gabea eta bi zilindro zentrokidez osatua. Kanpoko gorputzak solairu bakarreko 16 metroko diametroa du. Eraztun modura egina dago, eta erdia baino gehiago ataritarako erabilia dago. 2003an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen.

Ibilaldiarekin jarraitzeko, metro batzuk atzera egin, eta langa bat gainditu eta gero, iturria ikusiko dugu. Horren ondotik, belarretan zabaltzen den bide zabaletik igotzen hasiko gara, Komizolatzako lepora helduz. Bertan gurutze zuri bat ikusiko dugu. GR-35 eta GR-285aren bide seinaleekin bat egingo dugu, baina lehen zatian ez ditugu jarraituko. Gertu ikusiko dugun Indo mendi aldera igotzen hasiko gara, aldapa pikoari aurre eginez. Tontorretik ikuspegi ederra dago: Pagoeta, Izarraitz eta euskal kostaldea. Gandorretik jarraituz, bide balizatura itzuliko gara, eta malda gogorrei aurre egin eta gero, basotik atera, eta bidea leundu egingo da.

Berriro ere, Zelatunera zuzentzen den bide nagusia utzi, eta ezkerretik igotzen den bide zabaletik jarraituko dugu Mendibeltzeko gandorrera igotzeko. Xendan zehar, Gazumeren magala igoko dugu, eta berehala izango gara tontorrean. Hernio aurrez aurre dugularik, leku aproposa da atseden hartu eta inguruaz gozatzeko. Martxan jarri, eta Zaingo Ordekara jaisten hasiko gara xenda nabarmenetik. Borden ondotik pasa eta berehala jaitsiko gara Iturriotzetik Zelatun eta Herniora igotzeko erabili ohi den bidera. Azkar galduko dugu altuera, eta abiapuntura iritsi aurretik, San Joan Bataiatzailaren ermita ikusiko dugu. 1584ko agirietan agertzen da lehen aldiz, eta XVIII. mendera arte abere azokak egiten ziren bertan. Azken aldapari ekin, eta Iturriotzeko bentaren ondora iritsiko gara. Benta XVI. mendearen amaieran eraiki zen, eta urte luzez, jende askoren aterpe eta atsedenleku izan zen. Horien artean, Loiolako San Inaziok gaua pasatu zuen bertan, Paristik Azpeitiarako bidean. Kultur ondasun izendapena eman zion Eusko Jaurlaritzak 2002. urtean.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather